« Sorginetan sinesten | Gizaki hustuak »
Zamaontzia / Iñigo Aranbarri / Susa, 2011
Abandonuaren ispiluak Ibon Egaña / Deia, 2011-06-25
Nerea Vallejo narratzailearen ahotsak josten ditu Iñigo Aranbarriren hirugarren eleberria osatzen duten argumentu-hari askotarikoak: neskaren aitona Mateo Vallejoren egiazko identitatearen bilaketak eta frankismo garaiko memoriaren berreskurapenak osatzen du ardatz nagusienetakoa; bigarrena, aldiz, Nerea nerabe zela Abra itsasadarrean abandonatuta geratu zen zamaontziko marinelen nora ezak, herritarrek haienganako zituzten mesfidantzek eta Edwin marinel filipinarrarekiko harremanak. Horiez gain, Nereak amarekiko zein aitarekiko izan dituen harremanek ere badute lekurik eleberrian. Hari horiei guztiei narratzailearen ahotsak ematen die batasuna, baita Abra itsasadarrak berak ere, Nerearen oroitzapenek birsortzen duten gaztaroko portuko geografiak, zeinak, aldeak alde, Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr Churchill? ekarri baitit gogora.
Nobelak aurrera egin ahala ohartzen da irakurlea argumentu eta pertsonaia solteek lotura estuagorik ere badutela eta fikzio-hari hainbatek elkarren ispilu funtzioa betetzen dutela kontakizunean: Edwin, Mateo aitona eta Nerea elkarren ispilu direla hein batean, guztiek bizi izan dutelako abandonua forma batean edo bestean, eta baita boterearen larderia ere (jatorri, arraza edo generoagatik). Zenbaitetan, dena den, zalantza sortu zait aski ote den paralelismo hori eta batasun tematikoa bilatu nahia elkarrekin zerikusi gutxi duten argumentu-hari batzuk nobela bakarrean batzeko. Alde horretatik, Edwinek eta zamaontziak Nerea eta aitonaren bizitzetan hartzen duten protagonismoa ez dakit narratiboki justifikatuta dagoen, nahiz amaieran halako justifikazio bat ematen den.
Narratzailearen ahotsa eta hark pertsonaiekiko zein istorioekiko ezartzen dituen distantzia-maila desberdinak dira, bestalde, Aranbarriren konta-oldearen lorpen aipagarrietakoa. Batetik, hiru denboraren artean dabil narratzailea: oraina, bere nerabezaroa eta gerraosteko aitonaren haurtzaroa ederki lotuz. Orobat, pertsonaiekiko urruntasun/hurbiltasunarekin jokatzen du: narrazio nagusia aitari zuzentzen dio, bigarren pertsonan (Kafkaren Aitari gutuna gogoraraziz); hurbileneko izan zuen pertsonaia, aitona, aldioro izen-abizenez izendatuz halako distantzia markatzen du eta ama aitatzean “ama” edo “Lu” gertukoak darabiltza pertsonaia hurbilagotuz… Hala, plano batetik bestera egiten du trebeziaz idazleak. Orobat, interesgarriak begitantzen dira narratzaileak etengabe memoriaz, hura berreskuratzeaz eta hark dakartzan faltsutzeez egiten dituen gogoetek, mitifikazioari ihes eginaz eta zenbaitetan bere buruaren eta prosaren gaineko distantzia ironikoa ere iradokiz eta ahotsari sinesgarritasuna erantsiz.
Maisua da Aranbarri elipsiaren erabileran eta halaxe katigatzen du irakurlea nobela honetan ere lehen orrialdeetatik, arretaz ibili beharko baitu nor zein den ebazten, hari desberdinen arteko loturak sumatzen. Elipsiak, baina, badu arriskurik eta iruditu zait liburuaren erdiraino intriga mantentzen badu ere, behin ezkutaturikoa azaleratu eta irakurleak puzzlea osatzea lortzen duenean, eleberriaren erdi-parean-edo, hein batean ahuldu egiten dela hasieran sortzen duen jakin-gosea, eta halako desoreka bat dagoela hasierako iradokitze soilaren eta aurreragoko esplizitazioaren artean.
Edonola ere, erdialdera arte bikaina iritzi eta bigarren partean ahulxeago egin zaidan arren, liburu gogoangarria idatzi du Aranbarrik, pertsonaia sendoak, ahots sinesgarria, jakinmina sortzen duen trama ondo josia eta sentimentalismoari izkin eginda (ertzean ibili arren, amaiera aldera) hunkitzeko gaitasuna duena, ohikoa duen prosa berdin gabekoaz idatzi ere.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi