« Zure arimaren truke | Isis and Pandora (elemental Mr. Watson) »
Larrua hotz / Albert Sanchez Piñol (Lander Garro / Zigor Garro) / Txalaparta, 2009
Batiskafoa eta zitaukak Ion Olano / Gara, 2009-05-08
Bai hitz arraroak izenbururako hautatu ditudanak, ez pentsa arreta erakartzeko bakarrik egin dudanik. Egia da, hauta nezakeen beste izenbururen bat iruzkin honentzat: “Bestetasunari beldur”, esate baterako. Baina bistan da, ez dut egin. Batiskafoa ibilgailu urpekari txiki bat da, bereziki, ozeanoan sakonera handietara iristeko diseinatua, hala dio Wikipediak. Bada, urpekoarekin oso lotuta egon arren, ez da batiskaforik azaltzen Albert Sanchez Piñolen (Bartzelona, 1965) La pell freda eleberrian, Lander eta Zigor Garrok euskarara Larrua hotz izenez itzuli dutena. Eleberri horrek, ahoz ahokotik tiraka, egundoko arrakasta izan zuen merkatuan: 2002an lehen aldiz argitaratu zutenetik 25 hizkuntzetara itzuli dute, eta zinemara egokituko dute aurki, Hollywooden. Baina… zer dira “zitaukak”? Egon pixka bat.
Liburuko protagonista (aldi berean narratzaile dena) Atlantikoko uharte galdu batera iritsi da, urtebetez egurats teknikariaren postua betetzeko asmoz. Asmoa, berez, hori baino gehiago da: Irlandan matxinoen alde borrokatu ondoren, bere burua bakartu, ez du besterik nahi. Lehenago esan dudanez, liburuan ez da batiskaforik azaltzen, baina bada pertsonaia bat Batis Caffo deitzen dena. Aurreko egurats teknikaria desagertu zenez geroztik, uharteko biztanle bakarra da. Alegia, protagonistaren bizilagun bakarra, faroan bizi den itsas seinaleen teknikaria. Lehenengo gauean bertan, izaki anfibio bitxi batzuek egurats teknikariaren etxolaren aurka eraso egingo dute, eta ahal bezala defendatuko da bera. Cafforekin faroan babesten saiatuko da, baina hark uko egingo dio, zurrun. Geroago, haien armak elkartu eta munstroengandik faroan babestea adostuko dute. Urpetik datoz munstro bitxi haiek, eta ia gauero saiatzen dira faroan sartzen. Bi gizakiek ia gauero erantzuten diete tiroz, gero eta bortitzago eraso egiten duten munstroei. Halako batean, egurats teknikariak harriduraz deskubrituko du anfibio eme bat bahituta duela Caffok, eta zerbitzari-lanak egiteaz gain, amorantearenak ere betetzen dituela. Apurka-apurka, izaki horienganako interesa piztuko zaio protagonistari, eta anfibioarekin sexu-harremanak izatera iritsiko da (maitasuna, ezin) eta munstroen kantuen sakonean hizkuntza bat dagoela konturatuko da. Alegia, “zitauka” izeneko izaki haiekin komunika daitezkeela, haiekin irtenbide bat bilatzeko. Batis Caffok, ordea, oso bestela pentsatzen eta jokatzen du. Haren usteak oso sakonak dira, ia mugiezinak, hain daude urpean sartuta.
Ezaguna ez denak eragiten duen erakarpen indarra da eleberri hau irakurtzeko motorretako bat. Beldurrezko, alegiazko eta abenturazko eleberriaren moldean dago idatzia, idazkera bizia du eta irakurterraza da (ez da beti laudorio). Badira intereseko erreferentzia batzuk, James George Frazerri eta Miyamoto Musashiri eginikoak, besteak beste. Baina best-seller-aren osagaiak betetzeaz gain, Sanchez Piñolek hausnarketara eraman nahi du irakurlea, gehienbat, bestetasunak eragiten duen beldurrari buruzkora. Izan ere, munstroen kontra borrokatzen diren bi gizakiak ihesi dabiltza, eta ez dute onartzen beren buruari egiten diotela ihes. Hots, tirokatzen ari diren hori ez dela etsaia, beldurra baizik. Finean, desertoreak eta maskotak, bai Batis Caffo eta bai zitaukak gauza bat eta bakarra direla. Eta hala, liburua hasten duen esaldiarekin amaituko dut iruzkina: “Inoiz ez gaude gorroto ditugunengandik aski urrun”.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres