« Ezezagunari aitorpena | Eztabaidarako urratsa »
Ez naiz Fujn izan / Josetxo Azkona / Pamiela, 2011
Haikuari errepasoa Igor Estankona / Deia, 2011-02-05
Ekialdeko teknikekin egindako enegarren jarduna, poesia laburraren eta kriptikoaren gure herrian. Horixe pentsatu nuen Josetxo Azkonaren liburua zabaldu eta haikuak zirela konturatu nintzenean. Gauzarik zailena bikain eginda aurkitzerik ez nuen espero, noski, baina liburu fina, duina, haikuaren kartzeletan librea kausitu dut. Gozatu egin dut, azaletik hasita. Inoiz esan izan dut, era honetako liburuen aurrean, haikua ia ez dela literatura ere, aszetismoa dela, edertasuna topatzeko modu bat. Horregatik uste dut Josetxo Azkonak arantza antzeko bat kendu nahi izan duela liburu honekin. Urteak daramatza haikuak landuz ??”Koilara bete hitz edo Arbola naiz eta zuhaitza liburuak daude testigu—, baina erreskadan haikuz betea dagoen eta eite honi osorik dedikatu dion lehenengo liburua da Ez naiz Fujin izan. Okusairen Fuji mendia ageri da azalean, berde bere magalak, sua puntan. Pintore eta grabatu egile japoniarra —manga terminoa berari zor zaio, esan dezagun bidenabar— egon zen Fujin, Josetxo Azkona ez bezala. Gorputz eta arimarekin egon zen Fujin gainera, Okusai. Inkontzienteki, Okusairen Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegietako asko —Fugaku sanjurokkei seriekoak— grabaturik geratu zaizkigu: bere mendia gure mendia ere bada. Josetxo Azkonak ederto laburtzen du paradoxa hori: “Ez naiz Fujin izan. / Moncayon, bai ordea. / Izana naiz Fujin”. Azkonaren lanarekin Tarkovski zinemagileak deskribatutako “haikuaren hartzailearen zoriona” sentitu dut uneka: galdu egin naiz konposizioaren sakontasunean kosmos batean legez, non ez dagoen ez goirik ez beherik.
Okusaik, bestalde, zera zioen: “Txikitatik hasi nintzen margotzen. 50 urterekin hainbat marrazki eginak nituen, baina bat bera ere ez merituzkoa, harik eta hirurogeita hamar urtera iritsi arte. Hirurogeita hamahirurekin ikasi nuen zeozertxo gauzen kalitatearen gainean, txori, intsektu, arrain, belar eta zuhaitzen gainean. Beraz laurogei urterekin aurreratuko dut zerbait, laurogeita hamarrekin gauzen esanahi ezkutua ulertuko dut, ehun urterekin gauza miragarriak egingo ditut eta ehun eta hamarrekin puntu bakoitzak, marra bakoitzak berezko bizitza edukiko du”.
Okusairen apaltasunarekin idatzi du Josetxo Azkonak haikuen bilduma hau. Hitzaurrean aipatzen du iruindarrak zer den haikua zentzu hertsian, eta ze arau dituen: laburra da, metaforarik gabea, moran oinarritua eta ez silaban. Hori esanda, azaltzen du kanonak dioena gogoz ikertu eta aintzat hartu duela, gero malgutasunez jokatzeko: “aukeran nahiago izan dut aske eta malgutasunez aritu, arauei guztiz lotua jarraitu baino. Horren harira, bide-erakusletzat jotzen ditut Bashoren beraren hitzak, honakoak: Ez ibili asaben gibelean. Ibil zaitez, bai ordea, haiek berek bilatu zutenaren bila”.
Irakurleak haikuari derrigor eskatu behar dizkion sinpletasuna, sotiltasuna, soiltasuna… eskaintzen ditu Azkonak, eta hori eskertzekoa da. Liburua oso irregularra da, piezak eta iradokitako irudiak ehunka direlako, baina natura hutsaren deskripzio ederretatik (“Ibai bazterrean / adatsa du garbitzen / ertzeko sahatsak”) kontu sozialagoetara egiten dituen saltoak hain daude natural eginda (“Kameleoia. / Subjektu politiko gisa / ez du parekorik), liburua atseginez baitoa, eta ez monotoniaren asperdurarekin. Hartu, puska bat ahoratu, dastatu, eta une batez hitzen fineziaz hausnar egiteko liburua da.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres