« Ihes egin nahi? | Silabetan »
Hatsaren kulunka / Herta Müller (Ibon Uribarri) / Elkar, 2010
Hitzen kulunka Beñat Sarasola / Berria, 2011-03-27
Herta Muller-ek (Timis, 1954), 2009ko Nobel saridunak, sona handiko sari hau jaso baino bi hilabete lehenago argitaratu zuen Hatsaren kulunka, eta hauxe da haren orain arteko azkeneko lana. Ez da ohikoa Jokin Zaitegi Itzulpen Sarian Nobel saridunaren azken lana aukeratzea itzultzeko, eskuarki idazlearen iraganeko obra prestigiotsuren bat hautatzen delako, baina, ziur asko, Hatsaren kulunka-ren beraren izaera bereziak eta berritasunak bultzatuko zituen sariaren antolatzaileak liburu hau aukeratzera.
Itzulpenaren beste berritasun bat —aurreko Jokin Zaitegi sariko lanekin alderatuta— itzultzailearen, Ibon Uribarriren, hitzaurrea da, non, nobelaren sortze prozesua azaltzeaz gain, idazleari buruzko sarreratxo argigarria ematen baitigu. Hor azaltzen zaigu nola liburua, jatorriz, Mullerren eta Oskar Pastior poetaren arteko egitasmoa zen, baina Pastiorren heriotzaren ostean, Mullerrek berak burutu zuela azkenik hastapeneko proiektua.
Nobelak Leopold Aurberg 17 urteko alemaniar jatorriko errumaniarra —Pastiorren isla izan daitekeena— du protagonista eta narratzailetzat. SESBeko kontzentrazio-esparru batean zigileratu dute, eta hango bere sufrikarioa da, hala, kontakizunaren oinarria. Istorioa esparruan sartu baino lehen hasten da, eta irten ondorenean amaitu, baina dudarik gabe, esparruko jazoerak dira erdigunea. Kontakizuna, ordea, halako segida kronologiko batean kateatu beharrean, kapitulutan banatutako mikroistorio modukoen bidez ehuntzen da batez ere; halako moldez, non atal bakoitza independenteki irakur baitaiteke ia. Egiatan, horietako zenbait kasik poematzat jo daitezke orobat. Hitzaurrean adierazten den gisara, badago literatura generotzat har daitekeen holokaustoaren eta gulagaren literatura bat, eta ildo horretan kokatzen ahal dugu, halaber, honako hau. Haatik, Mullerrek darabilen idazkera da nagusiki nobelaren bereizgarria; alegia, esate baterako, Primo Leviren lanen gordintasun eta bortiztasunetik ezberdintzen duena. Hausnarketa orokorragoak egon badauden arren, narratzaileak detaile txikienetan —eta, ustez, ezdeusetan— ipintzen duen arreta, eta oroitzapen zein ametsen deskribapenek hartzen duten garrantzia dira kontamolde berezi horren adierazgarri funtsezkoenak. Detaile horiei dagokienez, azpimarragarria da narratzaileak duen hitzekiko lilura, etengabe adierazten dena letra larrien bitartez. Ezagun da gisa honetako esperientzia lazgarrien itzaletan idatzitako testu ugarik izaten dutela hizkuntzarekiko kezka hau; horren adibide behinena da, ziur asko, Paul Celanen Heriofuga. Honako honetan izenak dira, batez ere, narratzailearen kezka-gai nagusi. Eta esango nuke, originala esku artean eduki ez izanaren kontu guztiarekin, hori izan dela Uribarriren erronka handienetakoa, hots, nobelako aberastasun eta ñabardura lexikalak taxuz euskaratzea. Izenburuan bertan izango zuen buruhausterik, Atemschaunkel originala modu ezberdinetan itzuli baitute erdaretara. Alemanak duen malgutasunari eusteko, euskara luzatu behar izan du itzultzaileak, eta ezin esan, inolaz ere, emaitza traketsa izan denik.
Besteak beste, Immanuel Kant-en, Thomas Bernhard-en eta Mullerren lanak itzulita, Uribarri alemanetik euskarara itzultzen duen itzultzaile nabarmenetakoa dugu, erronka zailenei aurre egiteko kapaza. Japonieratik itzultzen du, halaber; Haruki Murakamiren Gauaren sakonean itzulpena testigu —lehenago Yasunari Kawabata-ren nobela bat zuen itzulia—. Espero dezagun etorkizunean ere antzeratsu ibiliko dela eta, luze gabe, atzerriko lan gehiago gureratuko dizkigula.
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Iraitz Urkulo