« Kartzelako literaturaz | Gasolindegian erretzen »
Ospitalekoak / Mikel Antza / Susa, 2010
Errealitate mingots isilduaren lekuko Mikel Asurmendi / Irunero, 2010-06
Mikel Albisu Iriarte Fresnesko espetxean dago eta Mikel Antza idazlea ere bai. Albisu preso dago eta Antza libreagoa nonbait. Nobelako protagonista Mikel da. Fikziozko pertsonaia da. Mikelek inoren antza badu, Antzarena du.
Lehenik eta behin, esan dezadan, liburua egungo sistema politiko demokratiko zapaltzailearen eta ankerraren salaketa dela, sistema ondo mozorrotuaren biluztea. Espetxea lantegi, eskola, kaserna eta ospitaleen parean jarri ditu egileak. Idazleak sarreran paratutako Michel Foucault-en aipuak gaztigatzen digunez.
Nobelaren hasieran (22. o.) kritika zorrotza dago: “Mintzaldi arranditsuen atzean ezkutatzen den traizioa detektatzeko trebatu ninduten 70eko hamarkada amaierako ustezko abertzaleek eta ustezko ezkertiarrek”. Lehen ataletan Mikelek bizi —izan— duen egoerari buruzko autokritika egiten ote duen nago. Zalantza egiten dut, dena den. Hots “Mikel protagonistaren —eta euskal preso politiko independentistaren bidez— sistemaren aurkako borrokaren autokritika ere ba ote den”, galdetu diot nire buruari.
H.D. Thoreau-ren aipua aintzat hartuz gero, bestelako kritika moduko ere badago: “Oraindik ez zarenean zutitu bizitzeko, alferrikakoa da esertzea idazteko”. “…idazleek liburuetan eskaintzen zizkidaten mundu asmatuak itxuraldatzeari ekin nion” (207. o.) idatzi du Antzak Mikel-en eskutik. Liburuaren gakoetako bat lerro horietan daude nik uste. Ospitalekoak —nobela osatzen duten istorioak— Antzak Mikel elbarriren baitatik umore finez ondutako kontakizunak dira.
Mikel protagonista Antzaren trasuntua da. Raul Zeliken Lagun armatua nobelako protagonistaren irudia baino hobeagoa du honek, noski. Nor egokiagoa bere burua —ondo ezagutuz gero, noski— fikzionatzeko norbera baino? Ez du bere burua bakarrik asmatu, Xabier agirretarra, Dimitri, Veronique edota Christophe pertsonaiak ere sortu ditu, baita ongi gorpuztu eta osatu ere.
Badu nobelak baina bat, bere bikote kide presoari egindako eskaintzan islatzen dena: “Maixoli, berriro ibiltzen hasteko adorea emateagatik”. Mikel Albisu Antza berriz ibiltzen ahal izateko idatzi behar izan duen nobela da. Ez da desegokia horregatik, ezta ez-duina ere. Haizu da. Bizi duen egoerak eskaini dion gaiaren —eta bitartekoen— araberako nobela da. Euskal munduaren —eta munduarena orobat— bilakaerak literaturan izan duen aldaketaren isla da nobela. Duela hogei urte pentsaezina zen horrela idaztea. Eta horrek, literaturaren ikuspuntu aratz batetik juzkaturik, maila apalagoan ipintzen du nobela, nik hala uste, uste apala betiere.
Bestelakoan, Mikel Antzak idazteko berebiziko dohainak dituela iruditu zait. Berriz diot, euskal kausak aktibista bat “galdu” zuen eta idazle bat berreskuratu. Etorkizunean ere, errealitatea fikzio bidez horren modu finez eraikitzeko gogoa opa diot.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi