kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Tartariarren basamortua / Dino Buzzati (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2011

Itxaropenaren ifrentzua Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-02-27

Godoten zain. Bazter isolatu eta atsekabegarri batean, aberriko ipar muturrean, harrizko orrazdun gailurreria baten lepo eta magaletan eraikitako gotorleku ahaztu batean, ipar alderantz luzatzen den basamortu amaigabetik noizbait etorriko ote den balizko eraso baten zain. Noren eraso? Ezta hori ere ez dakite eleberriko pertsonaiek: bertzerik ezean, denbora urrunetako memoria-paisaian galtzen diren, legenda eta mito bihurtzeraino galdu ere, tartariar gisa haragiztatu nahi dute etsaia. Eraso mota bakarrak, aldiz, elurte, hotzaldi, lehorte, urtaroen gogorkeria eta zakartasunarenak izanen dira. Itxaropen izpi batek baizik ez die bizirik segitzeko gogorik ematen soldaduei: zorte pitin batekin, benetako erasoarena, bertan loria lortzearena, heroi gisako heriotzaren edo garaipenaren itxaropena. Baina urteak eta urteak pasatzen dituzte bazter malapartatuan, urteak eta urteak igaro dituzten bezala aurreko promozioetakoek, eta egunerokotasun gogaikarria, errutina, burokrazia, diziplina ariketa errepikakorrak, zaintzen segida, ipar ortziranzko begirada gero eta lausotu/galduagoak, lozorroak, janaldiak, gorputzeko atalen behar eta tirania, denborak eraginiko higadura soinetan, gogoetan, eraikinetan…, hori guzti hori izanen da pertsonaien bizitasunaren zantzu gero eta apalagoak.

Badute aukerarik hortik ateratzeko, hiriburura itzultzeko, bizimodu arruntera ere, etxera, gizarte zibilera berriro emateko. Gutxi batzuek, ordea, eginen dutena. Gehienek, eleberriko protagonista barne, euren loria- edo zorte-itxaropen izpiari helduko diote, jakinda ere alferrik ibiltzen direna. Noizean behin baimen-asteak lortuko dituzte eta nor bere aurreko lagunengana, maiteengana, senideengana hurbiltzen saiatuko dira, baina elkar ikusi gabeko denborak ez du barkatzen: lokarriak ere usteltzen joan dira, jauzi handiegi bihurtu zaie soldadu haiei euren bizitza birmoldatzeko aukera. Euren errutinazko itxaropenera itzuliko dira ostera, ipar muturreko gotorlekuaren isolamendura, kide bihurtu zaien bakardadera.

Ez da militarismoaren aurkako diatriba bat, ez da balizko —eta sarritan ustez beharrezko— etsaien aurreko bizimodu paranoikoari kritika bat. Hagitz funtsezkoagoa da: guztion bizitza arruntaren metafora da gotorlekukoen bilakaera antzu hau. Existentzialismo sortzailearen ifrentzua, nonbait. Jakina da filosofia existentzialistaren indar sortzailea: jaiotzean ez gara deus ere, proiektu bat baizik ez; nork bere nortasuna, identitatea, bizitza moldekatuko du bere asmo fundatzailearen arabera. Oztopo guztien aurrean, sasi guztien gainetik, geure asmoekiko leialtasuna, baikortasuna eta, azken batean, itxaropena dugu bizitza emankorraren euskarri: horrek egiten gaitu eragile, pertsona, subjektu; heriotza bera geure proiektuaren bururatze bihurtzen dugu, ez jainkoak ez bertze inork, geuk ematen diogu zentzua heriotzari, are suizidioari ere, bizitzari zentzurik eman diogun neurrian.

Baiki, itxaropenaren ifrentzua aurkezten digu, bihozgabe, Dino Buzzatik eleberri bikain honetan. Desesperantzarik biluzienean ere esperantza pasibo batek, batere sortzaile ez den, proiektu berri guztiei uko egiten dion esperantza batek ematen digu helduleku, bizirik jarraitzeko. Uste baino arruntagoa gure bizipenetan.

Kafkar giroa aipatu dute iruzkingile anitzek Tartariarren basamortua nobelaz mintzo. Badu horretarik. Baina oso bertzelako estiloan idatzirik, sintaxi estandarragokoa, digerigarriagoa edozeinentzat. Hori bai, guztiz adierazkor eta efikaza, bilaturiko giroan irakurleari murgilarazte aldera.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak