kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Hiri gorritik / Asier Serrano / Elkar, 2010

Bihar etzi atzo da Ainara Maia / Gara, 2010-11-26

Ez dit, ez, inork zutaz galdetu, Asier, eta nire amets gorrienean ikusi zaitut bart. Nire bihotz gorria kolpatu didate, baina ez naiz makurtu, eta zuk zure hitzekin kolpeak laztandu dizkidazu bihotzeko hitz horiekin. Zure hitzez maitemindu naiz, Asier, zutaz! nire hiri gorri honetatik milesker bihotzak eginik.

Bihotzetik idatzi dituzu hitz inperfektuok zorion perfekturantz, eta hiri gorri honetatik, Brnotik, mila esker eta muxu, Asier! hiri gorritik bihotzera iritsi baitzait zure maitasunaren desoreka. Hanka bat amildegitik haratago nuenean, MAITEA edo LAZTANA esan didazu eta kolpean atzera egin dut. Ez naiz amildu beherantz!

Beltxarga itsusiek kontatu didate niri ere, Svitava (er)rekaren ertzean nagoela, zure hitzez maitemindu naizela, eta badakit beharbada egonen dela pentsatzen duenik hau ez dela literatur kritika serio bat, baina hala da, bihotzetik erantzuten dizudanez gero. Hiri gorri inperfektu honetara gonbidaturik zaude, etorri bada hona!

Serio ari naiz. Konformatu naiz zure poema-liburua irakurtzetik amaitu dudanean. Zoriontsu naiz neure bihotzak taupaka maite duelako; nire bihotza bizi da oraino!

Egin dut proba, Asier. Ni ez ninduten egia esateagatik epaitu, ni egia esateagatik kondenatu ninduten bakardade latzera, eta bihotzean jarri dut nire indar osoa, nire odola. Lehertzeko zorian nago, maitasunagatik dena emateko prest!

Salbatu nauzu, Asier, eta hona etortzeko bidea hartzea erabakitzen baduzu, hobe trenez ez bazatoz, beldur baitiet nik ere halabeharrez desbideratzen diren karrilei.

Akordatzen naiz nire iraganaz zure hitzak irakurtzean, Asier, baina orain, nire bihotza zaindu beharra daukat zure gomendio poetikoa aintzat hartuz. Ameslari bat naiz, oraindik maitemindurik segitzeko ahala dudalako. Amets gorriak marraztu dituzu gauean eta nik egunsenti gorria ikusi dut. Milesker, Asier!

Ez nauzu abandonatu olerki batetik bestera, eta MAITEA esanez, indarra eman didazu bizitzaren ibaian gora arraunean segitzeko. Beharbada ezin dut lorik egin ezta ihes egin ere, hiri gorriaren maitasunezko sabai zaharrean harrapaturik segitzen baitut, eta negarrez berotzen dut gauero burkoa; hala ere, bihotz deitutako hiri gorri hau ez da berotzen, baina eguerdiko ordu bietan itxarongo zaitut hirurak arte, Asier!

Bitartean, arnastu zaitut olerki hunkigarri hauetan, eta ez naiz ito. Emakume olerkari ameslari honengatik topa egin nahi izan duzu, puta izateko eskubidea dudalako eta ama izateko erantzukizunik ez dudalako; bejondeizula zuri, Asier! zure hatz magiko horietatik hitz magikoak ene bihotzeraino iritsi zaizkit, eta desio nuke hitz xume hauen bitartez zure hiri gorri horretara zorion puxka bat iritsiko balitz odolaren bidez. Bosgarren urtaroaren lengoaiaz mintzo natzaizu neguaren atarian, maitasunaren urtaroan, badakidalako ulertuko didazula, Asier.

Hiri gorri honetan denetariko jendea dago, bai: epaileak, zerriak, alargunak, zubigileak, pailazoak eta hilobiratzaileak ere bai, eta denok dugu elkarren beharra. Kukurruku egin orduko hemen izango nauzu ni ere, Asier, beranduegi ohartu banaiz gizakia ez dela hain onbera; esaiozu, arren, hiri gorri hartako lartzabaleko sabai goxo hartako ene lagunmin maitaleari barkatzen diodala dena; esaiozu nahi ez nukeen gero eta oroitzapen gehiago agertzen zaidala; esaiozu hau bihar, gaur beranduegi baita.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak