« Hurbileko kontuak | Izatearen funtsa »
Odolbildua / Josu Landa / Susa, 2002
Kolpeka beti Aritz Zubiate / Gara, 2002-05-25
Kronika honen izenburuak Zarama rock taldea gogoraraziko dio bati baino gehiagori. Bilbo Handia deritzan mega-hiritik paratutako ahapaldi mingotsak, No future-aren eraginez zipriztindutakoak. Santurtzi ez dago Portugaletetik urruti, hala ere, orriotara dakargun liburua ez da gangardun garagardozalez eratutako istorioa, iragan urrunagoan bilatu baitu autoreak kokaleku egokia. Nerbioiko ibar ezkerrean, Portugaleten, girotutakoa da eleberri hau. Frankismo zapaltzaileenaren sasoian, zelatariz, konfidentez eta langile urdinez beteriko munduan. Tximinia garaien eta urbanizazio kaotikoaren sasoiak, autoritarismo itogarrienarekin batera, ezin egokiagoak dira nobela beltzerako.
Zuri-beltzezko filmen giroa dakarkigu burura, baina Euskal Herrian kokatua, beharbada horregatik ez da protagonista saxofonista beltza, kontrabandista taldea baino. Duintasunez dirauten gaizkileak ekartzen ditu Landak, etika eta printzipio minimodunak, berdintasun eta justiziaren alde apustu egindakoak, gerrate guztien galtzaileak (Makinavaja?). Azken batean, marxismoaren inguruan sortutako gizarte teoriek dimentsio politikoa eskaini diote delinkuentzia “zibilari”. Liburuaren aurkezpenean bertan, helburu nobela beltza zuen arren “pertsonaien nobela” atera zitzaiola aipatu du autoreak. Sakonak, bizidunak, kontraesanez josiak, gandu artean galdutako iragandunak. Kolpatuak, bizitzak eta heriotzak gogorki jo dituenak; geroa azkazalez urratu behar izan dutenak. Gerra Zibilean eta eguneroko gatazka guztietan okerreko aldea aukeratu dutenak, zapaldu betierekoak.
Kirolen esparruan boxeoaren aukeraketa ez da ausazkoa izan, nahiz eta “ogi eta zirkuak” osatutako koktel frankistaren alderdi ludikoa futbola zen. Akaso gimnasioetako izerdi usain sarkorra eta entrenamenduetako bortizkeria direlako sakrifizio pertsonalaren adierazpide gorena, duen alderdi zinematografiko ukaezina ahaztu barik.
Emakumezko protagonista aurkitzen dugu, “gaizkileen” buruzagia, Mentxu. Hasieran lekuz kanpo, derrigorrez sartuta badirudi ere, aurrera joan ahala koherentzia berezia bereganatzen du liburuaren baitan. Anakronikoa irudi lezake andrazkoak sukaldeari eta familiari lotuta zeuden garaian semealabarik gabeko botikaria aurkezteak, baina horretarako aukera eskaintzen du fikzioak, eta horixe da literaturaren alderdirik behinena, fikzioaren eta errealitatearen arteko oreka ezinezkoa. Genero zapalkuntzak galtzailearen irudia sendotu eta gizonekiko gatazkak areagotzen ditu, garaiko harrokeria matxista mintzeraino, zurrumurruek Santos Mentxuren txotxongilotzat jotzen dutenean, esaterako. Bizkaian kokatuta egoteak bizkaierazko hamaika berba sartzera eraman du autorea, hala ere, ez da bizkaieraz idatzitako nobela.
Landaren hirugarren lana da hau. Izan ere, 1980 eta 83koak dira orain arte argitaratutakoak, “Haizearen itzalak”, poesian, eta “Ipurtargi beltza”, ipuin eta poemak. Gomendagarria oso, mundu guztiak zoriontsu eta errugabeko dirudien mundu honetan, guztiz fagozitatu gaituztela dirudien uneotan, bihotz barruan zokoraturik daukagun erromantizismoa berreskuratzen laguntzen digu. Behin baino gehiagotan esan izan da heroiak ez direla batere literarioak. Ez genuke marjinalaren apologiarik egin nahi, baina galtzaileen eta ahulen alde egitea aukera etikotzat dutenentzat nobela paregabea da.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez