kritiken hemeroteka

8.773 kritika

« | »

Azken bala / Hasier Larretxea / Point de lunettes, 2008

Biolento baten liburua Igor Estankona / Argia, 2009-06-14

Azken bala gatazka sakon baten isla da. Kanpoko gatazkek sortutako barne-pitzadurak ageri-agerian jarri ditu idazle baztandarrak liburu honetan. Poeta garai konkretu batean ei da poeta, eta Larretxeak hainbat arantzari buruz idazteko beharra sentitu du orain. Ez lehenago, ezta geroago ere, ezpada orain. Eta horrek freskotasun handia eman dio liburuari.

Krisi pertsonal baten zantzuak ageri dira nahinon, eta karga pisutsu hori gainetik kendu ahala irakurleari pasatzen dizkio Larretxeak tristura, dezepzioa eta herra. Poesia humanoa da, poesia lirikoena bezain humanoa, baina halabeharrez idazlearen alde edo kontra lerratuko zara: Larretxeak ez du ia ezertan amore eman. Liburu hau ez da hitzen aterpe bat, euripean eta biluzik irakurri behar da. Eskertzen dira halakoak, poema sano konprometituek adore handia eskatzen dutelako. Seguru gogorra egingo zitzaiola idazleari berari ere “egia” hori azalera ekartzea, kontuan harturik egia ez dela bakarra, eta ez dakartela egunkariek.

Baina gauza bat izan ohi da iluminatuaren adorea eta beste bat eraginkortasuna. Arrakasta edo porrota neurtzea ez da, kasu honetan, batere erraza. Zelan identifikatu azertu lirikoa edo akatsa, hotzean irakurtzen duzunean beroan idatzitakoa?

Larretxea poeta itzela dela ezin uka daiteke. Idazkera elegante eta bortitzarekin mezua helaraztea lortu du: “Erre ezazu autobusa. / Erre, kutxazain automatikoa. / Erre, zaborrontzia. / Erre ezazu auzo guztia. / Herria, hiria. / Basoa.// Su horretan zu erre baino lehen”. Poesiaren exijentziak, ostera, astunak dira ideologien exijentzien aldean. Gezurra egia bezain eder esateko poesiaren gaitasun osoa menperatu behar da, eta horretan Larretxea sinpleegi aritu da maiz, pobreegiak egin zaizkit zenbait azalpen, xehe eta zehatz eta garbi idazteari uko egiten duela ematen du batzuetan: “Egin zenuena / eginen ez bazenuke // Ihart semearekin egonen zinateke / egunero jostatzen”.

Gertatzen ari dena kontatu eta sentitzen dena esan, horiek dira Azken balaren klabeak. Interesatuki askok kontrakoa adierazi duen arren, liburua ez da bakearen aldekoa. Izatekotan, norbere egia intimoaren aldekoa da. Gardena eta biolentoa. Purifikazio oro bezala, literarioki arriskutsua. Hitza hartu du Hasierrek, ordea, jakitun hitza ez dena hustasuna dela, hitza ez dena isiltasuna dela, eta isiltasuna sano kaltegarria dela.

Azken kritikak

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Epilogorik gabe
Elena Sanchez

Maite Lopez Las Heras

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak