kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Larrepetit / Pello Lizarralde / Erein, 2002

Abel eta gu langarretan barna Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-05-11

Behin batean, artean gazte eta berde ginela, munduko irakurlerik asegaitzena ezagutu genuela iruditu zitzaigun. Gaur egun, egia esan, ez diogu adinik gogoratzen. Ezta aurpegirik ere. Esker txarrekoak izan nahi gabe, esaldi pare bat bakarrik utzi zigun iltzatua garunean. Bata, “euria da irakurketarako soinu bandarik egokiena” —munduko zinemazalerik asegaitzena ere bazen, antza, gure laguna—; “liburuak maitaleak bezala dira: une eta aldarte egokian heldu ezean, ez dituzu gozatzen”, bestea. Larrepetit lehen aldiz zabaldu genuenean euria goian-behean ari zela eta geure baitara murgiltzeko gogoz gainezka geundela esatera gatoz. Eta aspaldiko laguna ekarri zigula horrek gogora. Eta arrazoia eman behar diogula. Beste behin. Euri mardularen soinu kulunkariak kaleko txistu eta karranka hots desatsegin guztiak ito dituelako liburuko orrialdeak pasa ahala. Eta Pello Lizarraldek proposatzen digun bidaiari presako irakurketak ez diolako batere onik egiten. Arnasaldi aldaketak eragiten dizkigu, bai, baina oinezkoaren martxa mantenduz betiere. Behin irakurketaren arnasa testuaren erritmora egokituta, idazleak hitzez agertu dizkigun hotsak, irudiak, argi-itzalak, usainak leun-leun barneratu zaizkigu. Gure baitan gorputz ia-ia fisikoa lortu arte.

Kainik gabeko Abel

Koadro inpresionista bat pintatu digu Lizarraldek, bai, eleberri honetan. Edo egile zinema deitzen diogun genero horretako pelikula bat sinatu. Kartzela ataritik hanka egitea lortu duten Abel Larrepetit-en eta Joxeren ihesaldia horixe baita, inpresioz, ñabarduraz, xehetasun txiki-handiz beteriko iparreranzko ibili herrari bat. Mendira egin dute Abelek eta Joxek. Baserriko morroi izana lehena, ijito trazakoa bestea. Muga gainditu nahi dute mendiz. Eta helburu komun horrekin, biek ala biek ikasi behar dute bestearen kontu egiten. Abel herabeak Joxe zailduagoaren esanei men egiten ikasi beharko du, konfiantza izaten asmatu. Joxe, gainera, ez da Kain. Eskuzabal agertzen da bere hitz urritasunean.

Eta herriz herri bere drogeria ibiltariarekin dabilen Lainez ez da jainkoa, oinez ibili beharrean automobilarekin mugitzen den arren. Iheslari bien oso bestelako bidea egiten dabilela dirudi. Baina usteak erdia ustel, ezta?

Hirugarren pertsonan mintzo den narratzaile bakarraren bitartez harilkatzen ditu Lizarraldek paraleloak izatetik gurutzatzera pasatuko diren ibilbide bien marrazkiak. Bidenabar, herri txikietako biztanleei ezagutu dizkiegun bizimodua eta jokamoldea agertzen dizkigu pasarte beti neurtu batzuen bitartez.

Idazleak duela zortzi bat urte eman zuen Sargori-ren zantzuak sumatu dizkiogu Larrepetit honi. 1998ko Un Ange passe —Isilaldietan— harenak baino zantzu gehiago bai, behintzat. Eta poza hartu dugu liburuaren kontrazaleko testua barruko orrialdeetakoa irakurri ostean leitzean. Liburu hau irakurtzekotan dabiltzanek ere gauza bera egingo ahal dute! Izan ere, kontrazalekoa irakurtzeko gogoari eusten dionak askoz ere irakurketa interesgarriagoa izango duela iruditu zaigu.

Langarra ere, neurrian

Merkeak ere izan daitezkeen gomendioak alde batera utzita, liburuak erabat harrapatu gaituela esan beharrean gaude. Ingurunearen bitartez barne sentimenduak agertzeko idazleak erakusten duen gaitasunarekin; esaldi bakarrean pertsona baten izaera islatzeko prestasunarekin; eta neurriaren egokitasunarekin ere bai. Izan ere, kontaketako esaldi bakoitza neurtua dela dirudi. Alferrikako hitz bakarra ere ez dagoela iruditu zaigula, nahiago bada. Horrela bukatu zaigu nobela labur hau. Euria ari zuen artean kalean, mendian eta mugetan. Tanta mardulak langar fin bilakatuak ziren ordurako, baina, Abel, Joxe eta geu bezala.

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak