« Jolasteko gogoa | Isiltasuna »
Uso bat gehiago / Patxi Ezkiaga / Ibaizabal, 2002
Geure baitara itzuli Igor Estankona / Gara, 2002-06-01
Uso bat gehiago narrazio labur batekin hasten da. Tonu magikoan idatzitako gutun baten antzekoa da, liburuari portale lanak egiten dizkiona. Ume batek galderak planteatzen dizkion agure betaurrekoduna ezagutzen du. Han aipatzen da lehenengoz Matxinbenta, liburuan errepikatuko den lekua, edo deslekua. Limoizko tintan idatzitako istorio bat oparitzen dio agureak umeari, Axularrek birkreatutako alegi bat. Benetako aberastasuna eskuzabaltasunean dagoela azaldu nahi dio haren bidez. Narratzaileak hain lagun duen Estherri idazteko baliatzen ditu istorio hauek, bere haurtzaroaren eta agurearen arteko gorabeherak. Liburua itxi ere horrela ixten da, gutunaren amaiera itxaropentsuarekin, oinazea dagoen lekuan ezinbestean laztana ere badagoela berretsiz. Jainkoaren gurutzea zein sehaska, biak eizirelako egurrezkoak.
Samurrena bi narrazioen artean dago, ordea, poesiaren lurraldean. Ez dugu esan nahi narrazioa sobera dagoenik, baina ez du klabe handirik edo gozamen literario larregi eskaintzen. Gure burua kokatzeko eta filosofiaz gainezka datorren liburua ireki berri dugula ohartzeko erabil dezakegu. Poesia filosofikoa, aho biko labana izan arren, ederto darabil Patxi Ezkiagak, ikasgaiak ateratzeko baino areago tradizio judu-kristauari errepaso txiki bat egiteko balio baitu. Prosa poetiko zolian gauza askoren gaineko gogoeta egiten da. Kondaira itxura dute piezetako askok, beste batzuk bizipen hutsean oinarriturik daudela dirudien bitartean. Ez dauka garrantzi handirik bereizketa egiteak, hala ere. Esan dezagun kontzeptu handiei heltzeko —bakea, guda, dena— bi moduak lantzen dituela: hurbiltasunarena eta urruntasunarena. Mikroskopioa eta teleskopioa konbinatuz bakarrik uler daiteke maiz errealitatea. Gauza handienen metaforatzat txikienak jarriz eta alderantzizko bidea eginez gero. Ahozko tradizioaren kutsua nabari da gauzak kontatzeko eran. Kontaketan ari zaigun norbaiten esanak entzuten ari garela senti dezakegu, narrazioaren eta poesiaren arteko marra non dagoen igartzea zailduz. Alde batetik, egiazko zein egi itxurako gertaerak handietsi eta edertu egiten ditu. Bestetik, jadanik gure kulturaren zati diren pasarte garrantzitsuak berritu eta asmatu egiten ditu berriro. Adan eta Eba agertzen dira, eta deabrua, eta gure hasiera. Zuriaren eta beltzaren besarkada garela nabarmentzen du behin eta berriz. Dialektika hori onartuz soilik egin daiteke aurrera orrialdeotan.
Beste kontu bat da, halabeharrez irakurlearen esku utzi behar dena, gertaeretara hurbiltzeko modu egokia den edo ez erabakitzea. Batzuetan argi dago balio eskala deritzon itxurakeriazko horma hori irauli egin behar dela beste bat sortzen ahalegintzeko. Edo, helburu hori gehiegizkoa iruditzen bazaigu, gutxienez duda egiteko. Patxi Ezkiagaren liburu honek askotan ez du bide hori hartzen eta gauzak “barrutik” jarri nahi ditu ordenan. Bide berriak aurkitzea zein bide zaharren beste irakurketa bat egitea ariketa onuragarriak dira biak. Iraultza lasaia da hemen proposatzen zaiguna. Lehenengo eta behin, onaren eta txarraren bereizketa ordezkatuko duen errebisioa egitea. Gero, aprobetxa daitekeena erabiltzea. Askok pentsatuko du hobe dela dena pikutara bidali eta zerotik hastea, poesia totalagoa eginez. Agian bai. Baina liburu honek beste aukera batzuk ere badaudela gogorarazten digu.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria