kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Bere aitaren alaba / Anne Berest (Jon Muñoz) / Alberdania, 2011

Familia arteko errak Beñat Sarasola / Berria, 2011-04-24

Anne Berestek lehenengo nobela Seuil argitaletxe entzutetsuarekin argitaratzea lortu eta Goncourt sariko lehenengo nobela saileko finalera iritsi zen. Beste zenbait sari ere irabazi ditu Bere aitaren alaba-k, eta esan dezakegu, hala, denbora gutxian arrakasta nabarmena erdietsi duela. Azken boladan Alberdania argitaletxeak euskal literaturako mugak gainditu nahi dituela dirudi, espainolezko itzulpenen merkatuan sartuz. Patricia Parry, Abdela Taia eta Lydia Flemen itzulpenak dira horren testigu. Orain Beresten aldeko apustua egin du, eta aurrekoekin egin bezala, euskarara ere ekarri digu liburua.

Familia ospakizun ohiko horietako bik egituratzen dute liburua. Hastapenetan, ahizpa zaharrenaren, Ireneren, urtebetetzerako elkartzen da familia eta nobelaren garapen guztia eragiten duen eztanda jazotzen da bertan. Kontakizunaren amaiera aldeko Gabon Gaueko afarian gauzatzen da arestiko eztandaren azkentzea. Berestek familia bilkura zenbaitetan deseroso eta aspergarri horiek hartu ditu familia baten usteltasuna adierazteko elementu nagusi gisa. Aita, bere bikotekide Catherine eta hiru alabak —Irene, narratzailea eta Charlie— dira pertsonaia nagusiak eta elkarren arteko ezinikusi, gorroto eta enparauetan sakontzen du narratzaileak. Heriotza, adulterioa, haurdunaldi ustekabekoak, aitatasun zalantzazkoak… testuinguru dorpe horretan ehuntzen du Berestek istorioa.

Liburuaren elementu azpimarragarrienetako bat narratzailearen kontamoldea da dudarik gabe. Hoztasun eta lehortasun apartekoaz idatzita dago, samurtasunari zirrikitu eskasena ere utzi gabe. Aipatutako bi eztanda horiez landa, pertsonaien arteko errak bridatuta egiten du aurrera, halako tristura sor batean. Gupidagabea da narratzailea, uneren batean kasik bihozgabea irudituko zaiguna. Batez ere aitarekin: “Hori jaten dugu Epernayko afari bakoitzean, aitarentzat hori baita lehenengo platerik gustukoena. Horretan pentsatze hutsak goragalea ematen dit”. Baina ezezagunekin ere errukigabea da: “Charlieren gonbidatua, argazkiak nola errebelatzen diren esplikatuz gu ederki aspertu ondoren, egongelako liburutegiko liburuei begira dago. Bazeukan besteei mahaia jasotzen laguntzea, baina, horren ordez, axolagabetasunez begiratzen die gure aitaren liburuen izenburuei”. Istorioaren momentu batetik aurrera Ireneren amorrua da esplizituen azaltzen zaiguna, baina horiek baino bortitzagoak dira narratzailearen esanak, besteak beste deskribapen fisikoei dagokienez: “Hiru umeak, bostetik hamabi urtera bitartekoak, izugarri itsusiak dira. Ezpainak finegiak, kopetak sartuegiak, kokotsak txikiegiak. Zertaz kexa daitezkeen galdetzen dutenen begirada oinazetuarekin. Denak, amak eta umeek, jantzi marradunak dituzte, zerbaitek preso hartu izan balitu bezala”.

Nobelaren laburrak —112 orrialde— laguntzen badu ere, batez ere kontamolde lehor honek lortzen du istorioaren tentsioa bukaera arte ongi mantentzea. Bere laburrean, irakurketa intentsua da oso, sarritan min ere egiten duena. Egungo gizarte eta familia ereduen disekzio ankerra eskaintzen digu Berestek, zenbaitetan besteak beste Hanif Kureishi edo Michel Houellebecqen zenbait gauza gogorarazten dizkiguna. Ez nintzateke harrituko gure artean inor Eider Rodriguezen literaturarekin akordatuko balitz.

Merkatu-lege eta argitaletxeen negozioarekiko guztiz miopea naizela kontuan izanik, ezin esan apustu ona egin ote duen Alberdaniak. Baina hala nahiko nuke, literatur maila altuko liburu berri bat ekarri baitigu Bere aitaren alaba-rekin.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak