kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ogi hutsa / Mohamed Xukri (Arantzazu Royo) / Igela, 2010

Miseriaren ahotsa Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-01-09

Azkenaldian, Mohamed Xukriri buruz zertxobait gehiago jakiteko hainbat aukera izan ditu euskarazko irakurleak. Erlea aldizkariak Miel A. Elustondok 2003an egin zion elkarrizketa berreskuratu du azken zenbakian. Joseba Sarrionandiaren azken liburuan ere badu tartea idazle riftarrak. Dena dela, Igela argitaletxearen eskutik iritsi zaigun itzulpenak ekarri digu idazlearen irudirik osoena, testuak egiten baitu idazlea.

Haren lehenengo urteen berri ematea eta liburuaren argumentua kontatzea ia gauza bat eta bera da. 1935ean jaio zen Xukri, Rifen, eta umetan bete-betean harrapatu zuen goseteak. Familiarekin emigratu zuen Tangerrera, eta lan xumeak egin behar izan zituen, ezer gutxiren truke. Aitaren indarkeria bortitza ezagutu zuen etxean, eta kalean aurkitu zuen babesa, drogaz, prostituzioz eta indarkeria gehiagoz osatutako giroan. 20 urte inguru dituenean bukatzen da liburua, irakurtzen eta idazten ikasteko lehen urratsak egiten dituenean. Hortik aurrera, kartzelan alfabetatu, eskolatu eta 1966an hasi zen liburuak argitaratzen. Ogi hutsa trilogia baten lehen atala da, eta Paul Bowlesek 1973an egin zuen ingeleserako itzulpenaren bidez egin zen ezagun. 1982an argitaratu zen arabieraz, eta zentsuratuta egon da 2000. urtera arte.

Argumentua bera dela esan dut, baina liburua eta bizitza ez dira gauza bera, jakina. Alfabetatu zen gazte hura idazle egin zen gero, eta idazlearen eskua nabaria da hemen. Batez ere, nabarmena ez delako. Ogi hutsa ez da pertsona helduak haurtzaroari begira idatzitako lan memorialistikoa. Ez dugu aurkituko atzera begiratu eta egindakoei buruzko irakurketa nostalgikoa edo damutua egiten duen heldua. Idazle askok beren buruak justifikatzeko erabili izan dituzte lan autobiografikoak, baina hemen ez du irakurleak antzekorik aurkituko. Hipokrisiarik gabeko liburua da. Esate baterako, indarkeria matxista eta bortxaketa guztiz natural ageri dira liburuan. Umeak ikasten du emaztea jotzea egin beharreko zerbait dela, eta ez du zalantzan jartzen, arazoaren egiturazko erroa irakurlearen begietan argiago utziz. Narratzaileak iraganeko formak erabili arren —eta idazleak oin-oharren batean idazten ari den unetik zehaztasunen bat ematen badigu ere—, orduko ikuspegitik kontatzen du. Azken batean, nobela bat da esku artean duguna, idazlearen esperientzia pertsonaletik abiatuta, joan den mende erdialdeko Tangerreko herri xumearen erretratu zorrotza egiten duena, miseria gorrian bizi zirenei ahotsa ematen diena, Xukriren ahots berezituaren bitartez. Liburu gordina da, hizkuntza zuzenean emana, itzulingururik gabekoa. Idazleak irakurlearen esku uzten du ondorioak ateratzeko betebeharra.

Honela dio Xukrik Elustondori eman zion elkarrizketan: ?”Herri baten historia poetak idazten duela jabetu nintzen orduan: poetak, nobelagileak, musikariak, pintoreak. Historia ofiziala ordaindurik dago; errege-erreginen historia, jeneralena, diktadoreena… Ez du batere balio?”. Berari aplika diezazkiogun hitzak dira. Xukrik idazten ikasi, eta ahotsa eman zion historiak ahaztuko zuen mutikoari, historiarako hitz egiteko eskubiderik ez zuenari, eta berarekin batera, antzeko egoeran zeuden eta dauden milaka pertsonari. Inoren eskupekorik espero gabe egiten du gainera. Inork ordaindu gabeko historia, historia ofizialari kontrajarritakoa.

Liburu bikaina iruditu zait; gainera, Arantzazu Royok oso ondo asmatu du Xukriren hizkuntza eta kontaera euskarara ekartzen, eta nik behintzat gogo biziz espero dut trilogiako hurrengo bi liburuen itzulpena.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak