kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Filosofia apaingelan / Sade / Txalaparta, 2001

Deabruaren ikasliburua Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-03-09

Jauzi handia egin du Txalaparta argitaletxearen Literotura sailak. Orain arte euskal sortzaileen lanak biltzen bazituen, klasiko unibertsal bat dakarkigu oraingoan. Sade, jakina. Haren Filosofia apaingelan heldu da euskal letretara Juan Martin Elexpuru eta Bego Montorioren itzulpenean.

Aipamena merezi du liburuaren aitzinsolasak. Laburra izatea eskatu ohi diogu hitzaurre bati, ona izatea baino gehiago, agian. Ostera, hitzaurre mardula dakar liburu honek, berrogeita hamar bat orrialdekoa. Luzea bezain bikaina, ordea. Bertan, Luis Elberdin sexologoak Sade, haren obra, testuinguru historikoa eta obraren esanahia azaltzen dizkigu argi eta sintetikoki. Obra bere testuinguruan kokatu eta esanahiaz jabetzeko arras lagungarriak dira Elberdinen argibideok, batez ere Saderengana obra honekin lehenengoz hurbildu garenontzat. Halaber, hainbat aurreiritzi oker desegiten dira aitzinsolasean: Sade minarekin eta sufrimenduarekin lotu ohi dugun arren, plazerraren apologistatzat aurkezten digu Elberdinek. Mitoak lausotu duen pertsona eta idazlea erakusten zaigu: gizarte burgesaren errepresioa eta jazarpena jasatzen duen gizona.

Liburua literatura erotiko bezala aurkezten bazaigu ere, pornografikotzat jotzen du hitzaurregileak. Elberdinen arabera, gizarte batean baimendutakoa gainditzen duen obra da pornografikoa eta Sadek, zalantzarik gabe, bere garaiko arau eta tabu guztiak gainditu eta apurtu zituen.

Hezitzaile inmoralak

Filosofia apaingelan edo hezitzaile inmoralak. Andereño gazteen heziketarako solasaldiak da liburuaren izenburu osoa eta zazpi solasaldi edo eszenak osatzen dute. Izan ere, antzerkiaren traza du obrak: ez dago narratzailerik eta pertsonaien arteko elkarrizketa luze eta mamitsuei akotazio laburren bat soilik eransten die idazleak, eszena kokatu eta deskribatzeko. Pertsonaia benetan bitxiak topatuko ditugu apaingelan garatzen diren solasaldietan: Saint-Ange anderea, haren neba Zalduna eta Dolmancé dira protagonista eta hezitzaile (inmoralak). Beren zeregina, solasaldien bidez Eugeni neska gazte burges, aratz eta birgina lizunkeria eta perbertsioaren bideetan galtzea izango da. Horretarako, azalpen luzeez gain praktika ere landuko dute apaingelan bildutako libertinoek.

Sexu eszenen azalpen esplizituek harrituko gaituzte lehenik, gogoan izanik XVIII. mendeko liburua dugula esku artean. Sadek ez du deus ezkutatzekorik eta gorputz atal bakoitzari bere izenez deitzen dio, inolako pudorerik gabe. Hala ere, hau hasiera baino ez da liburuaren neurrigabeko probokazioan.

Deskribatzen diren sexu jardunak dira transgresio horretan hurrengo pausoa. XVIII. mendean, sexu-harremanak ugalketarako soilik onartzen ziren garaian, ugalketa baztertu eta mespretxatzen du idazleak eta oso bestelako zeregina ematen dio sexuari: plazerra da bere helburu bakarra, gozamena. Hala, ugalketara ez daramaten jardunak maite ditu Sadek gehien: masturbazioa, uzki-koitoa, gizonen arteko sexu-harremanak, emakumeen artekoak… Hitzok aipatzea ere bekatu zen garaian jardun horien deskribapen zehatzak ematen zaizkigu liburuan.

Literatura mendeku

Erlijioaren gainekoak dira liburuko orrialderik ederrenetakoak. Askatasun indibidualari mugak besterik jartzen ez zizkion erlijioa baztertzeaz gain, kristautasunaz trufatu eta hura erridikulizatzen du Sadek. Harrigarria da nolako distantzia eta hoztasunez tratatzen duen erlijioa. Hara nola ikusten duen idazle libertinoak Jesukristoren jaiotza: “Mundua salbatzera datorren Jainko hori puta judu baten sabelean agertzen da, txerri-korta batean!”

Ezkontza apurtezina zen gizartean intzestoa defendatzen du, karitatearen aurrean indibidualismoa, prostituzioa, abortoa, intzestua… Gizarte burgesarentzat tabu eta debeku zen guztia aldarrikatzen du Sadek lau haizetara. Ezarritako kode moral osoa baztertu eta bere moral propioa garatzen du liburuan zehar, askatasun indibiduala balio behinena izanik. Hala ere, zenbait aurreiritzi ez ditu gainditzen autoreak eta harremanen ikuspegi aski matxista erakusten du zenbaitetan: “Emakumeak ez dira gizon batentzat eginak: guztiontzat sortu ditu naturak”.

Gizarte arau zorrotzei men ez egiteagatik arratoiz betetako ziegatan usteltzen zen Sade zigortuak irudimena, literatura zuen ihesbide bakar. Ihesbide eta mendeku-bide. Literatur lanen bidez egindako probokazioa, transgresioa eta arau moralen apurketa izango baita gizarteari mendeku hartzeko Saderen modua.

Idatzi eta berrehun urtera, obrak ez du galdu irakurlea asaldatzeko gaitasunik. Orriak pasa ahala liburuaren intentsitatea handituz doa eta Saderen irudimenak eta mendekuak muga guztiak apurtzen ditu, azken ataletan krimenaren eta eromenaren mugetaraino iritsiz. Plazera, nazka, harridura, irribarrea… edozer eragin dezake Filosofia apaingelan obrak irakurlearengan. Oraindik ere abentura bat baita Sade irakurtzea.

Nork esan zuen klasikoak irakurtzea aspergarria dela?

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak