kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Deception Island / Xabier Artola / Alberdania, 2010

Amaieratik hasierara dagoen bidea Leire Zubeldia / Gara, 2010-09-10

Deus ez da amaitzen, nork bere barruan hala sentitzen duen arte. Hala irakurri zuen Deception Island ipuineko protagonistak film baten kartelean. Bere bikote harremana amaituta zegoela sentitu zuen, mutilagunak Patagoniara eta Deception Island-era prestatutako bidaiari uko egin eta K2-ra espedizioan joan zenean. Gaur, berriro sentipen bera loratu zaio Aneri bulegoan dei bat jaso duenean: Asier, biriketako edemak jota dago K2-n, 7.000 metrotik gora eta oxigenorik gabe. Anek Iruñeko ospitalean egiten du lan. Bertatik zuzenduko dute erreskatea, Karlos Ramirez mediku aditua, Asierren lankidea eta Aneren bikotekide ohia buru dela.

Mendizalea gailurretik birizirik jaisteko lasterketaren kontaketa protagonistak bizitzari eta giza-harremanei buruz egiten dituen gogoetekin nahasten du Xabier Artola ipuingile donostiarrak. Besteak beste, haur bat eduki eta elkarrekin hura hezteko proposamenaren aurrean Asierren isiltasun salagarria oroitzen du Anek, edo mutilagunak bizitzeari buruz esaten zizkionak: “ertzetik aldendu gabe ez dago itsas zabala ezagutzerik”. Asierrentzat mendia da bizitza eta mendian ibiltzea da bizitzea. Bitartean, Ane, ertzetik begira geratzen da, orduro helbide elektronikoko sarrerako ontziari hiruzpalau aldiz erreparatuz, edo Himalayako eguraldi iragarpena kontsultatuz. Egileak liburuaren sarrerako aipu batean dioen bezala, “irauten badakigu, bizitzea ahazten zaigu”.

Orduak pasa ahala Asier hurrunago sentituko du Anek, eta Karlos Ramirez doktorea gertuago. “Bizitza zer da, ba, zulo batetik irten eta beste batean sartu ibiltzea baino, leizerik leizeko bidaia gorabeheratsua; azkenekotik izan ezik, baina beste guztietatik ateratzen gaitun, nola edo hala. “(…) eta zulokako bidaia horretara ohitu egiten da bat (…)” “(…) baina oxigeno falta dagoenean ez dago ohitzerik, ez mendian ezta bizitzan ere”. Ezin aurreratuko dugu, K2-ko ezbehar hau Asierren azken zuloa “edo gailurra” izango ote den edo ez; baina, Anek, zulotik irten beharko du, ziurrenik beste zulo batean sartzeko. Bizitzan bezala, istorio honetan ere amaierak beste hasiera bat dakar. Eta “deus ez bada amaitzen nork bere barruan hala sentitzen duen arte, deus ez da hasten, nork bere barruan hala erabaki arte”. Finean, hori da 2010eko Donostia Hiria Kutxa Saria irabazi duen ipuinaren sakonean kontatu nahi zaigun: amaieratik hasierarako bidea.

Narratzailea bigarren pertsonan zuzentzen zaio protagonistari. Pertsonaia bera izan daiteke narratzaile hori, bere buruarekin bakarrizketan. Gainera, ahots kontalariak hikaz hitz egiten du beti. Hikak ematen dituen aukerak ongi asko baliatu ditu Artolak: lehenengo paragrafoan “dizkin” aditza irakurtzea nahikoa da protagonistaren sexuaz jabetzeko.

Istorioa gaurkotasuneko gai batean testuinguratzeak duen eraginaz gain, egileak kontaketari ematen dion bizitasuna, zehaztasuna eta abiadurak irakurlearengan tentsio sentsazioa lortzen du, baina oxigenoa agortu gabe. Hasi eta buka irakurtzen den horietakoa dugu Deception Island. Laburra, baina emankorra, amaieratik hasierara dagoen bidea bezala.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak