kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Izotzetik izanera / Xabier Soubelet / Elkar, 2008

Hipotesi egile apetatsua Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-03-22

Halako arnasa oteizarra du Xabier Soubelet Xubiltz pertsona polifazetikoaren saiakera-narrazio liburu honek. Oteiza bere intuizioak, imajinazioak eta gogoak euskal izpirituaren erro historiaurrekoen bila jarri zuen, eta berdintsu dihardu Xubiltzek liburu honetan, euskararen, eta are mintzamenaren, jatorriari eta eraikuntzari buruzko hipotesi fantasiatsu bat asmatzen. Saiakera “ez da batere zientifikoa, nahiz eta fonetikan, fonologian eta antropologian elementu batzuk zurkaiztu”, idazlearen beraren hitzetan. Hala, artista baten irudimen beroak eramanik, askotan elkarrekin bateraezinak diren hizkuntzalari, etnologo, folklorezale, euskararen apologistak-eta koktelera batean sartu, astindu eta apetazko zaporeko edabe berri bat asmatu du.

Bi narrazio du liburuak, egilearen hipotesia kontakizun bihurturik: Izotzetik izanera izenburukoa, liburuari titulua eman diona, eta Alizerria, Lewis Carrollen pertsonaiaren eta mintzoei buruzko haren gogoeten oroitzapenak burura ekarri dizkidan titulua duena. Bietan, gramatika unibertsal halako baten eredu natural gisa sortu izan balitz bezala ikusten du euskara, bi aro historikotan. Lehen aroa, azken glaziazioaren amaieran hasia, gizatalde batek Paleolitoko izotzetik bertze bizimodu epelago eta eskaera komunikatibo berrietako batera igaro behar izan zuenetik gaur arte; bigarren aroa, fikziozko gero batekoa, planetaren berokuntzak eta gizakion ahalmen suntsitzaileak ekarriko duen bertze kataklismo klimatologikoaren osteko balizko gero batekoa. Bietan, errotiko klima-aldakuntza banak ekarriko luke mintzamena hizkuntzetan gauzatzeko beharra. Protoeuskara bat, Würm glaziazioaren amaieratik aitzina gure euskara bilakatu dena; eta balizko etorkizuneko euskara berri bat, gainera omen datorkigun katastrofe klimatikoaren ondoren birsortuko dena.

Bi narrazio desberdin, bertzelako pertsonaia eta arkitektura narratiboetakoak, baina estu-estu loturik elkarrekin: lehen pertsonan mintzatzen den protagonista narratzaile berbera dugu bietan, eta bietan ekiten dio egitura berbera, euskararena alegia, duen hizkuntza baten sorrera eta egituratze gramatikalari. Konplexuagoa eta aberatsagoa da, ene ustez, lehen narrazioa, hiru planotan garatzen duena: historiaurrekoa, bere hipotesiak azaltzen dituen irakaslearena, eta tabernetan-eta elukubrazio jolastiak egiten dituen lagun talde parrandazalearena. Hirugarren planoko lagun talde hau idazlearen errealitateko konpainia nobleak, irakurle frankori ezagunak izanen zaizkion izenak mozorrotu gabe, eta hainbat hizkuntzalarik, etnologok, antropologok, artistak-eta, zenduak gehienak, oraindik bizirik bertze batzuk, osatzen dute. Saiakera fantasiatsua den aldetik, badu astun eta aspergarri bihurtzeko arriskua, baina egitura narratibo horrek airoso saihesten du amildegia. Bigarren eleberria linealagoa da, plano bakarrekoa, baita erromantikoagoa ere, baina, ene ustez, gutxiago landua narrazio gisa, presaka garatu nahian ibili izan balitz bezala.

Idazleak irakurleari proposatu dion jolas poetikoaren barnean, iradokitzaileak dira gehienetan hala hitzen sorrera eta etorrerari buruzko asmazioak nola adizkien sorkuntza. Bertzalde, narratzailearen hizkerak, irakurlearentzat ezezagunak diren adizki trinkoez josirik (maiz, adizki arkaiko eta galduak, baina oin-oharretan zer diren azalduak), asmaturiko hizkuntza baten aurrean gaudelako sentsazio eta giro halako bat sortzen du.

Jostailu bitxia Xubiltzena, beren neuronak eta irudimena hegan jartzeko nahiari eutsi nahi dioten irakurleentzat.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak