kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

On Casmurro / Machado de Assis (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2009

Maitasunaren sarea Iker Zaldua / Gara, 2009-11-20

Machado De Assis idazle brasildarrak sortutako pertsonaia da On Casmurro. Brasilen eta planetako bazter guztietan errepikatzen den pertsonaia, ereindako fruituaren uzta, azken batean.

Badirudi, On Casmurro argazki-album baten aurrean jarri dela, behinolako oroitzapenak gogora ekartzeko, oroitzapenen harira eta orrialdez orri, albumak bizitza du erakusgai eta gure protagonista hura ebaluatzen ari da.

Kontakizunean interpretaziorako zirkinik ere ez du uzten, gertaeren nolakotasuna kolokan jartzeko desorekarik ez. Irakurleari ari zaio On Casmurro, berez, irudi luke irakurlea alboan duela albumeko orrialdeak behatz artetik irristatzen dituelarik, irakurlearekin solasean, hura limurtzen, konbentzitzeko asmo agerikoz.

Narrazio hori atalka egituratzen du, Bentinho gaztea zenetik On Casmurro izatera arte igarotzen den tartea ezkutatzen da 148 ataletan, eta horietako batzuk gainera irakurleari idatzitakoak dira, gogoeta eginaraztekoak edo finean, baitaratzeko xedez idatziak.

Argazkietan ikusten dena maitasun istorio bat da, maitasunaren sareko korapilotan harrapatutako pertsonaien bizipenak, halakoetan agertu ohi diren osagaiez horniturik, hots, erakarpena, limurketa, musuak (sexu argazki gutxi egiaz, erlijioaren maindireak estaltzen baitu hura), grina, desioa, eta desleialtasuna.

Kontalaria Bentinho zen garaian iristen dira lehen gonbidatuak arestian aipatutako sarera, bere amaren promesa batek apaiz izatera kondenatzen duenean. Bere bizilagun eta jostetako lagun Capitu agertzen da orduan, amaren promesa pikutara bidaltzen duen emakumea izango dena, artean neskatxa dela.

Apaiz izateko jaiotako haurra, beraz, seminarioa ere ezagutu zuena, baina paradoxikoki, hango bidaia apaiz ez ordenatzeko bidaia izan zen berez. Amaren promesak han jasoko ditu lehen urratuak eta Bentinho bereak egiten hasiko da orduan, gehienak betetzeke uzten dituenak, promesak pilatzen, zorrak pilatzen hortaz.

Bentinho Casmurro bihurtzen hasten denean, sotana erabat apurtzen da, amaren promesa hil egiten da eta sarean pertsonaia gehiago korapilatzen dira, gerora, sare handi hori, maitasuna bera, erditik hautsiko dutenak.

Albumaren azken orrialdeetan, istorioa argitzen den heinean istorioa ilun bilakatzen da eta ereindakoa jasotzen du kontalari tristeak. Zorrak kitatzeko garaia iritsi da orduan, bete gabeko promesen zakua gainezka egonik, haiek ordaintzeko abagune gabe egonik, kobratzailea dator, bere lagun mina eta bere bizitzako maitasuna elkarlotzearen ondorioaren aurrean agertzen da kafe kikara bati bueltak ematen, mendekua bilatzen duten hautsez bustita.

XIX. mendean idatzia eta garai horretan girotua, argazkien hondoan erreparatuz gero, orduko Brasilgo gizartea ikus daiteke distiraka, orduko fedea, orduko ohiturak, ametsak eta errealitatea.

Duela bi mende idatzia orain iritsi da euskaraz. Gure literatura orduan Lore Jokoetan zebilen, ordutik hona, haren bultzada lagun, gure literaturak bidea egin du eta gaur, euskaraz literatura sortzeaz gain, beste hizkuntzatan sortutako literatura irakur dezakegu euskaraz. Hona hemen, beste froga bat, Alberdania eta Elkarren eskutik; hona beste froga bat Josu Zabaletaren itzulpenari esker bi mende barru ere, gaur bezala, hor izango dena, nahi duenarentzat.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak