kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Autopsiarako frogak / Koldo Izagirre / Susa, 2010

Eztabaidarako urratsa Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-02-06

Unescok behin baino gehiagotan adierazi du euskara galtzeko arriskuan dauden hizkuntzetariko bat dela. Beste baten ahotan alarmistatzat joko lukete askok baieztapen hori; Unescoren ahotan, entzungorrarena egitea izaten da ohikoena. Berria argitaratuko da zenbait egunkaritan, salaketaren bat egingo da, eta bizitzak aurrera jarraituko du. Beharbada normala da. Denok dakigu hil egingo garena, baina bizitza ez litzateke oso jasangarria izango uneoro horretan pentsatuko bagenu. Gaitzek —kasu honetan, euskarari eragindakoek— lotzen gaituzte errealitateari.

Hain zuzen, hizkuntzaren galera posible horren arrazoiak bilatu ditu Izagirrek. Liburuaren izenburutik —Autopsiarako frogak. Artseniko aztarnak gure hizkuntzan— ondoriozta dezakegu tesi nagusia: euskararen heriotza ez da naturala izango, programatutako erailketa izango da euskararena, pixkanaka jasandako eraso, deitoratze, utzikeriaren ondorio. Horrenbestez, etorkizunean auzitegiko medikuren batek euskararen gorpua aztertu beharko balu, kontuan hartu beharko lituzkeen aztarnak ematen ditu liburuak. Baina ez da horretara mugatzen. Horretan geratu izan balitz, liburua El libro negro del euskera-ren bertsioa edo bigarren zatia izango litzateke, baina hori baino gehiago da. Batetik, Aritz Galarragak Deia-n esan bezala, pasarte bakoitza kontatzeko eran nabari delako Izagirre idazlea dena; bestetik, eta batez ere, ez dituelako froga hutsak ematen. Frogak ez dira hemen metaketa soil, helburua ez da ahalik eta froga gehien ematea, baizik eta froga horietatik abiatuta euskararen inguruko hainbat gairi buruz hausnartzea: gaur egungo elebitasun eredua, euskarak erakarri egin behar duelako ustea, etorkinak eta euskara lehen eta orain, euskararen lurraldea eta abar. Halaber, gaiari buruzko bibliografia osatua ere bada liburua, euskal literaturako zenbait atal berriz pentsatzeko aukera ematen du, eta klase sozialek euskararekin izandako jarreraz ere badihardu.

Liburu iluna dela esan dezake norbaitek, apokaliptiko batek egina, baina ez dut uste hala denik. Ez da frogen beltzean geratzen, euskarari egindako erasoez gainera, haren alde ibilitakoez ere ari da, ispiluaren beste aldearen historia txikia osatuz —aldeko lana egin dutenen gaineko ikuspegi kritikoa galdu gabe—. Baina artseniko aztarnak berak ere ez dira inolaz ere negar eragiteko idatziak izan; norberaren egoerari buruz negar egite hutsa erasoa baino kontserbadoreagoa izan daiteke. Ostera, euskararen egoeraz pentsatzen, eztabaidatzen jarraitzeko akuilu da liburua, berarekin ados egon edo ez, saiakera nahiz hitzaldietan argudio sendoak emateko duen gaitasuna erakusten baitu hemen ere idazleak. Deserosoa izan daiteke zenbaitentzat, batez ere abertzaletasunetik euskara bigarren mailako auzitzat jo dutenentzat, euskara Euskal Herriaren hizkuntza propiotzat izan eta hala ere gaur egungo egoera sortzen lagundu dutenentzat. Min egiteko asmoa duena ezin da deseroso sentitu egin duena irakurrita; min egiteko asmorik ez omen duenak, berriz, baliteke azkura sentitzea nonbaiten. Horrez gainera, liburua zipriztintzen duen ironia finak ere laguntzen du liburuari argitasuna ematen.

Froga gehienak iraganekoak badira ere, egungoa eta, batez ere, etorkizunekoa pentsatzeko liburua da Izagirrerena. Betoz bestelako ikuspegietatik idatzitako liburuak, baina izan daitezela argudioetan honen pareko, euskararen egoerak horixe behar du-eta: argudio sendoetan oinarritutako eztabaida.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak