kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Tatuaia bat ene begietan / Txili Lauzirika / Susa, 2008

Errealitatearen behelainozko begiradak Patxi Sarriegi / Deia, 2009-02-24

Gatazka eta maitasuna Txili Lauzirikaren tatuaien azpian usain daitekeena. Poeta lekeitiarrak begirada poetikorako egindako ahaleginak emaitza betea eman du, ideiak azaleratzeaz gain hainbatetan zer hausnartua ere eragiten duela frogatzen baitigu olerkiotan zehar. “Hau da gure herria / milaka kikara hautsien labirintoa / arraildura josien negar malkoa /hau da ene herria / utopiaren deitura ezabatuen odol lohigunea / atzokoz gaur / etorkizun iraganez betetako egutegia…”. (Euskal) Herriaz ari zaigu bertan, baina herriaren deskribapenaz harago gogoeta eragin nahi du poetak. Herriaren gatazkaz, labirintoa dela irudikatzen digu… herriarekiko maitasunaz, negar-gatazkaz mintzo da. Areago, irakurlearekin hizketan egiteko nahia sumatu diogu sorkuntza lanean poetari, irakurlearen inplikazioa bilatzen du ametsen erdian edota bizitzaren behaketa irudimentsuan. Ez da beti solas argia, baditu bere itzalak, errealitatearen begirada gordina beti hain esplizitoa ez denez.

Olerkiok irudi ikuspegiak dira, errealitate printzak, utopiaren parajeetara egindako jauziak sarritan. Bila dabil poeta paperean jositako hitzetan, begiz jotako aurkikuntzak lortzen ditu hitzok idazterakoan. Bigarren irakurketan gehiago gozatzen direnak. “Zaude lasai, ezer ez da amaituko / munduak ez dio bat-batean jiratzeari utziko / egunak ez dira guregatik esnatuko / zaude lasai, ezer ez da betirako / ezta momentu xume bakan eta ezdeus baterako / patriketan kabitzen den zoriona ez da guretzako…”. Badu poetak gizarte gaiei heltzeko grina, baina bizitzak dituen ezusteak eta larridurek sortzen dioten sufrimendutik ihes egin nahi du, azken batean, gizarteak berak bere bidea jarraituko duelakoan, gizabanakoak berea egin dezan!

“Gogoratzea bezain komenigarria da ahaztea” diosku beste batean. Bizipenez betetako gogoetak isurtzen dizkigu etengabe poetak. Halakoxea da liburua. Gogoeta konpartituak luzatzen dizkigu behin eta birritan. Gogoeta helduak askotan. Bere olerkietan barrua husteko nahia sumatzen zaio Lauzirikari. Bere bizipenak, oroitzapenak, desioak, iritziak, ilusioak, atsekabeak… berreskuratu nahi ditu olerkiotan. Azken batean, bizitzari egindako begiratua eta errepasoa dira olerkiok, egileak sentitzen duena ezagutzeko parada. Inkoherentziak barne. “Hainbeste gauza ditut, ezen ez dudan ezer”.

Liburu interesgarria iruditu zaigu. Barne-lasaitasuna desio du poetak, bere unibertsora garamatza olerkiotan. Olerkiok irakurriz mundua arrakalez josita dagoela frogatzen digu egileak. Arriskatzen du idazterakoan Lauzirikak, baina mamuak mamu, kontraesanak kontraesan, bere pentsaeran olerkiok elkarrizketa gonbidapena dira. Horixe eskertu diogu gehien. Halakoxeak, kremailera zaratak, birrindutako etxaldeak, otsail goizeko eguzki, izan zen une bat, distantziatik, itzalak, itxaropena zainetik, haurraren kezkak, egun berri bat etorriko da, bizitzaren hegian, sugeak dantzan… bere ideietan barrena sentiarazten gaitu Lauzirikak, bere ikuspegien erdian. Asmo literarioz burututako lanari atzean dagoen pertsona gailentzen zaio. Olerkiok bere pentsaeraren ikuspegiak edo usainak dira.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak