kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Bihotzak planto / José Luis Padrón / Olerti Etxea, 2001

Barne paisaietan bihotzari so Oier Guillan / Gara, 2002-03-09

Jose Luis Padron aspaldian dabil hitzetan jostari eta, jakina denez, hitzak bide asko ezagutu ohi ditu bere xedea betetzeko ahaleginean. Padronen kasuan, sariketa ugaritan irakurri ahal izan dira urte luzez euskaraz zein gazteleraz haren testuak, hizkuntza batetik bestera ireki izan ditu hitzaren zeharbideak itzulpenetan, poeta euskaldun gazteen aitzin hitza kalera bultzatzen ibilia da eta musika zein irudiz lagunduta iritsi dira haren zenbait hitz. Oraingoan Bihotzak planto bilduma txikian topatzen ahal dira hitz horien oihartzunak. Contteta Probanzaren zortzi irudi original eta esanguratsuen bidez datoz lagunduta tarteka, hitza jantzi berri bat emanez.

1988. urtean aurkitzen da iraganetik orainerako ibilbidearen lehen geltokia, atalez atal azken urteotako zenbait argitaragabeko testuetan amaiera hartzen duelarik. Bilduma ezberdinetatik lagin txikiak, hitzen artean murgildurik dabilen idazle batengana gerturatzeko aproposak. Urtetik urtera irakurlea ohartzen ahal da Jose Luis Padronen testuetan badagoela garapena, denbora eta bizitzaren joanaldia senti daitekeela bere isla guztiekin. Eta ibilbide horretan erreparatuko dio irakurleak idazlearen nortasunari, urteen harian jasotako kezka eta bilaketa jarraituei.

Izan ere, erreferentzia jarraitu anitz aurki baitaitezke orriotan. Jose Luis Padron tankera guztietako paisaietan murgiltzen da, naturari estuki loturik sarritan, naturaren elementuak euskarri gisa harturik sentimenduentzat. Paisaiak arakatu, ezagutu, oldartu. Paisaietatik gizatasuna erauzi, oharkabean igaro daitezkeen xehetasun gizatiarrak gorde, azkenik paisaiak barnekoak direla ohartzeko.

Jose Luis Padron pentsakor dabil testuotan, bere buruaren bozgorailutik munduari galderak eginez, poesiaren hegaletan barne paisaietan urrunduz… ez gehiegi ordea. Padron kostaldeko itsasaldiaren gisa dabil itsaso infinitu eta hondartzatik egunerokotasunez paseatzen dabiltzan pertsonen artean; barne isiltasun atzemangaitzetik baina pertsona xumeez inguraturik egiten ditu bere gogoetak. Horrela egin dezakete bat testu berean sentipenik handienak eta bizitza xumearen zenbait gauzak. Barneari begira argiro adierazten du “Aitortu behar” olerkian: “Gizona idazten dudanean/ ez naiz basoaz ari/ zuhaitzaz ari naiz”. Bestetik aitona-amonei loturiko oroitzapenetan, feria bateko tiro barraketan, argazki makinarik ez duen japoniarrarengan zein bere inguruko jende xumearengan jarriko du arreta. Javier Muguruzak musikatu duen olerkian adierazten du: “Nik ez diot barrerik egiten/ herrian inor ez denari”. Eta errespetu zein arreta horretatik abiatzen da tankera guztietako loreen larreetan, hitzaren bidez, gizakiaren bila. Eta gizakiak gauza txikietan erortzen aurkitzen ditu, haien borroka propioetan amiltzen. Eta bera gizakia izanik, oharkabean borroka horiek egiten ditu bere, eta bere kezkak, borroka horien oihartzun.

Guztia hitzari zor dion fideltasunaz, izan ere, behin eta berriz erakusten baitu hitza tresna gisa sobera menperatzen duela. Eta baita haren musikaltasuna ere. Orrialdeotan jarraituak dira hitz jokoak eta bereziki errepikapenak zein paralelismoak, hitzen entzungarritasuna handituz eta barne paisaietako ibilbideak lagunduz.

Jose Luis Padron idazlearen euskarazko olerkigintzara bisita gidatua, Zarauzko Olerti Etxearen proiektu honek dakarrena.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak