« Bizitza berri bat | Itotzen nauzu goxoki »
3 Mariak / Arantxa Urretabizkaia / Erein, 2010
Zaharra naiz eta harro nago Aritz Galarraga / Deia, 2011-02-19
Ez da izango gai berria zaharrena, baina tartea hartzen ari da azken urteotan indar handiagoarekin euskal literaturan. Normala dena bestalde, literatura garaiaren isla den diziplina baita, medikuntza edo soziologia diren bezalaxe. Ez da gai literario edo gai ez literarioen arteko eztabaida. Alde horretatik unean tokiko gizarte baten kezka behinenak jaso ohi ditu literaturak. Pentsatzekoa da, beraz, gero eta gehiago hitz egingo dela literaturan ere zahartzaroaz, estatistikak mintzo dira, populazio gero eta zaharragoa izango dugu datozen hamarkadetan. Eta sarrera hau guztia zertara datorren? Bada, zahartzaroa delako Arantxa Urretabizkaiaren azken lanaren gai nagusia, haurtzaroa omen denean gizaseme eta alaben aberri bakar, eta literaturarako lehengai sarria.
Ariketa ez da samurra. Arriskua dago zuk nahi amesten duzun zahartzaroa planteatzeko, idilikoa nolabait, sinesgarria suerta daitekeen zahartzaroa planteatu beharrean. Ikus dezagun emaitza. Gazte garaiko hiru lagun, laurogeien bueltan orain, dira liburuko protagonista, biren presentzia eta hirugarrenaren absentzia astuna. Lehen biak, Txuri eta Gorri, berriz elkartzen dira urte luzeen ondoren, lehenaren senarraren hiletan, eta banaezin bilakatuko dira une horretatik aurrera. Triangeluak baina hirugarren erpina behar, Handi, eta haren bila hasiko dira etenik gabe. Zaharrak dira, ez hirugarren adinekoak, “esango nuke harro dagoela zahar izateaz”, dio momentu batean Txurik Handiz. Baina ez dira makurtzen egindakoa gogoratzera, emakumea besteren zaindari huts, mundura besteak zaintzera etorria dela pentsatzera, bere burua ahazteraino, subjektu pasibo izateraino. Zahartzaroaren aldarrikapena egiten da liburu honetan eta ez hainbeste gaztetasunaren aurka, baizik eta bizi aro bakoitzak bereak dituelako ustean. Beste zahartzaro bat posible delako asmoan.
Eta hori nola egiten duen aztertzerako orduan, irudipena daukat asmatu egin duela Urretabizkaiak. Egia da, tarteka halako ideia azukreztatuak aurki ditzakegula, “politak ginela esan nion eta berak ezetz, gordinegiak geundela orduan, osatu gabeak, orain askoz ederragoak ginela” edo “asmoak eta helburuak ditugun bitartean, gazte izango gara”. Baina ez, oro har topikoak gainditzen dituen eleberri baten aurrean gaudela esango nuke, ez dela errazkerian erortzen, ez debaldeko negarretan. Ez dakit zergatik, tira bai, badakit, aurreiritziz betea nagoelako, baina eleberria irakurri bitartean itxaroten ari zara norbaiten heriotza, eta ez nobela beltza delako. Eta ez, lagunok, ez du hortik edaten istorio honek.
Akaso zuzenegi, errazegi egiten du kontakizunak aurrera, hori ere egia da. Irakurterraza izenlaguna baino kondena bilakatu den garaiotan. Eta nahiz eta nik ere bat egiten dudan Bolañok zioen harekin (En principio yo no tengo nada contra la claridad y la amenidad. Luego, ya veremos), tentsioa mantentzen du bukaeraraino, estilo aldetik arina, soila, makulurik gabea da, bai, baina bukaeran ere ez du askatzen kontakizunaren korapilo nagusietako bat, utzi egiten dio irakurleari marrazkia osatzen eta istorioa nola bukatzen den imajinatzen. Hasi eta buka eusten dion liburua dugu 3 Mariak.
Zahartzaroa begi berriekin begiratzeko gomita luzatzen du. Inoiz ez dela berandu bizitza berri bat hasteko, elkarren arteko odol loturarik izan gabe familia osa daitekeela. Eta, epilogo gisa, hausnar bat: bizitzak gurekin zer egin duen galdetzea baino, ez ote den egokiago guk zer egin dugun bizitzarekin pentsatzea.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez