kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Joan / Patxi Zubizarreta / Txalaparta, 2010

Etorri da joan dena Ainara Maia / Gara, 2011-05-14

Eleberri hau niri zuzendurik dagoela dirudi, eta bertako hitzak, olerkiak eta ipuinak niri zuzenduak, nortasun berri bat sor dezadan. Zuberoako gainak edo mendateak bezain lainoturik dakusat eleberriaren amaiera, baina argi daukat irakurlearen esku uzten duela idazleak eleberri zoragarri honen bukaera: bakoitzak pentsa dezala nahi duena edo ahal duena.

Baina, edozer dela ere erabakitzen duzuna, irakurle, eleberriko bost protagonisten ahotsek baldintzatuta erabakiko duzula segur izan, baita bost fadoen aireen fatum edo patu desberdinek eraginda. Beraz, eleberri bizi bezain magiko honen menpe harrapaturik sentituko zara hasieratik, baita liburuaren orrialdeak irakurri ondoren ere. Hitzak joango dira eta damuak etorriko, beharbada, liburua irakurtzen eta entzuten hastearen damua, niri galderez bete baitzait buru-bihotza: zergatik hegaldatu ote nintzen iparralderantz zerri batek hauspoturik? Zer dela-eta erabaki nuen Euskal Herriko lanpostua uztea diru gutxiagogatik Txekiar Errepublikan euskara irakasle jarduteko? Zergatik joan ote nintzen errail hauen gainean Hendaiatik Brnora?

Galdera horiek Ainara irakurlearenak dira, baina joanek baldintzaturik, eta orain galdera horiek paralizatu egiten naute beste erabaki batzuk hartzeko. Ai! bizitzaren konplexutasunaz ohartarazi dit fado bakoitzak, protagonista bakoitzak eta tren bat hartzearen edo ez hartzearen garrantzia patuak berak markatzen digu. Zer ote patua? Paturik ba ote? Bizitzaren amaieran baino asmatuko dugun igarkizuna dugu patua, ongi eskarmentatu ondoren ohartuko baikara zer den denbora: pipitaki papataki, zer da aurrera egin arren, berez atzera eta atzera, ezerezaren amildegiraino eramaten zaituena?

Heriotzara garamatza bizitzaren trenak, eta idazleak Lisboako, eleberria hasten den tokiko, erloju bitxi bat erakusten dit: segundo eta orduen orratzek aurrera egiten dute atzeraka idatzitako zenbakietan. Eta ni noragabe eta desorientaturik irakurri dut etenik gabe eleberri bizi bezain magiko hau, eta errealismo magiko baten oihartzuna etorri zait.

Nire errealitatea etxe huts eta ilun bat dela amestu dut, norbaitek betetzeko eta argitzeko zain, eta oroitzapenak berritu zaizkit, Santa Zezilia egun hartatik hurbil nola sartu zen behin tximeleta bat zerri baten bizitzan eta udako egun sargori batez atera zen nire bizitzatik. Ez dakit zergatik, baina gure patua izango zen banantzea, ni joatea hura etortzearen esperantza bihotzean, ene bihotzeko lagun hura.

Nire oroitzapenetara eraman naute fado bakoitzak, atalez atal, eta tximeleta-muxu haiek oroitu ditut. Jadanik lagun minarekiko solasaldi eta jolasaldi haiek oroitzapen bilakatu zaizkit, eta adiskiderik mamiena ezezagunena bihurtu. Bakarrik edaten hasi naiz ardo zuri moraviarra, eta protagonistetako baten antzera test tibetarrak egiten ditut Internetez.

Zuretzat, irakurle maite, zein izan liteke amaieraren interpretazioa, emadazu, arren, zure amaiera: joan dena etorri al da ene bihotzera? etorri naizena joango al da norabaitera?

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak