kritiken hemeroteka

8.630 kritika

« | »

Bitsa eskuetan / Miren Agur Meabe / Susa, 2010

Bidegurutzetik Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-01-23

Hamar urte igaro dira Miren Agur Meabek aurreko poema liburua argitaratu zuenetik. Tartean, “Itsaslabarreko etxea”, “Urtebete itsasargian” eta “Zer da, ba, maitasuna?” argitaratu zituen, publiko gazteago bati zuzendutako liburuak. “Azalaren kodea” aldarrikatu zuen 2000. urteko liburuan, eta euskal poesian ordura arte gutxi irakurritako diskurtsoa sortu zuen, ahots berezitua lortuz. Urtebete lehenagokoa da “Oi, hondarrezko emakaitz”, zeinaren poema batzuk hurrengo urteko liburuan txertatu baitzituen. Aurten urte emankorra izan da idazlearentzat, Bitsa eskuetan poema liburuaz gainera, “Zazpi orduak” narrazio bilduma eta gaztetxoei zuzendutako “Errepidea” plazaratu baititu.

Ni poetikoaren zehaztapen batekin hasten da Bitsa eskuetanDefinizioa—, eta, beraz, hasieratik ematen zaigu liburuko poema gehienetan entzungo dugun ahotsaren ezaugarri nagusien berri. Horrenbestez, ni poetikoa nahiko osatuta ematen zaigu lehen poematik, gainerakoak irakurri ahala zehaztasun gehiagoz beteko zaigun arren. “Emakume kaierduna” da, emakumea da, jendartean horrek esan nahi duen guztiarekin, baina kaierduna, hortaz, bere errealitatearen berri eman dezakeena, eta historian izan diren beste emakume kaierdunekin lot daitekeena; heldua —peterpanekin jolastea atsegin”—; sentsuala —“hondartza gurmatsuan zure inizialak idatzi nahi lituzkeena”—; amets egitea gustatzen zaion arren errealitatean bizi da —“Ez naiz Wendy”—, eta errealitatean bizi den arren ihes egiten daki —“Tipula xehatzeko orduan ere, / badakit leihotik begiratzen”—. Dena dela, poema guztiak ez daude nitasun beretik idatzita. Hobia poeman ni horren amaren ahotsa da entzuten duguna, lurperatuta dagoen tokitik hizketan, Spoon River Anthology-ko poemetan bezala, eta hirugarren ataleko poema nahikotxo bigarren pertsonan daude idatzita, zu horren erreferentea liburuan nagusitzen den lehenengo pertsona bada ere.

Hiru ataletan banatuta dago liburua: La vie en rose, Harearen geriza eta Zapitxo intimoak. Lehenengoan, bidegurutzean dagoen emakumea ageri zaigu, orain arteko bizitzaren eta hemendik aurrerakoaren artean, bizitzaz hausnartzen duena, batzuetan ilun —Gaza grisa—, beste batzuetan gozamenez —Locus amoenus—. Bigarren atalak arnasa ematen dio liburuari, gaia bera arnasa ematetik baino arnasa kentzetik hurbilago badago ere. Hiru ataletan desberdinena da, eta liburu homogeneoegia egiteko arriskuarekin apurtzen du. Ni lirikoak amaren gaixotasunaz eta heriotzaz egiten du gogoeta, eta heriotzaren osteko doluaz. Azken atalean, sentsualitateak eta harremanek dute leku gehien, lehen ataleko bidegurutzearen ostean, ni lirikoa bizitza berria probatzen ibiliko balitz bezala.

Egileak asmatu du 50 urte inguruko emakumearen ahotsaren eraikuntzan, ofizioa ondo menderatzen duen seinale. Hauxe dio Geranioaren minipoetika izeneko poeman: “Badut erritmoaren sena, xehetasunekiko joera, / irudietarako gustua, emozioaz gogoetatzeko xedea”. Eta, neurri batean, bat egiten dut esaten duenarekin. Egileak berak idatzita, boutade edo ironiatzat har daiteke, eta badira antzeko beste batzuk liburuan: “Andre mamitsua nauzu: / euskal poesiaren larrosa”. Nik neuk emakumearen ahots isilduaren harrotasunarekin lotzen dut gehiago.

Azalaren kodea osatzen duten poemekin alderatuta, tonu pausatuagoa dute liburu honetako testuek, beharbada, hausnarketarako joera handiagoa nabaritzen delako hemen. Badira zenbait berrikuntza formal ere, prosaren erabilera, adibidez. Dena dela, egilearen ahotsak orduan bezain berezitua izaten jarraitzen du, nahiz eta, batzuetan, liburu hau hurbilegi ikusi dudan aurreko liburutik.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak