kritiken hemeroteka

7.325 kritika

Azken kritikak

« | »

Grimm anaien berrogeita hamar ume ipuin / Jacob eta Wilhelm Grimm (Ipolito Larrakoetxea "Legoaldi") / Labayru, 2001

Grimm anaiak bizkaitarrak ei ziren Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-06-01

Tamalgarria litzateke horrelako klasiko bat ia ezari-ezarian igarotzen uztea. Atsekabe hutsa euskal itzulpenaren baranoan klasikoak urre gorria baino kuttunagoak ditugulako. Nahigabekoa gutxitan argitaratzen direlako gurean horrelako lanak, hau da, liburu itzuliaren gaineko edizio kritikoa edo eguneratua. Penagarria, Iipolito Larrakoetxeak euskaraz emandako Txapelgorritxok Peru eta Mariren senidea dirudielako. Mingarria horrelako bizkaiera freskoa gaurko euskal irakurleon begietara ez heltzea. Saminezkoa jakintsu apal horrek merezi duen itzala ez aitortzea.

Ipolito Larrakoetxea abadea (1892-1976), luma ezizenez Legoaldi, euskal itzulpengintzan ezagun baino ezagunago den beste itzultzaile baten anaia zen, Shakespearen lanak euskaratu zituen Benito Larrakoetxearena. Ez zuen itzulpengintza arrotz. Eta ez zen mugatu ume ipuinak itzultzera, Codex Iuris Canonici ere eman zuelako, besteak beste. Noizbait euskal itzulpengintza laikoak bere egin beharko dituela eliz gizon-emakumeen testu itzul isil-gordeak. Testuz ez gabiltzalako hain aberats! Abadetzari oratu ostean, han-hemenka ibili zen atzerrian eta misioetan eliz lanetan, irakaskuntzan eta ikerketan, baita deserrian ere bere burua frankistengandik babesteko. Hainbat hizkuntza ikasi eta landu behar izan zituen. Grimm anaienak itzuli ei zituen ikasitako alemana sendotzearren.

Jatorrizko liburua 1928. urtean jaio zen mundura. Egokiera horretan gure hizkuntza ez zen ibili ohi bezain atzeraturik. Garai hartan joera garbizaleak nagusi ziren arren, —Legoaldik oinarri-oinarrian batez ere Sabino Aranak proposaturiko eredua erabili zuen—, ipuinak erraz askoan ulertzen dira, idazleak argiro dioskulako umeei irakurgai erraz eta goxoak eman gura dizkiela. Bidea aukeratzen jakin zuen, aukeratzat zituelako edo guztiz garbizalea izatea edo lau eta erraz jokatzea. Berak zioen modura, garbikeriarik ez, mordoilokeriarik ere ez. Berba zaharrak azalpenez hornitzen zituen. Asmo zuen euskara erraza, umeek irensteko modukoa. Ondorioz, hizkera ulergarri eta komunikatiboa landu zuela esan genezake, ukitu garbizaleak eta enparauak gorabehera.

Berrogeita hamar ipuin horietako dozenaren bat edo beste banaka agertu ziren Eusko Deya eta Euskal Esnalea aldizkarietan. Noizbehinkakoetatik liburu modura agertu artekoan aldaketak izan zituzten, izenburuetan zein bestelako osagaietan. Lehendik ere, estiloan ere bilakabidea izana zuen idazleak, betiere irakurlearen beharrizanetara egokitzearren. Hitzetik hitzera baino, modu nasaian euskaratu zituen ipuinok. Zenbateraino eta Grimm anaien pertsonaia batzuei izena aldatzeraino. Toponimoak ere Euskal Herrikoetara ekarri zituen. Segur aski egun ez litzateke oso ulergarri edo onargarri horrela jokatzea. Baina garaiko asmo didaktikoa ez da atzendu behar. Egia da, lana ez da itzulpen hutsa, bolada batean hain indarrean izan ziren moldapen edo egokitzapen horietako bat baino: horra hor liburua aditzera emateko beste zio bat. Badakigu alemaneratik zuzenean bihurtu zuela euskarara. Beste ekarri bat ere gehitu zion: euskal mitologiako edo elezaharretako osagaiak sartzea. Hor ez ezik, inoiz edo behin, bere kabuz, ikasbidea edo ondorio morala erantsi ei ere zien. Inoizka, ahoz kontatzen balego legez, irakurleari ere berba egingo dio, egilearenganako fideltasuna galtzaile utzita asmo pedagogikoaren eta jator zalearen aldean.

Ez dirudi Grimm anaien ipuin unibertsal horiek aurkezpen handirik behar dutenik. Euskaraz ere hainbat bertsio eta edizio izan dituzte. Asmo filologikoa eta poetikoa bat egiten gutxik legez asmatu zuten anaiok.

Edizio kritiko edo iruzkindu aberatsa den arren, batasun ahalegin handiagoa eskatu behar arduradunei, azaleko izenburuan marrarik agertu ez arren, adibidez, aipuetan liburuaren izenburuan marra agertzen delako. Edo bizkaieraz idatzia izan arren, paratzaileek ez dituzte beti modu berean betetzen Euskaltzaindiaren arau-aholkuak. Hitz elkarketetan ere ez dago oso argi zein den eredua marratxo zorionekoa dela bitarte. Guztiarekin ere, Ana Atutxak ikerlerik jakingurakoena ere aseko du, hainbat ohar eta jakingarri paratu dituelako sarreran, baita zelako aldaketak egin dituen argiro azaldu ere. Lan eskerga, oinarri sendokoak. Garbiro azaltzen ditu egilearen idazkeraren ezaugarriak eta eguneraturikoarekiko aldeak ere. Eta horri guztiari gutxi iritzita edo, ume literaturaren eta euskal itzulpengintzaren gaineko ikerketatxoak eta jakingarriak ere badakartza.

Akats txiki moduan aipa genezake edizio hau osotoro ez izatea ez ikerleentzat, ezta haurrentzat ere. Ez litzateke burutazio txarra izango ipuinak eurak bakarrik argitaratzea. Amaieran hiztegitxoren batek ere ez lioke batere kalterik egingo, dialektologian guztiz aditua ez denaren mesedean. Erdibide horretan geraturik ere, nagusiek ederto asmatuko dute liburuak dakarren altxorra umeei helarazten, orrion mardulak atzera eragin ez diezaien. Eta, esan legez, mende hasierako bizkaiera eta hitanoa ikertu gura dituena ez da aspertuko. Ezta ahozkotik halako hurbil dagoen eredu idatzian egungo prosarako ereduak bilatzen dituena ere. Eta jakin-minak jota dagoenak leitzea du jatorrizko liburuaren azalaren inguruko azalpenak, beste kontakizun eder bat izango du-eta erregali. Ene, eta Hermesen grabatuen ederra ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez!

Azken kritikak

Kontrako eztarritik
Uxue Alberdi

Sustrai Colina

Jamaikako neska
Joxemari Iturralde

Javier Rojo

Mari-mutil handi baten bluesa
Leslie Feinberg

Onintza Irureta Azkune

Idazleen gorputzak
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Oroimenaren xaflakortasunaz
Paloma Rodriguez Miñambres

Javier Rojo

Urtaroak eta zeinuak
Jon Gerediaga

Igor Estankona

Maitasun keinu bat besterik ez
Hasier Arraiz

Iratxe Esparza

Hezurren erretura
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Deklaratzekorik ez
Beñat Sarasola

Javier Rojo

Mundutik mundua
Edu Zelaieta

Javier Rojo

Hezurren erretura
Miren Agur Meabe

Amaia Alvarez Uria

Iraganaren izterrak
Gorka Salces Alcalde

Igor Estankona

Jamaikako neska
Joxemari Iturralde

Estibalitz Ezkerra

Iraganaren izterrak
Gorka Salces Alcalde

Javier Rojo

Artxiboa

Abuztua 2019

Uztaila 2019

Ekaina 2019

Maiatza 2019

Apirila 2019

Martxoa 2019

Otsaila 2019

Urtarrila 2019

Abendua 2018

Azaroa 2018

Urria 2018

Iraila 2018

Hedabideak