« Hitzdeologia baterako | Baztan bizirik »
Etakideen ametsak / Markos Zapiain / Elkar, 2011
Ezustean (?) arruntak Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-10-30
Ez dira etakideen kimerak edo amesturiko utopiak saiakera honen ikergaiak. Euskal idazle esanguratsuenetako batzuen fikzioko pertsonaiek, etakideek, euren lozorroetan edo lo arinetan amesturiko istorioak aztertzen ditu Markos Zapiainek gaurko honetan. Ametsen interpretazioan sartzen gaitu.
Zazpi idazleren bederatzi eleberri, analisirako. Bertako pertsonaia gehienen ametsak, espero izateko den bezala, herioarekin loturik. Zer erranik ez, etakide gisa inolako esperientzia propiorik inoiz izan ez duten idazleak dira gehienak, eta beraiek imajinatu dute narrazioen harira zer-nolako ametsetan murgilduko diren euren pertsonaiak, eta mundu zabaleko idazle guztiek, sinesgarritasuna lortze aldera, euren sorkarienganako halako enpatia sentitu behar duten bezala, gure hauek ere horrelaxe sartu behar izan dute nork bere burua etakideen larruan. Horrela, saiakeragileak azterturiko pertsonaiak hedabideetan-eta ikusi ohi ditugun topikoetatik kanpokoak dira, ez daude estereotipaturik gaurko agitprop antiterroristak nahiko lukeen antzera. Hezur-haragizko pertsonaiak dira, bakoitza bere biografiaren zertzeladetan harrapaturik daudenak, bakoitzari une batean edo bertzean altxatuko zaizkiolarik bere mamuak arrazoiaren (ideologiaren) loaldietan.
Erranik doa: Herioa da, kasu gehienetan, altxatzen zaien mamua. Sinesgarria, sinesgarria denez. Baina zer adierazten du horrek? Halako desioa, euren heriotzari deia, Camusek bere errebelde anarkista errusiarrengan atzeman nahi izan zuen bezala? Euren atentatuetan legeak, bizitza legeak, eta euren etika bera ere, haustearen truke euren buruaren sakrifizioa nolabait eskaintzen zutela uste zuen idazle frantsesak. Ez doa ildo horretatik Markos Zapiainen interpretazioa. Pertsonaia ezberdinak dira gureak, tankera eta psikologia desberdinetakoak, nekez bil daitezkeenak interpretazio hari bakarrean. Freuden bideetatik haratago ere joan nahi du gure saiakeragileak: “Etakideen ametsen artean, desirak mamitzen dituztenak ditugu, baina baita desirak mamitzen ez dituztenak ere”. Eta desira horiek “molde batekoak zein bestekoak heriok bidaliak dira”, bai, baina ezin utzi alboan “etakide amesgile bakoitzaren nortasuna besteenaren arras bestelakoa da, eta maiz gainera aldakorra, erakundean sartzeko, bertan jarraitzeko edo uzteko arrazoiak bezalaxe”. Nahiago du interpretazio bide gisa James Hillmanen psikologia, arketipo anitzen joko interaktiboetan oinarritzen dena, eta zeinaren arabera gutariko bakoitzaren nia bera ere bertze fantasia bat gehiago baitugu. Holaxe ere etakideen ametsetako mamuak, nork bereak eta bakoitzaren unean uneko bizipen desberdinen arabera altxatuak.
Literaturan oinarrituriko ikerketetan Zapiainek ohi duen bezala, jatorrizko testu luzeak ekartzen ditu saiakeraren orrialdeetara, gure kasurako amets guztien transkripzioa, jakintzat eman gabe irakurlearen memoriaren freskotasuna. Testuak begien aurrean, errazago jarrai diezaiokegu saiakeragileari bere peskizetan, eta errazago ere heldu haren inpresio berberera: alegia, etakideen ametsak gureak bezain anitzak, lazgarriak edo goxoak eta edonorenak bezain aldakorrak direla.
Eta Markos Zapiainek, ohi duen bezala, maiz ibilitako bideetatik kanpo joateko ahalegin eskertzekoa eskaini digu honetan ere, ezusteko angeluetatik enfokatuz bere kamera intelektuala, argi errainu esanguratsuagoen bila betiere. Ezustekoa, kasurako, azken ondorioa, literaturarekin maitemindu batena: pentsa liteke “ETAren ekarpenik handiena Euskal Herriari ETAri buruzko euskal literatura izan dela”.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi