« Poesia ariketak | Nora ez dakizun hori »
Ihes-lerroak / Xabier Altube / Erein, 2009
Zerumuga iheskorrak Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-06-14
Eleberri intimista bat eskaini digu Xabier Altubek aurtengo Donostiako Opera Prima saria jaso duen honetan. Maitasun triangeluar ohiko baten gainean eraikia formalki, baina batere arrunta ez den tratamendu batekin. Bertizean, Aaron, narratzailea, eta bertze bi angeluetan Olatz eta Alice. Lehengaiak ez dira, halere, horrelako triangeluetako ohiko osagai dramatikoak. Aaronek bere bizipenak eta gogoetak kontatzen dizkigu: funtsean, Olatz eta Aliceren poloen erakargarritasunak haren baitan ikusarazten dion giza izaera. Horixe, giza izaera, ezen ez haren nortasuna, haren psike pertsonala…
Intimismoa, poetikotasuna, baina bere baitatik kanpora, bertzeengana jauzi egiten duena: “Ezer ez naiz nire baitan. Ezer ez zara zu ere zure horretan. Irekidura honek batzen gaitu, ihes-lerro honek”. Landa eta hiri paisaiak, itsaso eta lehorrekoak, haien arteko joan-etorriak, errepideak, marrak, beti puntu bat haratago dagoen zerumuga, muga zeharkagarriak…, horrelako elementu finkaezinek, ihes-lerroek, osatzen dute protagonistaren espazioa: limes-espazioa, zeinetik haratagoak taigabe erakartzen gaituen eta honagokoak halako babesa, errutina, erosotasuna ematen digun, eta bien arteko tentsioak biziarazten, definitzen gaituen. Gasteiz eta Pau, gasteiztar Olatz (Aaron bezala) eta Alice frantsesa: etxekoa eta kanpokoa; gurea, hain kuttuna, eta kanpokoa, hain zirraragarria, misteriotsua. Bi hirien artean, bi giza-espazio horien artean, joan-etorriak, muga-zeharkapenak, marren mugikortasuna, Aaronen barneko mundu-kokapena.
Poetikoa eta amodio-istorio baten gainean gauzaturik, baina funtsean nobela filosofiko bat dugu hau. Areago, filosofia-pentsamendu jakin bati jarraikiz, hurbilegitik akaso. Filosofia motarik baldin badago bideak irekitzen dituena mundu poetikoetara jotzeko, Platonen ingurukoak ditugu mendebaldean, eta ekialdeko gehienak. Platonen ildokoa da Eugenio Triasen konstrukzio filosofikoa, ekialdeko kutsu mistiko batekin. Triasek limes-ko izaki gisa definitzen du gizakia, eta limes hori, mugatu baina aldi berean zeharkatzeko deitzen gaituena, bereziki bere Lógica del límite-n aurkezten digu. Mugatik honatago bizi gara, baina mugakide gara eta mugatik haratagokoa ezagutu nahi dugu, mugatik haratago aurkituko dugulakoan Egia, amesten dugun bizimodua.
Limes-ko filosofia, berez, poesiara nahikoa irekia izanen ez balitz, estetika, arte plastikoak eta musikala, etika, erlijioa, pasioa, Mendebalde eta Ekialde arteko muga zeharkagarriak eta ukituak, hermeneutika…, hau da, logos cartesiar hutsetik haratagoko arloak funtsezkoak dira Triasen logikan eta metafisikan. Izan ere, preludio bat eta bi sinfonia dira *Lógica del límite konstrukzioaren ageriko gidak.
Altuberen kasuan, musika baino, pintura dugu erreferentzialagoa, baina, azken finean, Triasen obran bezala, artea, poesia, sen estetiko bat da konstrukzioaren ikusgarritasuna eta gozagarritasuna sortzen dituena. Ez du irakurleak zertan ezagutu Triasen filosofia Altuberen nobelan gustura (ni neu bezain gustura) murgiltzeko: filosofia horren eraginpean obra literario ederrak, hala narratibo nola poetikoak, sor baitaitezke. Baina horrexegatik erran dut gorago “hurbilegitik akaso” jarraitu diola egileak filosofoari. “Hurbilegitik” baino hobe, esplizituegi erran beharko nuke, esplizituegi oroitarazten duelako, ene ustez, Triasek hain berea duen terminologia eta pentsaera. Esplizitutasun hori gabe, ez dut uste nobelak galduko lukeenik maila filosofikorik, bai, aldiz, liraintasunik irabaziko lukeela narrazio aldetik.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi