kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Mundua lo dagoen bitartean / Patxi Zubizarreta / Txalaparta, 2008

Sintonia Ion Olano / Gara, 2009-03-27

Ezer baino lehen, literatura, egokitzea dela esango nuke. Hitzera edo hizkira egokitzea, hitz edo hizki ez den hori. Esan gabe doa, horrek ez du esan nahi egokitzapenak beti egokia (edo desegokia) izan behar duenik. Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) Txalapartarekin argitara eman duen azkena, egokitzapen bikoitza da. Izan ere, antzerki performance (ikuskizun, nahiago bada) baterako gidoia idatzi zuen duela hiru urte, eta dozena erdi emanaldiren eskarmentua jaso ondoren, gidoia egokitu eta liburua osatu du. Eguneko hitzak eta gauekoak bereizten dira Zubizarretaren lan honetan. Arrazoiarenak omen dira egunekoak, eta pasioarenak gaueko hitzak. Egileak berak dio eguneko hitzekin abiatu zuela antzerki proiektua, eta akaso, bidean atxiki zitzaizkiola gauekoak. Nolanahi ere, Mundua lo dagoen bitartean ez da liburua bakarrik, baina liburua ere bada.

Esku artean dugunak sei atal ditu: lau gau, epilogoa, eta gibel-solasa. Antzerkian bezalatsu, ahotsek gidatzen dute kontakizuna, izatez, gaueko irrati saioan gertatzen baita dena. Lau irrati saio, lau gau. Errepikatzen den egitura dute liburuko atalek, irrati saioek bezalatsu: gaueko entzuleen deiak jasotzen ditu Karlos Fisher aurkezleak, eta dei horien artean, kolaboratzaile finkoei tartea ematen die. Hala, arrastorik utzi gabe desagertutako June gaztearen berri ematen digute hiru entzulek: Markos lagunak, Ruben bikotekide ohiak, eta Ursula pisukideak, hurrenez hurren. Hiru lagunek badute Junerekin halako maitasun istorio amaigabeko bat, eta hari nagusi horri tiraka egiten dute aurrera gauek, hots, irrati saioek. Eta tartean, isilunerik gabe, beste dozenaka istorio korapilatzen dira: esate baterako, farozainak erantzungailuan utzitako hausnarketak, Suso de Tororen edota Oliverio Girondoren esaldietatik abiatuta; Juanek zahar-etxetik kontatutako sutondoko ipuinak; zuhaitzekin lotura duten kontu harrigarriak, Ebaren eskutik; Mario kamioizalea, Namaste, Periko, Enma, eta abar, eta abar. Elkarrizketak bainoago, bakarrizketak dira nagusi Zubizarretaren liburuan (bidenabar esan, baita munduan ere). Karlos esatariak eta Chuck Aranbarriren piano melodiek egiten dituzte bakarrizketen arteko zubi-lanak. Piano melodiak marrazki bitxien bidez adierazita daude liburuan; jatorrizko ikuskizunerako, ordea, Joserra Senperena piano-jotzaileak ondu zituen.

Esna eta erne dagoen idazletzat daukat Patxi Zubizarreta. Hala berretsi dit, liburu honen amaierako “Off the record” gibel-solasa irakurri dudanean. Kezka azaldu baino gehiago, baieztapena egiten du: “Irakurle mota batek dagoeneko ez du libururik irakurtzen”. Zubizarretak jakin badaki egun idazten duenak kontuan hartu behar dituela, liburuaz gain, beste euskarriak. Ideia hori bueltaka izango zuen, ziur asko, “ikuskizun literario bat” egiteko enkargua jaso zuenean. “Off the record” testuan idazleak azaltzen du lanean jardun ahala ohartu zela gaueko irrati saioek egitura egokia eskaintzen ziotela “gazteekin sintonia eta harreman zuzena lortzen saiatzeko”. Era berean, egokia iruditu zait Txalaparta argitaletxearen webgunean jarri izana ikuskizuneko gidoia, bideo labur bat, eta bereziki, lau gauetako audioak. Irrati saioetan zehar hainbeste direnez hariak, interferentziak ere sortu zaizkit horietariko batzuetan. Baina sintonia onean irakurri ditut, oro har, gaueko irrati saioak.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak