kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

3 Mariak / Arantxa Urretabizkaia / Erein, 2010

Iraganak ez gaitzala harrapa Beñat Sarasola / Berria, 2011-01-02

Literaturak garaiaren izpiritua irudikatzen omen du. Munduan gertaera eta arazo berriak azaldu ahala, berandu baino lehen, beren isla topatzen dute literatur testuetan. Mendebaldeko gizarteetako azken aldiko gai aipagarrienen artean dago hirugarren adinekoena, edo adinduena, edo, sinpleki, zaharrena. Hala, euskal literaturan ere hasi da gaia jorratzen. Unai Elorriagaren SPrako tranbia-n eta Jokin Muñozen Antzararen bidea-n pertsonaia zahar garrantzitsu bana topatzen ahal ditugu esate baterako. Baina gaia nobelen erdigunean kokatu dutenak batez ere zenbait emakume idazle izan dira: Uxue Alberdiren Aulki-jokoa eta Karmele Jaioren Musika airean dira oraintsuko bi adibide. Hauei gehitu zaie, bada, Arantxa Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) 3 Mariak. Duela hamabi urteko Koaderno gorria-ren ondorengoa, Ereinen narratiba sailaren diseinu berrian etorri zaigu.

Txuri, Gorri eta Handi dira nobelako hiru Mariak, gaztetako lagun zaharrak. Txuriri —Maria Alkain, narratzailea— denbora luzez Alzheimerrak jota zegoen senarra ??”Joxe— hiltzen zaionetik abiatzen da kontakizuna. Gertaera horren karira Gorrirekin elkartzen da urte luzeren ondoren berriro eta hirugarren Mariaren bila hasiko dira udaleko beren gizarte-laguntzailearekin ??”Laidarekin— elkarlanean. Bilaketa hori da istorioa lotzen duena, nahiz eta, seguruenik, ez izan benetako muina. Urretabizkaiak aurreko lanetan erakutsi bezala, pertsonaien arteko harremanetan eta narratzailearen gogoan kokatzen da gehiago nobelaren balioa.

Hasieran aipatu liburu gehienetan badago halako saiakera bat zahartzaroaren ikuspegi erabat ezkorra ekiditekoa, erakustekoa zahartzaroan ere badela bizitzeko motiborik. Asmo horretan horietakoren batek literarioki nabarmen huts egiten duela idatzi izan dut leku honetan bertan. Ez da 3 Mariak-en kasua. Istorioaren beraren garapenak amaiera negar-egingarri bat emateko parada ezin hobea eskaintzen zuen, zela bukaera inozo-alai batekin, zela errazkeriazko bukaera triste batekin. Bi arriskuei ongi egiten die itzuri liburuak, irakurleari tranpa errazik ipini gabe. Nolanahi den, esan bezala, nobela atsegina da oro har, ez dago autorearen aurrekoetan aurkitzen genuen dramarik (banantze bortitza, seme-alaben ebasketa eta abar). Alderdi tristeenak, Txuriren alaba hilarena kasu, alde batera uzten zaizkigu, kontatu gabe. Gorriren bitartez zaharra izatearen duintasuna azalduko zaigu aldarrikaturik etengabe. Ohikoa denaren kontra, iraganera begiratzea bainoago, orainera eta etorkizunera begiratzea du gogoko Gorrik. Bidaiatzea, gauza berriak ikastea (euskara berreskuratu, informatika ikasi…), etxean bertan goxo geratu beharrean. Gainera, liburuko alderdi nagusia ez izan arren, ama eta bere seme-alaben arteko harremanen forma berri bat ematen zaigu. Adina aldaketa gorabehera, Txurik bere semearekin duen erlazio hotza bakana da Urretabizkaiaren obran.

Deigarria da, bestalde, Urretabizkaiaren ibilbide osoari so eginez, nola ezarian kontaketa molde konbentzionalagoetarako bidea egin duen. Urruti geratu dira Zergatik panpox-eko barne bakarrizketa eten eta hautsiak. Iruditzen zait gisa honetako aldaketak errazkeriarako aitzakia behinena izaten direla maiz; ez da hori gertatzen, inolaz ere, 3 Mariak-ekin. Baina bere hasierako lanen tenkaren eta zenbait irudi dorpeen —gogoan hartu Zergatik panpox-en hasiera— falta nabaritzen dut. Nobelaren hasieran badago halako bat; Txuri, senarra hilzorian duela, bere alboan ohean sartzen denekoa, baina gero beste norabide bat hartzen du liburuak.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak