« Naufrago gaixoak | Zaurietatik tinta dario »
Gulliverren lokarriak / Xabi Borda / Elkar, 2009
‘Spleen’ eta ‘ennui’ Beñat Sarasola / Berria, 2009-11-22
Ezagun da Baudelairek spleen hitza bere poesiaren erdigunean kokatu zuela modernitatearekin batera burgesiari etorri zitzaion ezinegon eta melankonia deskribatzeko. Hala, esaterako, Spleen et idéal izena du Les Fleurs du mal-eko lehen atalak, eta Le spleen de Paris izena du hil aurretik idatzi zituen prosazko poemen bildumak. Halaber, spleen-aren alboan kokatu izan zuen maiz ennui delakoa: asperdura, unadura. Bi kontzeptuok poesia eta artearen historia modernoan ibilbide oparoa egin dute.
Xabi Bordaren azken liburuan, Gulliverren lokarriak-en, melankonia eta batez ere, asperduraren zantzu ugari topatuko ditu irakurleak. Aurreko belaunaldi eta garaiei buruzko begirada, hastapeneko atalean nagusiki present dena eta Jon Benitoren Akats kronologikoa poemaren tonua gogorarazi didana, spleen horrekin lotuta dago. Sorta horretakoa da, bidenabar, liburuko poema borobil eta hunkigarrienetakoa: Atzerako zenbaketa. Baina batez ere ennui horretaz mintzo gaitezke ahots poetiko nekatu batek gobernatzen duelako liburua; “egongelako sofara eroritako meteoritoa” dena, alferrikako guduetan barneratzen dena, lokarriz loturik dagoena, insomnioa duena. Ennui-a sarritan kokatu ohi da mundu garaikidearen bereizgarrien artean, eta gaineratu postmodernitateak ekarritako balizko ezegonkortasunarekin erlazionaturik dagoela. Ikusteko dago berritasun hori, posmodernitatearekin loturik joan ohi diren beste berritasun askoren antzera, halakoa denetz, baina, edonola ere, garbi dago Bordak bizipen hori ederki islatu duela bere lan berrian.
Konparaziorekin jarraitzearren, esango nuke Baudelaireren ennui-a eta Bordarena -barkatuko al dit azpeitiarrak konparazioa- bereizten duena, oroz gain, espazioa dela. Baudelairek poeta hirira eraman zuen, eta bereziki, hiriaren zingoetara, lokatzetan bildutako zikoina gisa irudikatuz (Le Cygne). Bordaren ennui-a ez da kale kantoietan pausatzen etxebizitzetan baino —eta zenbaitetan, areago, ospitaleetan—. Asperdura eta ajea (irakurri Biharamuna) “bizimodu oker batentzat hezurdura garestiegiak diren etxeetan” aurkituko ditugu, eta behialako kaleetako lokatza pisuan barreiatutako hondakin eta objektuetara igarotzen da: egunetako ontziak harraskan, kontserba latak, botila hautsiak, plastikozko edalontziak eta abar. Hari honi jarraituz, pentsa dezakegu modernitatearen espazio paradigmatikoa hiria baldin bazen, akaso postmodernitatearena —edo dena delakoarena— etxe barrua dela —askotan aipatzen diren ezlekuekin batera, esan gabe doa—.
Liburura itzuliaz, aipagarria da, orobat, zientziarekin —matematikak, anatomia, geologia, astronomia— erlazioa duen eremu semantikoaren presentzia batetik, eta itsasoarekin erlazioa duenarena —azken hori bere aurreko poema liburuan topatzen genuena—, bestetik. Izan ere, Bordak berehalako esperientziatik jasotakoak urrun dauden elementu sinbolikoekin metaforikoki lotzeko joera du, eta gisa horretan lotzen ditu arestian aipatu etxebizitzako elementu zehatzak zientziako, itsasoko edo gerrakoekin —batez ere azkeneko atalean— kontzeptuekin. Prozedura honekin irudi aski landu eta burutsuak bilbatzen ditu —seigarren hatza-jostorratza-luma— maiz, nahiz eta zenbaitetan erkaketaren bat nabariegia egin zaidan.
Bigarren liburu honetan, Birika zatiak harekin alderatuz, Bordak poemei jarraitasun narratibo handiagoa ematera eta luzatzera egin duela esango nuke. Erritmoz bikainki landutakoa aleak dira, Igor Estankonak adierazi duen modura, irakurriz entzun egiten diren poemak.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres