« Hitzen mekanika magikoa | Maitasunaren babesean, eguneroko kafearekin »
Ulenspiegelen elezaharra / Charles de Coster (Koldo Izagirre) / Alberdania-Elkar, 2007
Ulenspiegelen elezaharra Mikel Garmendia / eizie.org, 2008-04-08
“La légende et les aventures héroiques, joyeuses et glorieuses d’Ulenspiegel et de Lamme Goedzak au pays de Flandres et ailleurs”, horixe dugu Charles de Coster idazle belgikarrak XIX. mendearen erdialdera idatzitako obraren izenburu osoa, Belgikako literaturaren abiapuntutzat hartua izan den obra honena. Izan ere, Charles de Costerrek herriaren oroimenean eta liburu zaharretan sakabanatuta zeuden Thylen inguruko ipuinak lehengaitzat hartu eta XVI. mendera ekarri zituen, Felipe II.aren, Albako dukearen eta Inkisizioaren mende zegoen Flandesera. Hala, horixe izango dugu obra honen argumenturik behinena, alegia, XVI. mendean Herbeherek Espainiako Inperioaren aurka izandako borroka edo, bestela esanda, garai modernoetako lehendabiziko iraultza nazionala. Hasieran halako deskripzio kolorista bezain hunkigarria egiten du inperioaren eta herriaren edo, alde batetik, Carlos Inperatorearen eta Felipe II.aren eta, bestetik, Ulenspiegelen interesen arteko borrokak sortutako egoerarena eta, jarraian, 1565 eta 1585 artean izandako altxamenduak deskribatzen ditu eta Ulenspiegel “Gueux” izenekoen (gobernarien) altxamenduko heroi bihurtzen du. Herri-heroia, heroi mitikoa izango dugu, beraz Ulenspiegel, askatasunaren eta independentziaren ikur, herrikoia eta naturazalea, tolerantziaren, bizitzeko plazeraren, bizitzaren alde eta heriotzaren kontra. Juxtu aurkako aldean gelditzen direlarik Espainiako Inperioaren eta Inkisizioaren heriotza, gorrotoa, despotismoa…
Ulenspiegel ez dugu, beraz de Costerrek asmatutako pertsonaia baina berari zor diogu, ordea, pertsonaiak jasaten duen bilakaera, hasierako pertsonaia pikaro huts-edo izatetik heroi mitiko izaterainokoa. Egileari zor diogu, halaber, Ulenspiegel bilakatzen doan heinean —hutsik uzten duen lekua betetzeko beharbada— Lamme Goedzak pertsonaia sortzea, nolabait ere Ulenspiegel berriaren kontrapuntu izango dena, eta baten batek Kixoteko Santxorekin parekatu duena.
Bost liburutan banatua da obra, luzera gai eta garapenez oso desberdinak eta liburu horietan tartekatzen diren Ulenspiegelen 9 kantuetan ere antzeman diezaiokegu Ulenspiegelen bilakaerari. Laugarren liburuko 22. kapitulua, esaterako, Ulenspiegelen kantu batek osatzen du ia osorik, kantua bera delarik istorioa kontatzen duena.
Zail da benetan obra hau generoari dagokionez sailkatzen, ia denetarik aurkituko baitugu: lirikotasuna, epikotasuna, historia nobelatua, pikareska, kontaera mitikoa… Elkarrekin garatzen zaizkigu obra osoan zehar maila indibiduala eta kolektiboa eta alde horretatik ere egin daiteke irakurketa berezi bat. De Costerrek erabilitako hizkuntza arkaizantea jasotzeko ahalegina ere nabarmentzekoa dugu: doinu propioa, berezia, eman dio K. Izagirrek euskarazko bertsio honi bizkaierazko oinarrizko formak txertatuz, egindako lexiko-aukeraketarengatik (lorios, trionfan, lorail, abrozidu, inperatore, papajaun…) eta erabilitako esamolde, esapide eta itzultzeko modu ondo neurtu eta zainduengatik. Azken aspaldion euskal literaturari egindako ekarpen nagusienetakoa, ezbairik gabe.
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza