kritiken hemeroteka

8.625 kritika

« | »

Etxeko hautsa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2011

Erraztasunaren ajeak Beñat Sarasola / Berria, 2011-06-05

Anjel Lertxundi gure gauzaz idaztera itzuli da Etxeko hautsa-n, aurreko hamarkada hasierako Zorion perfektua arrakastatsu hartan egin bezala. Bere azkeneko nobelei jarraiki (Ihes betea, Zoaz infernura, laztana), narrazio molde nahiko konbentzional baten bidez idatzi du Gorka Martiarena narratzaile eta protagonistaren istorioa.

Buruko gaixotasun ezezagun batek jota dago Julian aita, eta urteetan pilatutako zor moralak sendatze aldera-edo, hari idaztea deliberatzen du semeak. Zati handi batean bigarren pertsonan idatzitako nobela honetan, beraz, aita-semeen harreman gatazkatsuaren berri izango dugu, eta baita semearen gaztetako giro eta endredo politikoen berri ere. Semearen idazki hori da, hain zuzen ere, irakurleak esku artean izango duena —salbu eta amaierako epilogo txiki bat—. Istorioa, nobela guztian Neska gisa ezagutuko dugunaren etxerako bisitarekin hasten da, zeinak ETAko bi kide autoz eraman ditzan eskatuko baitio protagonistari. Neskarengandik sentitzen duen erakarpena dela medio-edo, eskatutakoa onartu eta zalantza eta zama moral horrek erasango dio narratzaileari kontakizunaren lehenengo zatian.

Hasiera, Gorkaren duda-muda etengabe horietan estekatuta, errepikakor eta tentsio narratiborik gabekoa da, eta nobelaren zenbait gabezia aurreratzen ditu nolabait. Izan ere, inpresioa izan dut istorio hau hamaika aldiz entzuna nuela lehenago: gaztetan ETArekin flirtean ibili ostean orduko kontuez damutu eta mundu hori bere kontra bihurtzen dela. Edukiaren beraren epai moraletan sartu gabe, uste dut aski argia dela halako narrazioak topiko bihurtu direla dagoeneko gurean. Eta, seguru asko, horixe da literaturak ekidin behar dituen gauzetako bat, topikoak adoretzea. Hala, ez da harritzekoa istorioko pertsonaia ugari ere aski estereotipatuak izatea. Katxas, esate baterako, zeina ETAko kide heroiko tipikoaren kalko zehatza baita. Eta euskal gatazkaren inguruko narratzailearen hausnarketa ugari ere ildo berean doazela iruditu zait: arrazoia/pasioa, sexu-askapena/sexu-errepresioa, lidertza/obedientzia, eta abar. Berriz diot, auzia ez da hainbeste gure historiaren irudi benetakoa islatzen ote den, baizik eta errepikaren errepikatzeaz ideia hauetako ugari xahutuak eta are hustuak geratu direla, batez ere literatura egiteko. Horregatik egiten da istorioa, zati askotan, aski aurreikusgarri eta sinesgaitza, guztia lotuegia dagoelako eta konbentzio etiko-estetikoei gehiegi egiten dielako men.

Narrazioaren beste ildo nagusia aita-semeen arteko harremana da, aurrekoarekin lotuta dagoena, jakina, baina gertutasun apartekoa hartzen duena narratzailearen bigarren pertsona horren ondorioz. Antolaera narratibo honek Miguel Delibesen Cinco horas con Mario-rena gogorarazten du, eta ez da txunditzekoa, hortaz, amaiera aldera obra hori behin baino gehiagotan aipatzea —omenaldi modura-edo—. Semearen aitortza hauek tarteka irakurlea kolpekatu badezakete ere, oro har irregularrak iruditu zaizkit, zenbaitetan halako ukitu naifa ere badutenak —nagusiki hasieran—.

Baiki, Lertxundiren idazkera bikainaren adibide ugari topatuko ditugu hemen ere, nahiz eta beste lan batzuekin alderatuz oraingoan ere ez zaidan iruditu hain bikaina, eta paragrafo bat baino gehiago da borobil eta eder askoa. Baina hori, oriotarraren tamainako idazle baten kasuan, esan gabe doan zerbait behar luke izan. Oriotarraren azkenaldiko nobeletan inpresioa izan dut, istorioak sortzeko bere abilidadearen kariaz-edo, erraztasun handiegiz idazten ari zela, eta Etxeko hautsa-n inpresio hori areagotu baino ez zait egin.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak