kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Bederatzi ateak / Josu Waliño / Txalaparta, 2008

Atez ate Mikel Ayerbe / Berria, 2009-03-01

Literatura fantastikoaren generoko zenbait elementu zehatzetan oinarrituz osatu du Josu Waliñok Bederatzi ateak ipuin bilduma, kondaira batetik abiatuz misterioa eta beldurra jorratzen dituen narratiba fantastikoa lantzea helburu izanik.

Liburu honen nondik norakoak ulertzeko, sortze prozesuari buruz bi hitz egitea ezinbestekoa da. Waliñok 2007an EHUko Arabako Campuseko Ipuin Fantastiko Laburren lehiaketako sari nagusia irabazi zuen Bederatzi ateak izeneko narrazioarekin. Ipuin horrexek zabaltzen du liburua, orain Lehenengo atea izenarekin, eta, bertan, Galiziako sineskeria-kondaira batean oinarrituriko infernura daramaten bederatzi ateen gaia agertzen da. Saria irabazi ondoren, Waliñok beste zortzi ateak agertuko ziren beste zortzi narrazio idazteko enkargua jaso zuen. Esku artean dugun liburua da horren guztiaren emaitza.

Narrazio guztietan agertuko dira, beraz, infernurako sarbide diren bederatzi ateen sinesmenean oinarritutako kondairaren zantzuak. Eta hori izan da idazleak narrazioak idazterakoan gainditu behar izan duen erronka nagusia, langaia errepikakorra izateak emaitza ere errepikakorra izateko arriskua baitakar. Hori saihesteko, narrazioetan mota guztietako trama bitxiak sortu eta fantasiaren alorreko hainbat estilo nahasi ditu Waliñok: beldur gotikoa jorratzen duten ipuinak; Galiziako mitologiarekin eta hango meiga, mouro, Santa Compaña, akelarre eta abarrekin estuago lotutakoak; egungo internet edo mp3ak agertzen diren suspensezko gertakizunak… Baina nago, idazlearen intentzioetatik harago, hein batean antzeko formula ezkutatzen dela ipuinon garapen narratiboan: misterioa eta beldurra eragiteko gutxieneko girotze zertzelada batzuk (batzuetan besteetan baino lortuago); bat-batean eta ezustean arriskuan aurkituko den protagonista; eta azkenik, ondorio tragikoak izango dituen amaiera.

Bederatzi dira infernuko ateak, eta badirudi liburuko narrazioek ere bederatzi izan behar dutela. Baina amaitzeko, zirkulua ixten duen Zikloa ixten da hamargarren narrazioa biltzen da, berriro ere lehenengo ipuineko hariari tira egin eta pertsonaietako bat garai batean laguna desagertu zen demonioaren elizara itzultzen deneko gertaerak jazotzen dituena. Narrazio honek metafikzioaren atea ere zabaltzen du, ipuineko protagonistak honako hau dioenean: “Horrela osatu dut bederatzi ateen madarikazioa biltzen duen bilduma (…) Baina nire obsesioak, liburua bezala, gertakari batetik abiatzen dira: Xoseren desagerpena”. Izan ere, ipuin bilduma honetan narrazioak banaka funtziona badezakete ere, aipatu dugun infernuko ateen alderdi tematikoak lotzen ditu guztiak, eta hamargarren narrazioa egitura osoari lotura estuagoa emateko saiakera argia da.

Denbora-pasa entretenigarri eta irakurterraza lortzea izan du idazleak xede, eta sarritan, inguratzen gaituen errealitate zurrunetik edo norberaren errutinatik alde egiteko ihesbidea eskaintzean datza literatura fantastikoko obren balio behinena, eta irudimenaren bidez liburuan baizik ez pentsatzeko aukera ematea. Baina irakurleari zalantzarik ez sortzeko, gertaera txikienek ere justifikatuta egon behar dute testuan, eta hainbat ipuinetan inpresioa izan dut, Bigarren atea eta Bederatzigarren atea narrazioetan kasu, gertakariak “besterik gabe” jazotzen direla, irakurlearen bidean zalantza gehiegi pilatuz. Edonola ere, ezin esan handinahikeriaz idatzitako liburua denik Bederatzi ateak, eta, bere heinean, eskaintzen duena ematen duela deritzot, neurri batean gurean gehienbat gazteentzako idatzi izan den generoa helduengana hurbilduz.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak