kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Hutseaniko hazkurria / Joxemiel Bidador / Pamiela, 2010

Ni egiati baten azken testigantza Beñat Sarasola / Berria, 2011-02-13

Joxemiel Bidador zena euskal kulturako gehiengoarentzat ezezaguna zen arren bere heriotzaren aurretik, bere biografiaren begiratu soil batek idazle nekaezina zela erakusten du. Dantzaren ikertzaile, euskal poesiaren historiako poeta ezkutuen (Alexander Tapia Perurena, Joxe Agerre Santesteban) aztertzaile eta sustatzaile, eta baita poeta ere. Hil ondoko liburu hori zendu aurretik argitaratzear zegoen Hutseaniko hazkurria poemategiak eta laurogeita hamargarren hamarkadan idatzi eta sarituak izan ziren bi poema soltek —Andrea eta desgizonaren gauzatzea eta Garañoko gatazkaren bart bezperan egin besta isila— osatzen dute. Hala, Bidador poetaren lan guztien bilduma goiztiar eta zoritxarrekoa da Hutseaniko hazkurria.

Zoritxarrekoa, lehenik eta behin, heriotzaren drama humanoagatik beragatik, jakina, baina baita Bidadorrek gure poesiagintzako erreferente izateko aukera ugari zituelako ere. Ez dira honakoak hil ondoko laudoriozko hitz debaldekoak. Ez nuen iruindarraren lanik ezagutzen poemok irakurri arte, baina ale horiek nahikoak dira idazlearen ekarri poetiko indartsua atzemateko.

Poesia molde egiati eta itxurakeria gabea da Bidadorrena, bereziki Hutseaniko hazkurria-n. Ni garbi eta tinko bat da hitz bakoitzaren atzean gordetzen dena, gupidagabea gizartearekin, poesiarekin nahiz bere buruarekin. Apustu hori argi eta garbi geratzen da lehenengo ataleko estreinako eta azkeneko poemetan. Azken honek baditu zenbait lerro argigarri: “Nia ez da agertzen egungo (euskal) poesia (post)modernoan, / baizik ere niaren proiekzio faltsua, / karikatura, Platonen itzalen antzera”. Ezagun da postmodernitatean mozorroa eta simulakroa direla gailentzen, benetakotasuna zein originaltasuna entelekiatzat hartzen direlako. Bidadorrena, hortaz, halako poesia moderno, eta zenbaitetan are klasiko ere, baten aldarrikapena eta praktika dugu. Agerikoa da, esaterako, XX. mendeko lehen erdiko poeten eragina —hots, euskal poesia modernoaren aitzindariena— hitza lotu eta ontzeko moduan eta baita zenbait irudietan ere; esate baterako, mendiarena, Lizardi zein Lauaxetan behintzat present dena. Izan ere, hizkuntza lantzeko halako joera estetizista du, gaur egun ia aurkitu ezinezkoa dena, eta nafarreraren zirrikitu oro miatzen dituena. Esango nuke, gainera, joera hau, oso markatua dena bi poema solteetan, gaurkotasun eta indar handiagoko beste arnas batekin lotzea lortu zuela Hutseaniko hazkurria-n. Huraxe baita, zalantzarik gabe, liburuko zati funtsezkoena eta Bidadorren heldutasun poetikoa adierazten duena.

Arestian esan bezala, gure gizartearen inguruko hausnarketa kritikoak ere azaltzen zaizkigu. Orokorrak eta ez hain orokorrak, zeren, besteak beste, San Fermin jaien kritika zorrotza da horietako bat: Sanferminetan Lindus. Horien arten ditugu, orobat historiaren eta Nafarroako Erresumaren ingurukoak, nafar batengandik ia ekidinezinak diren hausnarketak. Bere ñabardurak ere aski interesgarriak dira: “Amaiurren ez nintzatekeen egonen, / baina Oskiateko bidetik lekuko, / gaztelatzealdia mingarri zitzaidan / niri ere, / eta pairagaitza, / ene borroka ez izanagatik / nerau ere / eraman ninduelako, / besteen antzera, hirira preso”.

Liburu hunkigarria da, ezbairik gabe. Hunkigarria bere inguruko gorabeherengatik —liburuko lehen argazkia bere alabetako batek egina da—, eta baita heriotzari buruzko gogoetak, kurioski, nahiko errepikariak direlako ere. Orain ohartzen gara galera handia izan zela Bidadorren heriotza; haatik, gera gaitezen ale eder hauekin, ez izan zitezkeenekin.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak