kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Alferrikaldua / Thomas Bernhard (Ibon Uribarri) / Alberdania-Elkar, 2009

Bizitza eta hizkuntzaren mugan Beñat Sarasola / Berria, 2009-09-27

Thomas Bernhard-en lan bat euskaratzen den estreinako aldia da Ibon Uribarrik Alferrikaldua (Der Untergeher) itzuli duen honakoa. Jatorrizkoa aintzat hartu gabe itzulpen bati buruz hitz egiten ibiltzea injustu samarra bada ere, uste dut itzulpengintzaren inguruan mintzatzeko aukera berri ederra dela oraingoa. Itzulpengintzak euskal literaturari zenbateko ekarpena egin dion aitortzea topiko bihurtzen ari da dagoeneko, baina ez dago lekuz kanpo beste behin ere langintza honek eman dituen aurrerapausoak azpimarratzea. Izan ere, Bernharden literaturak, beste zenbait autore garaikidek bezalatsu (Samuel Beckett, Jaques Derrida, Helene Cixous…), itzulpengarritasuna —eta komunikazioa oro har— kolokan jartzen ditu bere idazmoldearen bidez. Hitz joko, neologismo eta abarrekin, adierazlea-adierazia bikotearen erlazio klasikoa irauli egiten du, adieraziari lehentasuna kenduz nolabait. Horren ondorioetako bat da, hain zuzen ere, itzulpena, funtsean adieraziekin lan egiten duen heinean, kinka larrian ipintzen duela. Hori dela eta, bereziki aipagarria iruditzen zait liburu hau, euskararen itzulpen arazo espezifikoei erantzuna ematen saiatzeaz gain, itzulpengintzak oro har dituen arazoei aurre egin behar izan baitie Uribarrik, hots, gainontzeko hizkuntzen itzulpenek izan dituzten arazo bertsuei.

Arazo horien adibideetako bat izenburua bera dugu, zeinak literalki, “behera doana” edo “amiltzen ari dena” esan nahi baitu. Ñabardura hori, ezinbestean, galdu egiten da itzulpenean (espainolez El malogrado itzuli da eta ingelesez The Loser), eta galera, esan gabe doa, ez da gutxiesteko modukoa, nobelan “behera joate” edo “amiltze” horren oihartzunak topatu daitezkeelako han-hemenka.

Istorioak, oinarrian, Gleen Gould, Wertheimer eta narratzailearen arteko harremana islatzen du. Piano jotzaileak hirurak, Horowitz irakaslearen Mozarteum-eko eskoletan elkar ezagutu zuten 1953an, eta momentu horretatik aurrera narratzailearen, eta bereziki, Wertheimerren patua erabat eraldatzen da. Goulden maisutasunera ailegatu ezinda, Wertheimer (Gouldek berak Alferrikaldua deitzen dio) apurka amilduz joaten da, piano-jotzaile karrera utzi eta giza zientziak ikasteraino. Goulden heriotza naturalaren ondoren, Wertheimerrek bere buruaz beste egiten du, narratzaileak dioenez, “Goulden heriotza bera ezin zuelako jasan”.

Bernhardek monologo luze batez idatzi zuen nobela, parrafo bakarrean eta etengabeko errepikapenekin (“pentsatu nuen”). Era horretan, giro trinko eta hitsa irudikatzea lortzen du, zeina bat datorren, esan gabe doa, nobelaren testuinguru nihilistarekin nahiz Wertheimerrek bere buruari kalte egiteko duen joerarekin. Halaxe dio narratzaileak momentu batean: “Jaiotzea zorigaitza da, esan zuen [Wertheimerrek], eta bizi garen artean zorigaitz hori luzatzen dugu, heriotzak baino ez du eteten. Horrek ez du esan nahi, ordea, zorigaiztokoak baino ez garenik, gure zorigaitza da zoriontsu izateko baldintza, zorigaitzaren itzulinguruaren bitartez baino ezin gaitezke izan zoriontsu, esan zuen, pentsatu nuen”. Agerikoa den arren, badaezpada ere gaztigatzen dut samurtasuna bilatzen duenarentzat Alferrikaldua ez dela liburu gomendagarriena.

Literatura Unibertsala bildumari leporatzen ahal zaion gauzetako bat da XX. mendeko lanak argitaratzeko joera gehiegizkoa, baina dudarik gabe, Bernhard XX. mendeko bigarren erdiko idazle handienetakoa izanik, bildumako ale berri hau parada ederra da literatura garaikideko gailurretako bat irakurtzeko.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak