« Errealitatearen behelainozko begiradak | Atez ate »
Haginetako mina / Askoren artean / Txalaparta, 2008
Idatzi, edozeren gainean Iratxe Esnaola / Gara, 2009-02-27
“Euskal gatazkari buruzko antologia bat”; hau da Mikel Soto hautatzaileak ipuin bilduma honi ipini dion azpititulua, azken mende erdian argitaratu diren eta gatazka era batera edo bestera gaitzat hartu izan duten ipuinen aukeraketa bat egin ostean. Gatazka txikiek gatazka handiarekin duten harremana, hori iruditzen zaio bereizgarri euskal literaturan. Hala esanda galdetzera behartzen gaitu: bereizirik ote doaz handiak eta txikiak? Bat bera eta bakarra ote dira? Argi dagoena da ezberdin litzatekeela azken hamarkadetako euskal jarduna gatazka hori gabe.
Lehen begiratuan halako bilduma egiteak badakar gogo eragozpen bat. Irakurketaren klabea hitzaurretik bertatik eman denez —gatazka da klabea, hain zuzen—, ipuinak norabide bakar horretan irakurtzeko arriskua egon daiteke, bestelako interpretazioak, pertsonalagoak, albo batera geratuz. Aitor dezadan, horrexen beldur banintzen ere, irakurri ahala osotasuna eta beren arteko lotura isila nabaritu diedala ipuinei. Alegia, ez zait antzua iruditu narraziok bata bestearen ondora ekarri izana, eta bestela ere, badu irakurleak jatorrizko argitalpenetara jotzea.
Interesgarriena eta espero izatekoa zena ikuspuntua, testiguen perspektiba, pertsonaia diferenteen ikuspuntuak ugari izatea zen, tonu ezberdinetan, pertsonalean, politikoan, poetikoan eutsiz gaiari. Zuzenean ekintzari lotutako narrazioak badira eta bazterrekoak ere bai. Argitalpen urteen arabera ordenatuak dauden neurrian, nabari daiteke gaia jorratzeko modu diferentea. Norbanakoen sentipenek hartzen dute indar gehiago egungo datara hurreratu ahala, orain urte batzuk gehiago zenean gertakizun-egoera zehatz bat jarraitzera eskainia. Noski, introspekzioa bilatzen zen horietan ere, baina nabarmenagoa da ipuin berriagoetan, zuzenagoa.
Alderantziz, gaiak ez dira hainbeste aldatu urteen joanean. Batzuetan egiazko gertakariak hartu dira oinarrian, Gregorio Ordoñez-en hilketa, esaterako, nahiz eta asmatutakoak gehiago diren. Gai nabarmenenak erbestea, errefuxiatuak, kartzelako bisitak, torturak, tratu txarrak, iheslariak, militanteak izan dira. Askoz gutxiago bizkartzaina behar duten zinegotziak edo ETAk hildakoen familiarrak. Gatazketan alde bi daudela sinestarazi digutenez eta errealitatea hala begiratzen jarrita, motz samar geratzen da, aukeran, bigarren alde horren errepresentazioa.
Erakarmen handiena, duda gabe, pertsonaien zalantzetara heldu direnen lumek sortu didate. Nolako segurtasuna du batek une zehatz batean hartu zuen erabakiaz? Zer presio sozial ditu inguruan, zer datorkio bere kontzientziaren isuritik? Eta hau diot literaturak izakiaren barne-muinetara hurreratzeko duen gaitasuna baliatze aldera. Hala sortu dira pertsonaia interesgarrienak orriotan, pentsakor, ardurati, beldurtiak, baita psikosira heldutakoak ere. Hain zuzen, bildumaren izenburua Haginetako mina da, mina literaturaren eragileetako bat delako. Ez da ahaztu behar, hala ere, barru-arakatzeen ondoan fikziorako oso izan daitezkeela baliagarri gatazkaren inguruan sortu diren bortxazko egoerak, abentura edo intrigarako erabil daitezkeen neurrian. Edozeri barre egiterik baldin badago, edozeren gainean idazterik izango delako.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi