« Ez naizena naiz | Aztoramenean, giza-etologia »
Giltzurrun-harriak / Milena Agus (Fernando Rey) / Denonartean, 2010
Giltzurrun-harriak Ander Arana / Diario de Noticias, 2011-05-21
Narratzailearen amona, giltzurruneko harriak direla-eta umerik eduki ezin duen emakume bat, bainuetxe batera doa bere gaitza sendatzera. Han, maitemindu, eta ezkontzaz kanpoko harreman bat izanen du eritasun bera duen gizon batekin, Beteranoarekin. Horra, labur-labur, liburuaren atzeko azalean ageri dena. Saia gaitezen orain irakurleak horren atzean zer aurkituko duen zertxobait argitzen.
Liburua ez dela autobiografikoa eta kontatzen duen istorioa “goitik behera asmatua” dela adierazi zuen Milena Agus italiarrak elkarrizketa batean, baina aldi berean aitortu zuen bere familian izandako zenbait gertakari kontserbatu nahiak bultzatu zuela Amonaren eta Beteranoaren arteko maitasun istorioa kontatzera, eta, orobat, aitortu zuen “amona ni neu naizela, nire antz handia duela”.
Maitasunaren xerkan ibiltzeagatik erotzat hartzen dute Amona, eta haren ibileren kontakizuna da eleberri hau, Milena Agusen unibertso txikiaren oihartzuna hamaika hizkuntzatara hedatu duena. Ukitu erotiko eta are pornografikoak ere badituenez, ilobaren ahotsa baliatu behar izan du Agusek istorioa kontatzeko; izan ere, hirugarren pertsonako narratzaile horrek pasarte lizunenetako xehetasunak bere gordinean emateko aukera ematen dio, eta, ilobaren ahots gazteari esker, erabateko askatasunez idazteko aukera dauka, kontatzen zaigun guztia ez bailitzateke ondo ezkonduko amona baten ahotsarekin.
Metafora bat da Giltzurrun-harriak, harriok nahitaez askatu beharko ditugulako, baldin eta bizitzan maitasuna eta zoriontasuna kausituko baditugu. Nobelan zehar, garrantzi handiko gertakari historikoak azaltzen dira: Bigarren Mundu Gerra, Cagliariren bonbardaketa, aliatuen aurrerabidea… baina Amonari horrek guztiak ez dio axola, ardura dion gauza bakarra maitasuna baita, eta, hori lortzearren, edozer egiteko prest egongo da.
Agusek uste du guztiok bizi dugula gatazka bat, amesten dugun bizitzaren eta benetan bizi dugun bizitzaren artekoa; bakoitzak bere modura askatzen du korapilo hori, eta, egileak aitortzen duenez, “Amonak eta biok idatziz gainditu dugu arazoa”.
Nobelaren azken orrialdeetan istorioak hartzen duen 180 graduko bihurguneak orain arte argitu ez duguna argituko dionez irakurleari, utz dezagun hemen kontakizuna.
Denonartean zigiluak Milena Agusen aldeko apustua egin bide du, eta ez du ematen, ez, kale egin duenik. Izan ere, bere lanei darien samurtasunari eta originaltasunari esker, idazle italiar hau arrakasta handia eta sari andana irabazten ari da nonahi. Iaz haren azken lana argitaratu zuen —Kondesa esku guria (2010)—, eta orain sardiniarraren libururik ospetsuena dakarkigu, Fernando Rey iruindarraren eskutik oraingo honetan ere, eta hori ere, jakina, bermea da egindako apustuak arrakasta izan dezan. Diseinua da, egileaz eta itzultzaileaz gain, Denonartean zigilu nafarraren apustuaren hirugarren hanka, Ander Irizar lankideak Kondesa esku-guriari buruz orriotan egindako iruzkinean ondo asko ohartarazi zuenez, eta arlo horretan ere ez du ematen, ez, kale egiten ari direnik.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi