kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Basilika / Itxaro Borda / Susa, 1984

Kapagorri lehendakari Gorka Bereziartua / Argia, 2009-05-10

Gauza oso inportanteak gertatu ziren 1984ko uztail hartan. Luzea litzateke denen zerrenda, baina ez genuke ahaztu nahi tartean Itxaro Bordak aurreneko nobela idatzi zuela, eta entzun ditugun gauzen erdiak egia badira, bati baino gehiagori kontrako eztarritik joan zitzaiola, ez arrazoi literarioengatik preseski. 25 urte beranduago heldu diogu Basilikari, ikusteko ea oraindik polemikoa izaten jarraitzen duen; jakiteko zergatik bihurtu zen liburu hau Necronomicon txiki bat euskaldun batzuentzat.

Apaindura gehiegirik gabe, euskara informalean, ia kazetari baten estiloan idatzia dago Basilika, eta esan genezake gertakari baten kronika surrealista dela, ala gertakari surrealista baten kronika. Jon Kapagorri eta Elorri Bazterre ditu protagonista: Kapagorrik, Frantziako parlamenturako hautatu duten diputatu gorria bera, Euskal Herriko egoera hobetzeko egitasmo bat du buruan; mirakulu bat behar du horretarako, Lourdesekoaren antzekoa; eta mirakulua gauzatzeko amarru bat, Ama Birjina ikusiko duen neska bat, Elorri Bazterre, alegia.

“Mirakulua” egin eta berehala hasi da diru-iturria: Irulegin, Ama Birjina agertu den lekuan, Basilika eraiki dute; inguruan lau ospitale, hamar hotel, bi kasino, putetxe bat… Nahikoa euskal jendeei lana eta bizia emateko. Gainera, Elorri Bazterre “hil” ondoren —Luzaidera eramango dute ezkutuan Kapagorrik eta lagunek— santu berri bat izango du Euskal Herriak, eta are jende gehiago hurbilduko da Irulegira, tartean Frantziako presidentea eta Aita Santua. Ez dira falta nobelan pertsonaia euskaldun ezagunen agerpenak ere: Luzien Etxezaharreta, Daniel Landart, Manex Pagola…

Dagoeneko igarriko zenuenez, parodia handi bat da Basilika, ironia sulfuriko hutsa, une batzuetan Monty Pythonen Life of Brian filmeko pasarteak gogora ekartzen dituena. Euskal Herri tradizionaleko koadro kostunbristek talka egiten dute marihuanarekin, prostituzioarekin, homosexualitatearekin, mundu garaikidearekin oro har. Kapituluz kapitulu collage haluzinatu bat eraikitzen ikusten dugu Irulegiko Basilikaren inguruan, gag ugari, egoera sinesgaitz asko, barre egiteko eszenak oro har.

Baina akats handia litzateke Bordaren lehen nobela izan zen hau testu irrigarriaren etiketara mugatzea. Barrearen atzean ezkutatzen da kritika zorrotza, gazte batek egina —25 urteren bueltan zebilen idazlea liburua publikatu zenean— bere inguruko gizarte, politika eta kultur eredu oro kolokan jartzeko. Ikuspegi horretatik harrigarria da mende laurden beranduago testuak gordetzen duen freskotasuna. Gauzak asko aldatu ez diren seinale? Kapagorriri bozka eman izan bagenio…

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak