kritiken hemeroteka

8.693 kritika

« | »

Zoaz infernura, laztana / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2008

Bikote harreman infernutarrak Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-12-14

Anjel Lertxundiren ibilbide narratibo luze eta oparoan, paraje mota anitz bisita dezake irakurleak, guztietan gozamen literariorako aukera gogoangarriak aurkituz. Gaurko eleberri honetan, bereziki bertze bitan bezala, hala nola Zorion perfektua eta Ihes betea-n, ongi ere ongi frogatu digu egileak gai dela fresko eta sakon, sarkor eta fin, murgiltzeko gaurkotasunez beteriko uretan, are hauetan engaiatu eta bustitzeko ere.

Matxismoaren gainean eraikitako bikote harreman eroak hartu ditu Lertxundik ore gisa bere asmaziorako. Jarrera etiko eta kultural argi batetik, baina sentikortasun handiko bere tresneria narratiborik egokiena erabiliz diskurtso teorikoaren kutsu orotik aldendu nahian. Guztiz lortu duena.

Intrigazko eta eleberri beltz halakoa sortu du, baina genero horietako pertsonaiei eta baliabide tipikoei ihes eginik. Ez dago detektiberik, kasurako. Suspense berezirik ez dagoen bezala, zer gertatu ote den azken finean. Hala eta guztiz ere, hasieratik amaieraraino lortu du irakurle hau harrapatzea narrazioaren martxak, eta ez bakarrik bere estilo literario apartekoarengatik, baita ere nobelaren trama, erritmo, garapen eta narratzaile desberdinen paperarengatik. Rosa dugu protagonista, narratzaileetako bat aldi berean: senarraren matxismoaren biktima eta mendekatzailea dugu, bai eta bere mendekuaren beraren biktima ere. Narratzaileetako bat bihurtu du egileak, eta epailearen aurrean hitzez hitz eginiko aitorpenak, bizitasun handikoak, gertakarien kontakizunaren osagai funtsezkoak dira pasarte askotan. Bertze narratzaile bat, inolaz ere orojakitun ez dena, Rosaren psikologoa da, emakumea hori ere: protagonistaren barne munduan sartzeko eta horretaz hausnartzeko gai; narratzailerik funtsezkoena izanen dugu hau kontakizuna hurbiletik baina aldi berean profesionaltasunak ematen dion distantzia batetik jakinarazteko irakurleari; kontari honek emanen dio tonua nobelari. Eta badago hirugarren narratzaile bat, eleberriaren pertsonaia ez dena, demagun egilea bera dela, kontalari orojakitun tipikoagoaren funtzioan, baina ez horren tipikoa, kontatzen duenak ziur asko auto judizialeko datuak baititu iturri, literarioki landuak betiere; funtsezkoa hirugarren narratzaile hau ere, istorioari hezurdura eta gorpuzkera ematerakoan, irakurleak erraz segitzeko moduan.

Hots handiko erronka bati aurre egiten ausartu da Anjel Lertxundi. Gizonezko bat emakumezko baten larruan sartu, zertaz, eta matxismoak menderaturiko bikote harremanez, noiz, eta gaur egun, pil-pilean daudenean horren inguruko berriak, kalteak, eztabaidak eta ezinegonak! Erranahitsuak dira, zentzu horretan, psikologo kontariaren kezkak, lortuko ote duen ongi adieraztea Rosaren barne mundu hori: egilearen kezka metaliterarioak dira azken finean, erronka horretaz kontziente, narraziotik naturaltasun osoz sortzen den galbahe batetik pasatuak. Jakin-mina du irakurle honek, gizonezkoa berau ere, nola ikusiko duten Lertxundiren lan hau emakumezko irakurleek.

Nire inpresioa ezin hobea da. Errana doan bezala, itxura errebindikatzaile panfletario orotatik ihes eginez, begi bistan jarri digu auzia, bete-betean lortu du Rosaren barne munduan, sufrikario eta pairakortasunean, behar eta asmoetan, ilusio eta frustrazioetan sartzea, sinesgarritasun handia emanez kontakizunari, asmaturiko sistema narratiboaren bidez: protagonistaren aitorpenak, alegia, eta haren gizarte laguntzailearen ahots emakumezkoa, biak ala biak narratzaile bihurtzean.

Zukutsua, zukutsua denez, aurtengo uzta literarioaren fruta hau.

Azken kritikak

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak