kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Vikingoen sorterrira / Xabier Mendiguren / Elkar, 2010

Gutxirekin asko edo askorekin gutxi Mikel Ayerbe / Berria, 2010-03-21

Xabier Mendiguren Elizegiren Vikingoen sorterrira lan berriak sei istorio luze eta narrazio labur bat biltzen ditu, ia 300 orrialdetan. Ipuin luzearen aldeko hautua bere aurreko liburuetan ere erakutsi du idazle beasaindarrak, hala nola 2006ko Arima enkoinatuak eta 2008ko Bizitza homeopatikoak lanetan. Nobelara iritsi gabe, ipuin laburraren tradiziotik aldendu eta bestelako giro eta istorioak lantzea ahalbidetzen du ipuingintzako azpigenero horrek.

Vikingoen sorterrira-ko ipuinak muturreko gertaera edo argumentuen bueltan harilkatzen dira: istripuz sei hilabeteko umea autoz harrapatzen duen gizonaren istorioa; amak alabari urte luzez barnean gorderiko ezkutuko maitasun istorioa idazten dionekoa; anai-arreben arteko obsesio eta intzestu harreman korapilatsua; buruz atzeratuak diren bi pertsonaiaren bitartez euskal gatazkaren nolabaiteko alegoria egiten den istorioa… Baina, bereziki, gertakizun zehatzen aurre-atzeak narratzen dira orriotan, azalpen eta iruzkin xeheekin, denbora tarte luzeak zein istorioaren ertz guztiak kontatuz. Ipuinak autonomoak badira ere, askotan errepikatzen diren hainbat elementu daudela ohartuko da irakurlea: fabrika eta lantegiak agertzea, euskal gatazka eta arazo sozialen oihartzunak, familia arteko harreman tirabiratsuak, emakume protagonisten ahotsa gailentzeko joera…

Ipuin guztien artean, Lurmentzean da ezberdinena, laburragoa delako. Narrazio horrek IV. Peru Abarka album lehiaketa irabazi zuen, eta oraingoan, albuma osatzen duen testua biluzik, ilustraziorik gabe eskaintzen du Mendigurenek. Testuak soilik, ordea, albumak Nuria Hernandezen ilustrazioekin lortzen duen esentzia nekez bil dezakeela nabaria da.

Oro har, ipuinen neurria dela eta, kontakizun laburragoek berez sortu beharko luketen tentsioa, giro kondentsatua edo bat-bateko trinkotasunaren indarra Vikingoen sorterrira liburuan bilatu nahi dituenak jai dauka. Beste erritmo edo kadentzia bat nagusitzen da ipuinotan, erruz idatzitako prosa errazaren atzean. Baina nago, hala ere, ipuingintzaren berezko ezaugarri nagusia —ipuin luze, labur edo mikro-ipuinetan berdin— ezabaketaren, kimaketaren eta ekonomiaren bidez iradokitzeko gaitasuna dela. Gutxirekin asko lortzea. Alde horretatik, ipuin askotako errepikapenak, xehetasunak eta bestelako azalpen luze bezain zabalak, niri behintzat, soberan gelditu zaizkit. Ezin adibide guztiak hemen bildu, baina ezaugarri batzuek irakurle eskuzabalenaren mugak ere gaindituko dituztela uste dut: ipuinetako metafora gainkargatuak (moto-bidaia, galeperrak, lantegi gaineko ur-putzua), pasarte batzuetan narratzaileak sartzen eta ipuinarekin zerikusirik ez duten digresioak (“kontakizunaren haritik kanpoko gogoeta zen hori”, 162. orr), edo dena murtxikatua eman eta interpretaziorako zirrikitu guztiak ixteko maniak (ipuinaren atzeko diskurtsoa azaltzea, 97. orr.) nabarmenduko nituzke. Bestalde, pasarte jakinetan (“monologo luze bati ekin zion”, 253. orr) eta bigarren narrazioaren kasuan bereziki, Mendigurenek kontaketa formulekin ez duela asmatu deritzot. Niri behintzat ez zaizkit inolaz ere sinesgarriak egin Arrainen pistina ipuineko narratzailearen aukera, kontaketaren tonua eta erabilitako zenbait adierazpide.

Bestelako txapa beherako batzuk ere aurkitu uste ditu irakurle honek: erakunde armatuaren inguruko kontu zehatzetan edo narratzaile orojakilearen ahotan emakume baten deskribaketan “emetasunaren irudiaren kontrako itxura zeukan” (letra etzana nirea da) irakurtzean ezin izan baitut begirada makurtzea saihestu. Tamalez, liburu honetan gehiegitan gertatu zaidan bezala.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak