« Izpirituaren bazka | Txatartegirako gizakiak »
Denbora galduaren bila - Swann-enetik / Marcel Proust (Joxe Austin Arrieta) / Alberdania-Elkar, 2010
Une baten jorana baino ez Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-01-26
“Gauza zaila baino ez da kitzikagarria” idatzi zuen Lezama Limak behin. Irakurle batek zer hau gaineratu zion esanari: “Ez dago liburu zailik, tamaina ematen ez duten irakurleak baino”. “Edo liburuaren neurrikoak ez diren itzultzaileak” erants lezake zitalen batek. Zorionez, baten bati boladan dauden liburu errazegiak baino neketsuago gerta dakiokeen eleberri (ala oroitzapen?) ez hain eroso hau itzultzeko, neurri-neurriko itzultzailea fortunatu zaio Prousti, edozein kultura eta hizkuntza hartzaile harrotzeko modukoa. Gauza jakina da J.A. Arrieta idazlearen prosa merkekeriarik bakoa dena, eta halakoxe idazketa behar zuen Prousten erraldoi lanak duin euskaratuko bazen, argitaratzaile batzuek gurago ei duten harako Reader´s Digest itxurakoetatik harantzago joateko gauza den idazkuntza: kontzesiorik gabea.
Baina Denbora galduaren bila leitzea luzaroko ekintza da, gozamen ondo irabazia, halako zama hartu nahi duen irakurleari ezin konta eta neur ahala goxotasun ekar diezaiokeen jarduna. Presarik gabeko prosaren eremu latza zeharkatu beharra dago kontakizunaren oasiko oparotasunera heltzeko. Baina bizi gaituen garaia arina da, lasterra, presatuegia, Prousten idazlana ez bezala.
XX. mendeak literaturaren etxeari gaineratutako harroinetatik, Denbora galduaren bila dugu sendoenetako bat, halako lanek Literatura Unibertsalaren moduko bilduma bat ospetsuago egiten baitute; diruz lagundutako ekimen honi esker, egun irakurle bakan batzuentzat bakarrik gerta daitezkeen lan hauek plazaratzearen zailtasun ekonomikoak —eta itzultzailearen neke eskergak— gainditzeko bidea errazagoa izateaz gain.
Paregabeko maisulan zazpidun hau —zazpi alek osatzen dute, zazpik!— ikaskizun ederra izan daiteke beste literatura mota bat nahi duenarentzat; baita, zertan esanik, ez, idazlariaren ofizioan burua higatu nahi duenarentzat. Arrietak ondutako euskal mokadu hau zapore ñabardura amaiezinez beteriko oturuntza da, gaiztasunak gaiztasun. Azken batean, nork ez du sentitu trabailu neketsu bat behar bezala amaitu eta gainditu ondorengo barne poz ordaingaitza?
Irakurtzea bizitzarako ikasketatzat hartu gura duenarentzat, horrelako lan bat leitzea, ale bat sikiera, irakurletzaren unibertsitateko cum laude graduazioa emango duen azterketa da. Guztiaz ere, irakurle epetsua behar du lanak, ezelako presarik ez duena. Izan ere, horrelako liburuak janari finen modukoak dira: tripakada handiak hartuz gero, bihotzerre eta bestelako gaixotasun larriak sor ditzakete, are (buru) heriotza bera ere. Egunero apur bat janda, ordea, azkenean platerkada handia amaitzea lortuko dugu, behar bezala disfrutatuta eta okatu gabe. Azken batean, idazleak hogeita hamar orrialde behar izan zituen azaltzeko zelan jardun ohi zuen buelta-bueltaka ohean, lokartu aurretik: ezin arrapaladan irakurri horrelako erritmoa duen lana. Interneteko arintza andre eta jabe den sasoi honetan, Prousten prosak gauza txikien, ñabardura guztiak agortzeraino deskribatzearen eta haietaz hitz egin eta pentsatzearen plazera itzultzen digu atzera ere.
Arrietak erlatiboaren eragozpena gainditzeko aspalditik datorren proposamenari eusten dio lan honetan ere, Hadrianoren Oroitzapenak gogoangarrian legetxe; irakurleak berak erabaki beharko du sistema hura etengabe deskodetu beharra lagungarri ala arreta eragozten duen astungarri gertatzen den, nork bere gustuak baititu. Fortunaz, gaur eguneko euskal irakurleak gauza dira honelako idazlan errimeak irakurtzeko; euskara bera, tresna moduan, inoiz baino kapazagoa eta indartsuagoa delako, besteak beste, euskal itzultzaileei esker. Literatura, Prousten arabera, gutako bakoitzak bere barnean daroan liburuaren itzulpena delako. Edo barnean daramagun itzulpenaren idazketa, apika.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi