« Min ugari | Poltsiko-liburu aberatsa »
Gizakiaren minak / Karlos Linazasoro / Erein, 2010
Lirika baltsamikoa Ibon Egaña / Deia, 2010-07-17
Karlos Linazasororen literaturaren eta, bereziki, ipuingintzaren fan izanik, Gizakiaren minak hau irakurtzeari gogoz eta jakinminez ekin diot, bertan bere ohiko narrazioen estilo, tematika eta idazkeratik urrundu eta bestelako bideak urratzen ahalegindu zela iragarri baitzuen egileak berak; absurdua, umorea eta ironia ipuinetan hain maisuki landu dituen idazleak klabe errealistagoan nondik joko ote zuen ikusteko kuriositatez irakurri dut bilduma.
Esan dezadan, baina, “errealista” termino zabalegiaren barruan ez direla eroso kabitzen ipuin guztiak, askotariko kontakizunak jaso ditu-eta tolosarrak. Liburua Lau entropia atalak zabaltzen du, zeinak Marcel Schwoben Bizi alegiazkoak hura gogora ekartzen duen, lau biografia aizun eskaintzen baitzaizkigu, gertakari eta pertsonaia errealak (sarritan artistak: Rimbaud, Verlaine, Duchamp) fikziozkoekin nahasten dituztenak; pertsonaia ezagun eta nagusien atzean, bigarren planoan geratu diren istorio eta pertsonaien bilduma laburra osatu du egileak, estilo entziklopediko eta hotzez kontatuak.
Piramidea eta Z.-E.-ri buruzko txostena ipuinek, berriz, osa lezakete sail beregaina, izan ere, lotuago daude orain arteko Linazasororen ipuingintzaren koordenada nagusiekin: Kafka dator nahitaez akordura, absurdoa, Panoptikoa eta totalitarismoaren inguruko hausnarketa; edonola ere, gisa honetako ipuinetan egileak ohi dituen umorea eta ironia faltan sumatu ditut eta inkongruentziaren bat soberan, irudikatu nahi den sistema itxia erabat sinesgarri egitea oztopatu didatenak.
Gainerako ipuinak sail bakarrean biltzea agian ez da bidezkoegia, baina badira guztietan konstanteak diren osagaiak. Izenburuak iragartzen duen bezala, bizitzaren eta gizakien alderdirik ilunenak dira kontakizunen ardatz: gerra (Mundu Gerrak, kontzentrazio esparruak, Gerra Zibila), heriotza, oinazea, bortxakeria. Gizakiaren minak irudikatzerakoan, muturreko egoerak eta pertsonaiak eraikitzera jo du egileak: alkoholikoak, kartzelaratuak, prostitutak, kontzentrazio-esparruetara eramandako juduak… Kontakizunak bezala pertsonaiak estereotipatuegiak eta bortxatuegiak iruditu zaizkit maiz, bizitzaren garraztasuna eta diskurtso etsitua modu ebidenteegian planteatuko balitz bezala, dramatikotasuna muturrera eramanda (“Badakizu zer naizen? Badakizu? Alkoholika bat!”). Itzuleraren gaia da, halaber, ipuin askoren konstantea, urte asko igaro ostean elkartzen diren pertsonaien artean zabaldutako amildegia arakatzen dutenak.
Ez da berria Linazasororenean bizitzaren aurreko jarrera etsitua, baina aurreko bildumetan umoreak, ironiak egiten zion kontrapisu-lana minari; Gizakiaren minak honetan, ez da haren arrastorik. Maitasun idealizatu eta sublimatua (hildako maiteari, urrunekoari edo, oro har, eskuraezina denari zuzendua) ageri da egoneza samurtzen duen ukendu gisa. Eta, maitasun eta xamurtasun horrekin batera, idazkeraren lirikotasuna. Hein batean, liburu honetan Linazasoro ipuingileak eta Linazasoro poetak bat egin dutela esango nuke, edo Linazasoro poetaren lirikotasunez mintzo dela narratzailea, maiz haur literaturako lanetan (Etzi-n, esaterako) egin izan duen bezala. Lirika, hitzaren edertasuna, dira ipuin askotan baltsamu, baina, niri neuri behintzat, betegarria egin zait, gehiegizkoa eta erretorikoegia, narrazio zenbaiten lirikotasuna; arnasa hartzeko distantzia-bideak bota ditut faltan, nahiz Gret ipuinean, esaterako, ongi uztartzen diren ahots poetikoa eta kontakizuna.
Estimatzekoa da egileak bestelako bideak aurkitzeko egindako ahalegina, beti liburu “berdina” idaztea ekidin nahian agian, baina ez dut uste emaitza egilearen ohiko ipuingintzaren mailan dagoenik.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro