kritiken hemeroteka

8.705 kritika

« | »

Goizuetan bada gizon bat / Patziku Perurena / Alberdania, 2010

Garai bateko koadro obsesiboa Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2010-07-25

Aitortu behar dut ez diedala gehiegi erreparatzen kanten hitzei eta, musikaren aldean, garrantzi gutxi ematen diedala. Horixe gertatzen zait Mikel Laboarekin ere. Kanta klasikoak jotzean, haren gitarraren minimalismoa eta kantaera izan dira beti atentzioa eman didatenak, eta ez hitzek, haien kalitatea ukatzen ez dudan arren. Hala ere, batak ez baitu bestea kentzen, oso interesgarria iruditu zait Patziku Perurenak Donostiako musikariak ezagutarazitako Goizuetan kantaren gertakariei buruz idatziriko liburua. Hogeita bost bat urtez aritu da idazlea kantaren inguruko bilaketa egiten artxibo eta abarretan: protagonistak nor izan daitezkeen, zer egin zuten, non bizi izan ziren… Besteak beste, Berdabio, Trabuko eta honek hildako gizonaren ustezko izen-abizenak ematen ditu, haien bizitzako zenbait pasarte ere aipatzen ditu, eta haien hariari tiraka eraikitzen du liburua. Lehenengo bien kasuan, sinesgarria egin zait kantan azaltzen direnak Joseph de Echagarai eta Juan Fermin de Aguinaga direla, baina ez Tontotxo deitzen omen zuten hildakoaren kasuan. Kasu honetan, idazlea argudio sendorik gabe ibili dela iruditu zait, Trabukok hildakoa Francisco Villanueva izan zela frogatu nahian, baina, frogak eman beharrean, usteak adieraziz bata bestearen atzetik.

Liburua aipatutako hiru gizonen hariari tiraka eraiki duela esan dut, eta hari luzea da erabiltzen duena, artxiboetan bilatutako bestelako datuak ematen baitizkigu liburuan, askok istorio nagusiarekin zeharkako harremana baino ez badute ere, eta oso zeharkakoa batzuetan. Horrenbestez, XVIII. mendeko Euskal Herriko txoko bateko bizimoduaren zehaztasun ugari ematen dizkigu, eta, nork bere inguruko aldaketak eginda, gure aurrekoak nola bizi izan ziren ikasteko aukera ona da eskaintzen diguna.

Dena dela, nire ustez, Perurenak egindako bilaketan bertan dago liburuaren istorio nagusia. Egileak informazio bila egindako bidaietan, Berdabioren eta Trabukoren istorioa zekiten herritarrekin izandako elkarrizketetan, xehetasunik txikiena ere emateko ahaleginean. Izan ere, liburu guztiz obsesiboa da Goizuetan bada gizon bat hau, eta horixe da gehien gustatu zaidana, orrialdez orrialde ikusi baitezakegu idazleak aztertutako gaiarekin duen obsesioak mugarik ez duela. Hogeita bost urteren lanaren ondoren ikasitakoa bakarrik kontatu izan balu, lehendik gaiaren inguruan zeuden kontakizunak baino kontakizun zehatzago bat baino ez genuke izango, baina hori egin beharrean, bilaketaren beraren istorioa eraikitzen du, eta, ematen dituen datu guztiekin (batzuentzat garrantzi gabekoak izango direnak), idazleak berak gaiarekin duen lotura jarraituko dugu liburu osoan zehar. Liburua gehiegizkoa da, eta gehiegizkotasun horretan urrunegi joan dela iruditu zait batzuetan, esate baterako, istorioko protagonistekin ia zerikusirik ez duten pertsona bik amodio kontuengatik duten epaiketako testigu guztiek esandakoa aipatzerakoan.

Liburua koadroa izango balitz, Trabuko eta Berdabio erdian marraztuta egongo lirateke beharbada, baina beste pertsona eta objektu askoren neurri ia berean; eta besteak ere xehetasun handiz marraztuak egongo lirateke, eta begiak protagonistak galduko lituzke batzuetan, han zeudela gogoratu arte. Beraz, istorio nagusia hari moduan hartuta edo, bestelako istorio asko kontatzen ditu liburuak, artxiboetako pasarte luzeak tartean. Liburua ez da egokiena Goizuetan gertatutakoei buruzko istorio azkarra irakurtzeko, baina istorioa abiapuntu gisa hartuta sasoi hartako kontuetan galdu nahi duenak, nik bezainbeste disfrutatuko duela uste dut.

Azken kritikak

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak