« Eguneroko gogoeten islak | Minimalismo poetikoa »
Suzko lilia / Hedoi Etxarte / Susa, 2008
Txinpartak Ion Olano / Gara, 2008-11-28
Erdibituta dator poesia liburua, biren artean hautsita bezala: batetik presentzia (Présence), eta bestetik ausentzia (Absence). Hala banatu du Hedoi Etxartek (Iruñea, 1986) bere lehen emaitza: Suzko lilia. Ez da hostoz hosto eranzten den horietakoa, lili hau. Hitzaurrean Harkaitz Canok ohartarazten duenez, nahita ere ezin daiteke atzeman, gorde, edo erantzi. “Saiatu bestela sugarrari hostoak kentzen”. Ahaztu beraz poesia adeitsua, irakurleari maite-maite egiten diona, eta hasi puskak biltzen, ea zein itxura hartzen duen osatu duzun puzzleak.
Harrapatzea kosta egiten den poesia da Etxartek proposatzen duena. Bereziki nekeza, esanahi hutsaren bila dabilenarentzat. Ematen du goitik behera doazen poema biribilei iskin egin nahi izan diela egileak. Alegia, aurreikusteko moduko gozokia prestatu ordez, nahiago izan duela arriskatu eta zapore arraroa utzi. Liburu hasierako poemetako batek hauxe dio: “Esaldia arraina da / eta hitza ezkata”. Aipu hori jarriko bagenu bildumaren aurrean, esango nuke arraina bezain labainkorra dela poemetako esanahia, eta tartean ezkata (edo su-txinparta) ugari dagoela.
Liburu honen geografia bat egiteko eskatuko baligute, Berlin jarriko genuke erdi-erdian. Dozena bat poematan behintzat agertzen da hiriaren izena, edo hiriko lekuena: Ostkreuz, Hermanstrasse, Tempelhof, Samariterstrasse… Ahots poetikoa ez da inon geratzen bertan goxo. Batetik bestera garraiatzen du irakurlea, berdin aipatzen du Budapest edo Gasteiz, Baiona edo Zisjordania, eta etengabeko mugimendua iradokitzen du horrela. Naturaltasun osoz azaltzen dira poemetan alemanezko hitzak, frantsesezkoak, aipuetan eta testuen barruan, baita arabierazko leku izenak ere (mazmouria, shuafat). Bestalde, poemetan errepikatu egiten dira zenbait irudi: gurutzeak (kristorenak, KKKrenak, “karratutzen diren gurutzeak”), kolore horia (“gamelu horiak”, “bakardade horia”, “gezurra baino karratu horiagorik”), kolore gorria (“duna gorria”, “margo gorria”, “zelatan den gorria”), eta eraztunak (“amua eraztuna da”).
Nabari da Etxartek begiko dituela surrealistak, hala nola hoskidetasunez egindako loturak eta hitz-jokoak. Nolanahi ere, kutsu surrealista duten esaldiek, esango nuke ugaritu ahala indarra galtzen dutela, irakurketa gogaitzera irits daitezkeela. Izan ere, poemek azal berezia ematen dute mamurtzeko, baina batzuetan pista gutxiegi dago testuetan, irakurleak mamia bere kabuz topa dezan. Mamia ez dago derrigorrez esanahian, esan gabe doa. Poesiaz ari garelarik, uste dut ez genukeela kontu horrekin itsutu behar. Hitzen eta esateko moduen indar iradokitzaileak, hala ere, badute garrantzia irakurlearen arretari eusteko garaian, eta nire kasuan, ez ulertzeak ez du beti jakin-mina biztuarazi.
Ordena gramatikalak nahieran erabili ditu Etxartek, jauziak eta hitzen arteko besarkada ezustekoak sartu ditu, arrain eta ezkata anabasaren erdian. Liburuak aurrera egiten duen heinean, poema laburrak ugaritzen dira, eta ene gusturako, indarra galtzen du laburrean. Poemak ixteko garaian, berriz, Etxartek ez du efektismo handirik baliatu, etorri diren bezala utzi ditu suzko liliak, txinpart artean. Kontuak kontu, ahots berezitua antzematen zaio liburu osoan, arriskuzalea eta konplexurik gabea.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro