kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Traizioak / Iban Zaldua / Erein, 2001

Begi maltzurra Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2002-03-16

Ipuina da ni neuri gehien gustatzen zaidan generoa; txiki-txikitatik lagun izan dudana; gehien biziarazten didana eta barruak nahastarazten. Funtzio horixe da ipuinari eskertzen diodana, eta egite horixe, hain zuzen ere, Iban Zalduari estimatu behar zaiona.

Titulu erakargarria jarri dio Zalduak bere (euskaraz idatzitako) azken ipuin bildumari: Traizioak. Mende honetan pilpilean dugun eta azalpenik eskatzen ez duen substantiboa (eta pluralean, gainera). Baina parentesi artean “eta beste saldukeria batzuk” azpimarratzen du, gurean tradizio gutxiago duen traizioak horrelan den-dena azaltzerik ez balego bezala. Eta halaxe da hein batean. Saldukeria, guretzat narrasagoa dela esan baitaiteke, traizioa baino.

Bost ataletan sailkatu ditu Zalduak bere 40 ipuinak: traizioak errealismoari, iraultzari, memoriari, aberriari eta literaturari.

Ipuin labur-laburrak dira bereak, baina ez inondik ere indarrik gabeak.

Zirrikituetako argia profitatzen

Zalduak eguneroko bizitza du iturri: anekdota xumeak gehienetan. Milan Kunderak La inmortalidad eleberriaren hasieran esaten zuen bezala, pertsonaia nagusiaren beso mugimendua izan zen nahikoa eleberria idazteko. Halaxe Ibanek ere. Egunerokoaren txinpart txikienak harrapatzen ditu. Miniaturaren literatura da berea. Zirrikituetatik sartzen den argi izpia ere profitatu egiten du. Bizitza oso begi kritikoz zurrupatzen du. Eta mundu erreal horretatik, mundu irreal edo fantastiko batera egiten du jauzi.

Inguruko gertakariak beste prisma batetik begiratzen eta epaitzen ditu. Epaiketa hori ironiaren eta sarkasmoaren bidez egiten du, errealitatea desitxuratuz. Eta desitxuratze horixe bilakatzen zaio, hain zuzen ere, literatura. Fantasiak edo irrealismoak salbatzen duela esan liteke, bestela iritzigintzan edo saiakeran eroriko litzaiokeen jarduna.

Egilearen helburua errealitatea iraultzea da. Hankaz gora jartzea. Egiaren bilaketa ludikoa eskaintzea irakurleari. Ez, horratik, egiak esateari utzi gabe. Iban Zalduaren literaturak genero beltzaren ezagutza nabari du, baila historiarena ere.

Idazkera oso zuzena da Zalduarena. Ez da alferreko hitzetan galtzen. Hasiera oso indartsua dute ipuinek, berehala kokatzen dute irakurlea, eta dosi oso kontzentratuetan txertatuta daramate literatura. Horregatik, irakurleak ezin du lerro bat bera galdu, ipuina galdu nahi ez baldin badu.

Ipuinen bukaeran ezusteko batek harrapatuko du irakurlea, eta ezusteko horrek ipuinaren hasierara bultzatuko du, baina ez preseski bigarren irakurketa bat egitera, baizik eta hasieran esandakoarekin azkena uztartzera edo biribildu nahi izatera.

Errealismotik abiatu eta absurdurantz egiten du jauzi Zalduak. Errealitatea eta fikzioa nahasten ditu, irakurleak bien arteko muga non ote dagoen galdetzeraino.

Irakurlea narratzailearekin

Lehen pertsonan daude idatzita ipuin gehienak, intimismoan erortzen ez bada ere. Arrazoi hori dela medio, ipuin bilduma autobiografikoa begitantzen zaio irakurleari; tonu bera mantentzen baitu ipuin guztietan eta darabilen ironia eta maltzurkeria puntua idazle/narratzaileari egozten diolako irakurleak.

Irakurlea istorioaren alde jartzen da, idazleak gonbidatzen duen iraultza egitera, alegia.

Narratzaileak, bere jarduna bukatzen duenean, erreleboa irakurleari pasatzen dio. Bila jartzen du. Eta bere sare magikoan harrapatzen. Narratzailearen so maltzurra nozitzen du irakurleak.

Zaldua idazle konprometitua dela esan liteke, eredu apurtzailea den neurrian; apurketa hori estetiko egiten baita konprometitua, hain zuzen. Hortik bere sakoneko gai gehientsuenak, gizartearen kritika egitera bideratuak: soldaduska, alkohola, drogak… Denari eta izan zitekeenari buruz dihardu gehientsuenetan, kritika soziala bideratuz eta uztarketa oso interesgarri bat eginez literarioki: errealismotik fikziora, daukagunetik izan behar genukeenera.

Ipuin ozenak

Ozenak direla esan daiteke Zalduaren ipuinak. Amaituta gero ere, belarri artean gelditzen diren horietakoak. Irakurleak biribildu behar ditu ipuinok, hausnarrean uzten baitu narratzaileak.

Oso gizatiarra eta gardena da bestalde, bere maltzurkeria agerpen horretan: gizakiaz ari baita azken finean, hau da, gizakiari bere egunerokotasunean gertatzen zaizkion gauzez.

Irakaspen anitz dakar liburuak, eta bi aldiz merezi du: gozatzeko eta ikasteko. Gertaera guztien zergatia aurkitu duela dirudien idazle baten lanaren aurrean baikaude. Gogoa ematen du norbere esperientziak eta errealitatea birpasatzen hasi eta irakurketa berriak egiten hasteko.

Ipuin on asko dauzka Ibanek, Pauso-hotsak sabaian, Materialismo historikoa, Oroimenaz, Itsas pasealekuan edo Bosgarren postaria, besteak beste. Edonondik irakurtzen has liteke irakurlea, baina egileak proposatutako sekuentzia ezin hobea da. Azkenerako utzi, bederen, Aitormena delakoa. Aspaldian irakurri dugun onenetarikoa baita.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak