kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Joan-jinaren labirintoan / Jose Angel Irigaray / Pamiela, 2002

Inora heldu nahi ez duen mintzo heldua Fito Rodriguez / Euskaldunon Egunkaria, 2002-05-18

Batek olerki liburu hauxe naturaren aldarria dela pentsa dezake; beste batek, ordea, soseguaren bila korritutako urratsen berri ematen duela, edota barne bidaiaren kronika dugula, akaso. Jose Angel Irigarairen azken emanak, halere, ez du sorpresa handirik ekarri berean; aurrekoaren segida dugula esaten ausartuko nintzateke, ibiltari kroniko bezain sosegatu, natural bezain ikasi baten emaitza dela jakingo ez banu.

Bidai kronikak bidaiatu ondoren egin ohi direla pentsatu izan da sarritan. Ez omen da hala izaten. Tzvetan Todorovek (Les morales de l’histoire. Grasset. Paris. 1991.) bidaiei buruzko kondairek egingo diren bidaiak baldintzatzen dituztela frogatu zigun. Hau da, kanpoko zein barneko bidaiak bereizi ezinezkoak diren neurrian, mugitu aurretik idazten dugula bidean aurkituko duguna. Horra hor, mintzoaren ekoizpen gaitasuna. Hona hemen, horren adibidea. Horregatik, badago egon, ene uste apalean, Jose Angel Irigarairen olerki liburu honetan, bere aurreko urratsen jarraipena.

“Urak dakarrena urak daroa…” zena, gaurko honetan, “Erreka garden eta kantaria etengabe iturburuari jarioan” bihurtu bada ere, sinbolismo naturalaren ibileraz heldu da guregana.

Jose Angel Irigaraik mitologia oso bat ekoitzi izan du orain arteko bere barne hautuetan: Orbaizetako olak, Aiezko mendiak, Erronkariko ibaxa… nola xin, kala fan… gaurko joan-jin-aren euskal labirintoa irudikatu arte. Ibilera ez da eten.

Mendebaldeko gizartean, barne eta kanpoko bidaiak kontrajarriak izan dira. Pascalek edo Chateaubriandek barne bidaia goraipatzen zuten ibilera mundutarren kaltetan: “Gizakiak ez du bidaiatu behar, ezer ezagutzeko ezagutza bere baitan baitago”, zioten. Modernitateak bidaiaren kultura unibertsala ezarri zuen norberaren kulturaren gainetik: “nazionalismoa bidaiatuz sendatzen da”, entzun behar izan diegu ilustratuei (D.Nordman. Un tour de France Royal. Le voyage de Charles IX. Aubier. Paris. 1984).

Jose Angel Irigarairen mintzoan, mendebaldeko jite eskizofreniko hau gainditurik geratzen da. Izan ere, kanpoko ibilerak barneko urratsen arabera ditugu irakurgai, pentsagai… aurkezgai…. mintzagai… Hortik, agian, liburuaren lau ardatzak: alde batetik, gaueko ibilerak iluntasunean ez galtzeko, eta iluna irakurri ahal izateko.

Bestetik, egunsentiko amodiozko pentsamenduak, non Gaston Bachelarden antzera, maiteminaren egia eta egiarekiko maitasuna irrits egiten zaizkigun etengabe.

Hirugarren atalean, aurkezgarriak bezain ebatzezinak diren hitz-jokoak, hitz aspertuak, hitz galduak; azkenik, aurreko sintesi joera laburrari kontrajarriaz, mintzo luzeen laugarren atala.

Azken honetan datza aipatu lau osagaien eremua, non musikak nahiz literaturak, eta sentimenduak nahiz filosofiak poesiaren oinarria berregiten duten. Aspaldiko mitotik gure mintzo berritua.

Knosos birrindua izan zen, eta Kreta desegina, baina Minotauroren labirintoak iraun du orain arte. Jose Angel Irigarairen mintzoak ez du inora heltzeko helbururik, bidaian dabil, baina bere gaitasun poetikoa gero eta helduagoa da.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak