« Lirika baltsamikoa | Tentsio betean »
Ipuinak. Antologia bat / Iban Zaldua / Erein, 2010
Poltsiko-liburu aberatsa Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-07-18
Ez da ohikoa bizirik ditugun euskal ipuingileek antologia bat argitaratzea, are gutxiago narrazioek liburuetan ezagutu bazuten lehen argia. Eta are gutxiago, idazlea bere sasoi bete-betean dagoenean sormen lanean. Ipuin osoak-en, antologia honetako batean, umore morbosoz dioen bezala, halako amaiera-itxura eman dezake bildumak, heriotzaren hurbilpenarena alegia. Baina Iban Zalduak, gure ipuingile onen eta oparoenetako batek, ongi ere ongi baimen diezaioke bere buruari inpresio horren arriskuan sartzea. Nago sormen ibilbide luzea agintzen digulakoan txantxa antzeko horren bidez.
Hogeita hamabortz ipuinek osatzen dute antologia, gehi berria den atzeko azalekoa, gehi liburu amaierako dodekalogoa, egilearen poetikaren gida-edo. Idazleak berak egin du galbahe lana, batere fidagarri ez dena, hortaz, haren ipuin onenak direla sinesteko. Erran nahi baita, daudenak daudela, bertze asko ere sar zezakeela antologiaren mailari kalte egin gabe. Baliagarria da bilduma Iban Zalduaren ipuingintza luzean murgilaldi bat egiteko —lehena, dastatze gisa, aurretik ezagutzen ez dutenek; bertze bat, freskagarria, jada ezagutzen dugunok—. Poltsiko-liburu formatuan atera izana egokia izan daiteke udako aisialdiei begira.
Oso efikaza da Zalduaren idazkera. Erretorikan, edergailu bitxietan, digresioetan sartu gabe, estilo “substantiboa” garatzen du, bere dodekalogoko bigarren manatuan agintzen duen bezala. Ematen du, orobat, narrazio bakoitzean, hasieran dagoela eta ez amaieran abiapuntua. Hau da, oso tranpa tipikoa da, batik bat eskarmentu gabeko baina anbizio handiko ipuingileengan, aldez aurretik pentsaturiko amaiera bati egokitzea hasiera, tranpa arriskutsua —idazle batzuek maisuki gainditzen dutena, zer erranik ez—, narrazioaren garapena gehiegi eta artifizialki hertsi dezakeelako eta amaiera biribila izan nahi zuena halako bitxikeria edo ikasbide merke bihurtu. Urrun dago horretatik Zalduaren sen eta eskarmentua. Eguneroko edozein egoera, susmoa, inpresioa, pertsonala edo bertze batengan ikusita, har dezake abiapuntu eta hasiera gisa, zuzen eramaten du irakurlea hortik asmaturiko garapenean barna —garapen errealista edo fantasiazkoa, denetarik duelako Zalduak, baina betiere ageriko itxura edo ohiko inpresioetatik haratagoko alde batera eramaten gaitu—, eta gero, irakurleak berak sorpresa berezirik gabe susmatu izan dezakeen amaiera ireki batean ikusten du bere burua. Sorpresa garapenean dago, ez amaieran; amaiera, halako jolas ireki bat da irakurlearekin, “hor konpon” erranen balio bezala. Bere dodekalogoko zazpigarren manatuari jarraitzen dio kontu honetan.
Lehen pertsonan hitz egiten digute gehienetan narratzaile guztiek —kasu batzuetan ahots anitz sartzeari muzin egin gabe—, eta ezin erran nortasun desberdinetako protagonistak ditugula, psikologiaren aldetik. Gehien-gehienak egilearen alter ego ditugu, inpresio autobiografikoa emateraino ere —horrela berez ez izan arren—, are gehiago ipuin autobiografiko batzuk daudenez. Eszeptizismozko, umore ironiazko —sarkastikozkoak ere bai— begiradek erakusten dizkigute geure eta egilearen bizipenen inguruko gogoetak edo inpresioak. Heraklitoren denboraren ibaiak ureztatzen du eszeptizismo hori, zein itsasora edo zingira garamatzan ez dakigula; horren ironiaren gailurra, dioskunean zer eta etorkizuna ez, iragana dela alda dezakegun kontu bakarra: historialari baten sarkasmo biziro kitzikagarria.
Eta orainean? Idaztea da, antza, gaurkoa adorez bizitzeko indarra ematen diona. Eman biezaio luzaroan!
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi