kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Gaueko hegaldia / Antoine Saint-Exupéry (Koldo Izagirre) / Igela, 2008

Gauezko hegalak Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-02-27

John Irvingen arabera, “idazle halabadakoaren bizitza bere obra baino interesgarriagoa da”. Izkiriatzaileen gainean esandako beste estereotipo bat baino ez da; alegia, idazlaria eguneroko bizitza aspergarriari kateatuta istorio (gutxiago edo gehiago) interesgarriak asmatzen dituen pertsona hasgarria delakoa. Antoine de Saint-Exupéryk hegan egin zuen asperduraren sasi guztien gainetik, eta bi eginkizun handi eta heroiko aukeratu zituen mentura egarria arintzeko: hegazkintza eta idazkuntza.

Saint-Exupéry hegazka grinak zoraturiko menturazale porrokatua baino areago izan zen: prosaz idazten zuen poeta, Frantziako moralista handien iturrietatik edaten zuen humanista, irudimen handiko marrazkilaria, asmatzaile bikaina, lagun atsegina gerran nahiz bake garaian, konde titulua alde batera uzten zuen aristokrata erromantiko pobretua, armadako kapitain gradua saihets utzita eskuadrilako lagunen aurrean 1939an “Saint- Exupéry, pilotua” esanda agertu zen pertsona. Hamabi urterekin joan zen hegazkinez aurreneko aldiz, eta hogeita batekin pilotua zen.

Eskuartean darabilgun lan tamainaz txiki baino esanguraz handi honen omenez, perfume enpresatzar ospetsu batek Vol de Nuit deitu zion egilea hil baino hamaika urte arinago plazaraturiko lurrin bati, besteak beste, liburuak bi urte arinago, 1931n, Femina saria irabazia zuelako (Bernanosek, Rollandek eta beste egile omentsu batzuen antzera). Antoine de Saint-Exupéryk bere esperientziez idazten zuen, baina ez zuen autobiografia hutsa egiten. Narrazioan XX. mendeko beste nobelista handi batek legetxe jokatzen zuen, hau da, Louis Ferdinand Célineren modura; baina narrazio moldean amaitzen zen antzekotasuna, Céline nazien aldezlea ei zen, kolaborazionista eta erabat pesimista; ordea, Antoine de Saint-Exupéry errepublika demokratikoaren aldekoa, nazien aurkaria eta edertasuna nahiz bizipoza gauza txikietan eta bere erraietan ederto topatzen zekien lagun gogaldi ederrekoa. Ez da harritzekoa, beraz, André Gidek Gaueko hegaldia liburuko sarrera idazteko eskaintza beroa egitea Antoineri.

Nahikoa arrunta izaten da beste hizkuntzen, beste kulturen egoeraren espaz izatea, pentsatzea auzokoarena norberarena baino hobea dela. Itzulpengintzan ere ez da harrigarri halakoak gertatzea, auzoko hizkuntzen itzulpenak gureak baino hobeak direlakoan egotea. Baina aztertzen hasiz gero, berehala konturatuko gara ez dela beti hala jazotzen, auzokoek ere badutela txikiengandik zer ikasi. Esku artean dugun lan hau adibide ederra da. Koldo Izagirrek berak Bazka agerkari digitalean azaldu duenez, itzuli ahala, bertatik konturatu zen zatiak falta zirela espainierazko itzulpenetan frantsesezko edizioarekin alderatuta. Eta horrek harroina jartzen digu itzultzailearekin batera itauntzeko: “Zergatik dira zenbait editore handi (Gallimard jatorra tarteko) horren estuak euskarari eskubideak saltzerakoan, eta horren zabalak beraiek (kontratuz) zaindu behar lituzketen egileen eskubide moraletan, hizkuntza nagusituekin? Zergatik ditugu horren estuak tratuan eta horren zabalak obraren duintasunean?”. Ez da, jakina, auzi makala, nahiz eta ulergarriago gerta daitekeen kontuan izanez gero, azken buruan, argitaletxeak enpresak direla, etekinak (edo diru asko ez galtzea) lortzeko sortuak, eta egilearen eskubideak (diruzkoak eta moralak) bigarren edo hirugarren mailako gauzak izaten direla haietako batzuentzat. Eta egoera areagotzen da beste hizkuntzetarako itzulpenei dagokienez, batez ere, zertan esanik ez, handien ustez, itzulpena txikia den hizkuntza batean argitaratu behar duen argitaletxe txiker bati eskubideak saltzea tartean dela.

Igela argitaletxe ederresgarriak eskaintzen digun lan honetan itzultzailearen izena kredituetatik kenduz gero, irakurle bat baino gehiago berehala konturatuko da Koldo Izagirreren eskua hantxe dela, ostenduta, idazle itzultzailearen estiloa, zelan edo halan, bat eginik doala Saint-Exupéryren jatorrizko estiloarekin, eta teorilari batzuek diotenez, jatorrizkoa berridatzi duela, birsortu, hizkuntza hartzaileko irakurleei jatorrizkoak eragindakoaren antzeko kultur zirrara lortzeko. Bestela esanda, zenbateraino izan behar du egia itzultzaileak ikusezina izan behar duelako usteak? Zer da, azken batean, ikusezina ikustea? Nork neurtu ditzake ikusezintasun mailak eta graduak? Nork esan dezake zein itzulpenek lortzen duen ondoen jatorrizkoaren eragin berbera?

Gainera, itzulpenean ere “bihotzez besterik ez da ondo ikusten. Mamia ikusezina da begientzat”.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak