kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Surf / Aitor Zuberogoitia / Alberdania, 2011

Olatuak behatzen Goizalde Landabaso / Deia, 2011-04-30

Bizkor bizi gara. Denboraren joana ez sentitzeraino, eta galgari eman behar diogu. Horixe da gutxi asko Aitor Zuberogoitiak (Etxebarria, 1972) bere Surf saiakeran kontatzen duena. Esan beharra dago, saiakera saritua dela, Bilboko Udalak antolatu ohi duen Miguel de Unamuno XI. Saiakera Saria irabazi baitzuen lan honekin. Ondo irakurtzen da, berak gurako luke, ziurrenen, patxadaz irakurtzea, eta lasaitasun erlatiboan irakur liteke. Nik, aitortu behar dut, arin irakurri dut. Idazleak berak kontatzen du bere esperientziatik abiatuta. “Gogoratzen dut eskumuturretik erlojua kentzea izan zela horietan lehena”. Erlojua eskumuturretik kentzeak sorrarazten duen hasierako agonia erlojua daramatenek baino ezin dute ulertu. Eta esango nuke abiada biziaren lekuko izan nahian ekin ziola idazteari, baina berarentzat ez beste inorentzat. Izan ere, arintasun honek, maiz, oroitzapenak lekurik ezkutuenean artxibatzen dizkigu, eta ahanzturari aurre egiteko modurik bizkorrena idaztea da. Ez du linea zuzenik, eta bidezidorretatik garamatza. Egia da batzuetan kaotiko samarra egiten dela, gora eta behera zoazela surf egiten, eta egia da ez dakigunik ez digula kontatzen. Baina noizean behin eskertzekoa da geldiroago joan behar dugula entzutea, eta are gehiago, kontalariaren distantziatik urrundu eta norbere larrukoak kontatzen dituenean. Gure moduko beste bat ikusten dugu. Gure garaiko abiada bizia da. Kaleko erritmoa, herriko lasaitasunarekin alderatzen da; eta inpresioa daukat, azken hau apur bat mitifikatuta ez ote duen. Bide batez, hara doa hona etortzeko, edo hemendik begiratzen du hangoa. Globala eta lokala. Batzuetan iraganeko sasoiak goresten direla iruditu zait, eta uste dut egileak zelanbait sentitu duela momentu batez joandako garaiak beti hobeak izan direla. Baina laster ukatzen du. “Lilura faltsurik ez, beraz; lagun okzitaniarrak zioen moduan, intellectually honest izatea dagokigu, bikoiztasun manikeoak bazter utzita (ezen bikoiztasun batzuen aipua grafikoa izan daitekeen arren, bikoiztasunak ez baitio horregatik errealitatearen sinplifikazio izateari uzten)”. Hausnarketa asko dira, eta denak elkar loturik daude. Zaldiz bidaiatzera itzuliko gara? Bai, energiaren ahitzea, bere erabilpena eta garestitzea ere gogoetagai dira hemen. Eguneroko ezberdin bezala ere irakur liteke. Hasi zenetik (2001eko lehenengo egunean) amaitzen duenera arteko (2007ko amaiera aldea) kontaketa da. Lanaz, bizitokiaz, seme-alaben jaiotzaz, oporraz, osteratxoez eta bestelakoez jarduten baitu. Aitorpenez jositako saiakera da. “Neuri ere aldatu egin zait bizitza, dezente gainera, kontakizun hau osatzeko estreinako oharrak zirriborratzeari ekin nionetik honantz. Erritmo lasaiagoaren bila zebilen hura lan-zama handi samarrarekin dabil orain. Horrez gain, gai honi buruz gogoeta egiteari ekin ziona eta hausnarrean jardun eta esperimentatu ondoren orain naizen hau ez gara pertsona berak”. Nor da, baina, duela hamar urte eta oraingo berbera? “Lantzean behin bizkor baina ez presaka, lantzean behin trankil, baina ez geldo”. Gustatu zait esaldia. Hauxe izan daiteke bizi garen sasoiok irents ez gaitzaten gakoa. Surf, taula gainean olatu gainetan gabiltza filigranak egiten, olatuaren osotasuna harrapa nahia da. Beharbada, olatuaren edertasuna begiratzen gelditu beharko ginateke noizean behin. Eta liburua burututa, galdera bat: Lortu al du egileak bizimodu patxadatsuagoa, aisialdiaz gozatzen al du, erlojuarekin jarraitzen du?

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak