kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Euskararen egoerari irizten / Juan Inazio Hartsuaga / Hiria, 2009

Elebidun erdalzaleak eta bertze Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-01-03

Juan Inazio Hartsuagak, bere liburu labur honen sarreran, sano egiten dio trufa bere buruari: “Gaztaroan kristau sutsu izan ondoren geratu zaidan ajeetako bat apostolutzari diodan alergia izanen da nolabait”, adieraziz nola arduratu den gehiago “gogoeta egiteaz gogoetok argitaratzeaz baino”. Nolanahi ere eta zorionez, hausnarketa funtsezko batzuk argira ematera deliberatu da, Euskararen egoerari irizten saiakera honetan.

Seguru baietz, liburuaren atzetik, egon, badaudela luze mamituriko funts teorikoak, irakurketak-eta, baina eguneroko esperientziatik sortu zaizkion kezkak, birplanteatzeko beharrak eta proposamen zenbait azaleratu nahiago izan ditu, lan sistematiko oso bat baino. Iritzigile eskarmentudun gisa, ez teorizatzaile akademiko gisa. Kanpo-lanean dabilenak lortzen duen senak gidaturik.

Labaingarria zaigu ni bezalako literatura iruzkingileoi, edozein saiakeraren aurrean, geure eginbeharra: gure iritziak eman behar, baina zertaz? Saiogilearen iritziei buruz, ala haren lanaren bertzelako balio batzuez, haren arkitekturaz, koherentziaz, bizitasunaz, komunikagarritasunaz, interesaz?… Garbi daukat nik: bigarren hau dagokigu, nahiz eta, segurik, eraginik izanen duen balorazioan saiogilearen iritziekiko geure adostasun edo desadostasun mailak. Hartsuagaren kasu honetan, errazagoa dut auzia. Ez dakidalako haren iritziekin zein neurrian natorren bat, baina bai dakidalako guztiz zentzuduna dela eztabaidagai jartzea egileak eztabaidagai plazaratu duena.

Lantxo ezberdinak bildu ditu Hartsuagak gure gaurko honetan. Lehen erdian, argitarapen honetarako espresuki idatziriko iritziak; bigarrenean, duela bortz urte Jakin aldizkariko “Egunen gurpilean” sailean plazaratu zituen lau artikulu. Gaia, liburuaren izenburuak aditzera ematen duena, hots, soziolinguistika.

Non gauden jakiteko baduela 30 urtetik hona apenas berrikuntza metodologikorik gabe egiten diren inkesta soziolinguistikoak kritikatzen hasten da —eta liburu amaieran, eranskin baten moduan bertze inkesta-eredu bat proposatu—, “euskaldunak eta erdaldunak bezalako” kategoriak islatzen dituzten terminoak ordezkatu beharra adierazten du, haien ordez “erdaldun erdaltzalea, erdaldun euskaltzalea, elebidun erdaltzalea eta elebidun euskaltzalea” hobetsiz. Ezin uka kategorizazio zehatzago horren interesa euskararen egoera soziala neurtzeko orduan, hala erabileran nola atxikimenduari dagokionez, dena delakoa kategorizazio-proposamen berri horrek sor litzakeen emaitzen irakurketa.

Euskararen egoerari buruz hainbat topiko astindu ditu jarraian; bertzeak bertze, “euskaldunek euskara maite dute” —zeinari “gure herriaren euskaltzaletasun eskas eta ideologien menpekotasun aitortza” kontrajartzen dion—, edo “euskara ez da inposatu behar” —“alderantzizkoa esango nuke hain juxtu: Inposaketarik gabe hizkuntzak ezin du iraun”—, edo “euskararen berreskurapenak presarik gabe eta zenbait belaunaldietan zehar burutu beharko da”… Lagintxo bat da Hartsuagaren tonu zirikatzaileaz ohartarazteko irakurleari. Alta, erronka bakoitza jo ondoren, bere berrikuspenen xehetasunetan luzatzen da gehiago, gauzak desdramatizatze aldera baina geure betiko leloetan loak har ez gaitzan. “Zer egin” eta “Euskarari lotzeko balio sorta zaharberritzen” dira bertze bi ataltxo, era positibo eta aberasgarrian irakurtzeko modukoak, betiere “gogoeta ahalegin gehiago egiteko gonbita” gisa.

Iradokitzailea lana, bai horixe, aditu izan behar gabe euskararen sendotze sozialaz interesaturik dagoen edonorengan pertzepzio berriak pizteko.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak