« Pentsamendu puskatua | Pasabidea »
Ur arreak, ur garbiak / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2011
Herri baten hondoratzea Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-11-13
Herri txiki alegiazko bat, Nafarroako ekialdean kokaturik, urpean desagerturik, urtegi batek itoa. Detaile batzuetan Esakoaren eraikuntzan inspiraturik dagoela dirudi, baina ez du horren historia izan nahi inondik ere. Bertzalde, eleberria, gaur argitaraturik, Itoizko urtegiaren inguruko polemikak eta gatazkak pil-pilean zeudela idatzirik dago bere lehen bertsioan, egileak adierazten duenez; izan ere, datak jarri ditu amaieran: “2001eko udazkena (2011ko udaberrian berrikusia)”. Eleberriari interes erantsia ematen dioten kontuak, dudarik ez.
Eleberriko gaurkoan, urtean behin hasi dira herriko auzo ohi batzuk biltzen, bazkari batean, jada edadetuak guztiak, beren oroitzapenak eta istorioak elkarri kontatzen, mahai gainean jartzen, berriz bizitzen. Mahaikideen artean, bi pertsonaia nagusi, narrazioko protagonistak azken batean: Leon, guztiengan memoria onenekoa eta liburu bat egiten ari dena, narratzailearen jokoa garatuko duena, eta Satur, haurtzaroan izaniko istripu bat dela kausa, haur adimenean, eta irudimen eta sentimenetan, gelditu zena bizitza osorako. Narratzailearen memoria bizi eta zehatzak (bertzeenarekin ere osaturik) herriaren historia latzaren ur arreak irudikatuko dizkigu, eta Satur haur handiaren begirada, jolasak eta ateraldiak ur garbiagoetako bizimodu posible baina irrealaren ikur halako bat ditugu. Kontraste horretan, eta bertze osagai batzuetan —ura, haizea, zeru urdina, hodeiak, lurra, sua—, Irigoienek leial jarraitzen dion mundu sinbolikoaren bere eraikuntza dugu berriro ere gaurko nobelan.
Bazkaltiarren oroitzapenak errepublika garaian hasi umetan, gerra eta hurbileko gerra ostean koskortzen joaten dira eta diktadura betean garatuko dute bizitza aktiboa. Tradizioz (inertziaz?) herrixka eskuindarra da errepublika urteetan, baina gutxiengo bat ere badago errepublikano, komunista, anarkista…, gerrako atzeguardian eta gerra ostean jazarpenak eta sarraskiak pairatuko dituen gutxiengoa, jakina. Gero, auzoko batzuk, garaileekin edo haien itzalean ongi babesturik, herriko kazike eta tratulari ustez ahalguztidun bihurtuko dira. Giro horretan, eta autoritarismoa lagun, aurrera aterako da urtegiaren proiektua eta haren hondora joan herria bera, sortetxeak, bizitako bazterrak, soroak, horri guztiorri loturiko bizipenak.
Bazkaltiarren elkarrizketetan, Leonen ahotsa gidari, garatzen da narrazioa, tarteka sartuz liburu proiektu baten —Leonena ere bai— pasarteak, zeinetan Satur dugun erreferentzia nagusia. Bi plano narratibo, beraz, aipaturiko bi zutabe sinbolikoei dagozkienak. Halako bonhomie bat darie bi planoetako giro eta erregistroei, gertakari latzak azaltzen dira mahai gainera, baina zahartzaro lasai bateko talaiatik ikusiak. Garapen kronologikoa, narrazioari jarraitzeko eroso, ongi neurturik erritmoa, ongi ehundurik istorioen hariak, hizkera goxo eta aberatsa, zukan eta tokan.
Irigoienen idazkera ohikoa, bere sintaxi klasikoa, dotorea, goxo irakurtzekoa. Ez dakit, dena dela, horrek ez ote dion ematen arkaismo tonu halako bat narrazioari. Bikain egokia deritzodana Lur bat haratago bertze eleberri hartan, egokia ere bai Orbetarrak trilogian; gaurko honetan, aldiz —paragrafoak, perpausak eta haien arteko loturak motzagoak dira, ez hain konplexuak…—, ez dakit hain egokia den. Edozelan ere, Irigoienen marka dugu idazkera hau, leial eta eguneko haizeen kontra jarraitzen diona, eta deus ere ez dio kentzen bere narraziogintzari, ezta, gaurko honetan bezala, ematen duenean ere bertze idazkera ohikoagoa espero dezakeela ohiko irakurle batek.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez